Hasiera batean bere izena txapela eskuratzeko aukera handienak zeuzkatenen artean aipatzen ez bazen ere, azkenik, Bittor Elizagoien dugu Nafarroako bertsolari txapelduna. Txapela jantzi berri zuela izan ginen berarekin, eta egin zigun finala nahiz txapelketari buruzko azterketa.
ARGIA. Hasteko zorionak zure lehen Nafarroako bertsolari txapela jantzi ondoren. Nola ikusi duzu aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketa oro har?
BITTOR ELIZAGOIEN.Txapelketak nahiko maila polita erakutsi zuen Saran, Elizondon ere nahiko gora ibili zen maila, Burlatan beharbada pixka bat jaitsi zen, eta finala atzetik entzun dut, baina uste dut txapelketa nahiko polita izan dela.
A. Lagundu al du aurten erabili den sistemak?
B.E. Aurten erabili den sistemak, adibidez, bertsolari bati finalerako sarrera eman dio: Amaia Telletxeari. Sarako saioan finaletik kanpo zegoen eta gero Burlatako saioan finalean sartu zen. Sistema ona iruditzen zait.
A. Iparraldekoen bertsoak hobetu puntuatuak izaten ote diren aipatu izan da txapelketan zehar.
B.E. Nik esango nuke hori ez dela horrela. Nire ustez, puntuaketa aldetik ez da horrelako akatsik izan. Batzuetan galtzen ere jakin behar izaten da. Horiek izaten dira saioa bukatu eta momentuko haserreak, baina beharbada hori esaten dutenek gaur ez lukete gauza bera esango.
A. Beraz, ez zatoz bat susmo horiekin.
B.E. Ez. Burlatako saioa entzun nuen eta nahiko ongi izan zen egin zuten sailkapena.
A. Kontuan hartzeko afera al da?
B.E. Uste dut garrantzia kendu egin behar zaiola kontu horri. Gazteak dira hori esaten dutenak, eta Iñigo Olaetxeak azken agurrean kantatu zuena momentuko haserrea izan zela uste dut. Berak saio polita egin zuen kartzelan, eta agian uste zuen zerbait gehiago egin ahal izango zuela. Lehen esan dudan bezala, momentuko haserrea da. Gaur uste dut berak ez lukeela gauza bera esango; eta nik horri garrantzia kendu egingo nioke.
A. Gazte batek hartu al du azkenik Manolo Arozenaren txanda?
B.E. Ez dakit, gaztea sentitzen naiz, baina txapelketa honetan uste dut tarteko bezala nintzela _ez gazte eta ez zahar_, tartean zegoen bakarra nintzela.
A. Zein da zure iritzia epaimahaiak finalean eta txapelketa osoan egin duen lanari buruz?
B.E. Elizondoko saioan oso gustora geratu nintzen bigarrena izan ondoren, eta gaur txapela irabazi dut, orduan oso pozik nago.
A. Pozik zaude ere txapelketan izan dituzuen gaiekin?
B.E. Oso gai politak ibili dira txapelketan. Gaur, adibidez, kartzelako gaia oso polita izan da, baina denak gai sentimentalen esperoan egoten garenez, pixka bat ezustea izan da guretzat; eta agian, alde horretatik, nik eman diot gaiari originaltasun handiena. Hori ez zela gai serioa ikusi dut, eta pixka bat arinetik hartu beharreko gaia zela.
A. Aztertuko al zenuke bertsolari bakoitzaren lana finalean? Hasteko, nola ikusi duzu Manolo Arozena, txapeldun ohia?
B.E. Urduri ikusi dut Manolo. Kartzelan ez dut ikusi, baina hasieran, zortziko txikian adibidez, pixka bat urduri ibili da. Berak eramaten zuen gaur zamarik handiena azken lau urteotan txapelduna izan delako, eta uste dut zamaren eragin handia izan duela.
A. Jesus Arzallus?
B.E. Manoloren antzera, urduri samar, atzetik ez dugu ongi entzuten, baina hamarreko txikiko gaian uste dut berak berez neskaren papera egin behar zuela baina mutilarena egin duela. Urduritasunaren ondorioz egiten dira gauza horiek.
A. Jean Pierre Mendiburu?
B.E. Kartzelan ez dut entzun eta ofizioetan urduri edo azkarregi ibili da, baina bertso politak ere bota ditu.
A. Ernest Alkhat?
B.E. Saio polita egin du. Uste dut berak beti egiten duena egin duela. Nahiko umoretsu eta nahiko ongi ibili da.
A. Mixel Aire «Xalbador II»?
B.E. Xalbadorrek denetarik izan du. Bertso batzuk agian arruntagoak botako zituen, baina bertso on batzuk ere oso politak entzun dizkiot. Adibidez, hamarreko txikian bota duen bigarren bertsoa oso ona iruditu zait.
A. Amaia Telletxea?
B.E. Nahiko poliki ibili da kartzelara bitarte, eta kartzelan ere bertso txukunak botako zituen baina pixka bat urduri zegoela iruditu zait. Dena den, Amaia ere ondo ibili da.
A. Estitxu Arozena?
B.E. Bera izan da indartsuena finalaren hasieran. Zortziko handian oso saio borobila egin du, zortziko txikian ere goran mantendu du, baina hortik aurrera pixka bat jaitsi egin da.
A. Azkenik, nola ikusi duzu zure burua finalean?
B.E. Egindako lanarekin nahiko konforme nago.
A. Zenbaterainoko eragina du Txapelketak? Emaitza onak izaten dituenak plazak egiteko aukera ugari al ditu, eta txarrak izaten dituenak gutxiago?
B.E. Txapelketak bertsolari batzuengan izugarrizko eragina du, bainaadibidez, Manolo Arozena azken lau urteotan lider egon da Nafarroan, eta txapela galtzeak ez du esan nahi jaitsiko denik. Nahiko irekiak dauzka bideak Gipuzkoaldean eta uste dut jendeak oraindik kontuan izango duela.
A. Finaletik kanpo geratu ondoren, urtebete ezer egin gabe pasatuko zuela aipatu zuen duela egun batzuk Xabier Silveirak.
B.E. Burlatan saio kaskarra egin zuen Xabier Silveirak, baina Saran saio polita egin zuen. Dena den, ezin gara egon txapelketaren zilborrera begira. Txapelketa gauza bat da eta bertsolaritza beste bat. Silveirak ere nahi baldin baditu plazak lortu saiatu beharko du eguneroko lanean besteak bezala.
![]() |
|
||||
1478 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa