Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-07 17:02:42
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1993-07-04 -- 1442.zenb

ĞArtistak jenero desberdinak mugarik gabe uztartu behar dituğ

Patxi Sarriegi

argazkia

Nekane Zaldua artistari elkarrizketa
ĞArtistak jenero desberdinak mugarik gabe uztartu behar dituğ
Nekane Zalduak Artista Berrien 35. Lehiaketa irabazi du
Artista Berrien 35. Lehiaketaren irabazle berria dugu Nekane Zaldua zubietarra. Kutxak antolatzen duen lehiaketa honetan beste bi artista berri ere saritu dituzte, hurrenez hurren, Gorka Eizagirre eta Maria Azucena Vieites, bigarren eta hirugarren postuan. Lerro hauetara irabazlearen iritziak ekarri ditugu, eta sariketaz, arteaz, norabide berriez, jenero bereizketaz eta artista berriek dituzten laguntzaz eta hainbat kontutaz ere galdetu diogu.

ARGIA. Benetakoa al da artean egiten den jeneroen arteko bereizketa?

NEKANE ZALDUA. Nik zer egiten dudan askotan galdetzen didate, eta pintura esaten dut; baina zalantza sortzen zait gero eta gehiagotan: ez al da eskultura nik egiten dudana? Nire ustez dagoeneko ez luke sailkapen horrek egon behar. Dena bat da, eta kasu batzuetan agian garbi egon daiteke. Baina, bestela, sistematikoki bereizketa hori eginez artea mugatzen ari garela uste dut.

A. Zein da orduan arteak hartu beharreko norabide berria?

N.Z. Guztiz librea. Artistak buruan daukana ateratzeko ez du inolako mugarik izan behar, sailkapen guztietatik kanpo egon behar du. Bide interdisziplinarra jorratu behar du eta jenero desberdinak mugarik gabe uztartu.

A. Hemengo artea aldaketa batera doala ikusten al duzu orduan?

N.Z. Nire inguruan ildo horretatik doa apurka. Bide tradizionaletik baino, artista gazteak gehiago ikertzera jotzen ari dira, ekarpen berriak bilatzera.

A. Artea adin kontua al da?

N.Z. Artea bizitzeko era bat da, ez du zerikusi zuzenik adinarekin. Hori bai, bakoitzak bere papera jokatzen du. Sorkuntza lanak ez du adinik, baina hori ahalbidetzeko baliabideak (ekonomikoak eta abar) izatea agian bai. Ikasketak bukatu eta gero artista gazteak oso zaila dauka horretara dedikatzea.

A. Artetik bizitzea utopia al da gure artean?

N.Z. Zaila da. Orain Artelekun nago, horretara dedikazio esklusiboaz, eta niretzat hori mauka da. Oraingoz behintzat, ahal dudan arte, horretaz bizi nahi dut, eta sari honen bidez eta bekekin, barruan daukadan guztia atera nahi nuke.

A. Sari honek, beraz, bultzada handia eman dizu.

N.Z. Zalantzarik gabe. Honelako sari gehiago izan beharko lirateke. Orain badirudi artista berriak bultzatzeko antolatuta dauden sariketa berri hauek desagertzekotan direla. Instituzioen politikak badirudi ziurrenera jo nahi duela; nire ustez, penagarria litzateke. Nik, berriz, artista berriak bultzatzeko honelako sariketa gehiagoren beharra ikusten dut, (diru sariak txikiagoak izanda ere) eta ez horrenbeste izena hartua dutenei begira leudekeenak.

A. Diruz ezezik, artistok baduzue beste laguntzaren premiarik?

N.Z. Arteleku bezalako zentro gehiago behar dira. Ez Euskal Herrian bakarrik, estatu osoan ere ez baitago horrelakorik!

A. Emakume izateak zure lanari zerbait berezia damaiola uste duzu?

N.Z. Ez derrigorez, baina uste dut emakumeari gehiago lagundu behar zaiola. Esate baterako, badirudi oraindik eskultoreak gizonezkoek izan behar dutela, emakume eskultoreak ikustea gauza harrigarria balitz bezala!

A. Zure artelanak zeri erantzuten dio oinarrian?

N.Z. Bilakaera oso baten ondorioa da. Ez da bat-batean sortutakoa. Argazkiak beste irudi askorekin erlazionatu ditut. Jolas bat bezala da. Orain saritu duten lan honetan, adibidez, hiru urte pasatu ditut. Momentu honetan, egiten ari naizen obrak ezpain txikiak dira eta forma horietan irudiak bilatzen ari naiz, era guztietakoak, eta alde guztietatik begira daitezkeenak gainera. Ikusleak ere obretan inplikatu behar dira. Ikusleari ez zaio bat-batean informazio guztia eman behar, informazio hori berak bilatu behar du.

A. Hezkuntza mundutik arte munduari eragin dakiokeela uste al duzu?

N.Z. Noski. Eskola orduz kanpoko ekintzetan batez ere, lan askoz handiagoa egin liteke. Baina, azken batean, eta guraso askok hala uste dute, arteak zertarako balio du? Hizkuntzak ikastea edota musika instrumentoak jotzeak sozialki beste balioa dauka, baina haurrek nola pintatzen duten, esate baterako, nori axola zaio?
Patxi Sarriegi
48-49

Gaiez\Kultura\Artea\Pintura\Pintoreak\ZALDUA4
Gaiez\Kultura\Artea\Pintura\Lehiaketak
Pertsonaiaz\ZALDUA4
Egileez\SARRIEGI1\Kultura

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan