Joxe Mari Ostolaza: «Kantaldiek gogoeta guneak izan beharko lirakete»


1992ko abenduaren 06an
Joxe Mari Ostolaza, Eltzegor musika taldeko partaideari elkarrizketa
Disko berria plazaratu du Eltzegor taldeak
Joxe Mari Ostolaza: «Kantaldiek gogoeta guneak izan beharko lirakete»
Argitaratu berri da «Herrialde berdea», Eltzegor taldearen diskoa. Lan honen xehetasunak eta gaur egungo kantagintza nola ikusten duen azaldu dizkigu taldeko partaidea eta sortzaileetarikoa den Joxe Mari Ostolaza "Xalbardin"ek.
ARGIA. Zergatik jarri diozue diskoari "Herrialde berdea" izenburua?
J. M. OSTOLAZA. 1970 edo 1971ean ipuin bat argitaratu eta banatu zen legez kanpo. Iharra eta Xenki ETAko kideek idatzi zuten. Oso polita da ipuina. Goitik behera asmatu zuten egileek idazlan hau egiteko garaian. Ez dakit nola, liburu honen bidez sortu nuen "Herrialde berdea" kantua.
A. Disko hau eta aurrekoa nahiko ezberdinak dira.
J.M.O. 0so ezberdinak. Oinarrian, gainera. «Herrialde berdea» kantuz osatuta dago. Bertan, kantu guztiak, banaka hartuta, gertakizun zehatz eta pertsona konkretuei lotuta daude. Gertakizun ezberdinen inguruan sorturiko kantuek osatzen dute lan hau; eta "Sasitik sasira", kantata bat pentsatzea da. Oso planteamendu ezberdinak dira, eta emaitzak ere oso ezberdinak izan dira.
Nire ustez, Eltzegorrek ez du "sasitik sasira''egingo, eta zalantzan jartzen dut norbaitek egingo ote duen horrelako lan bat, egitura, armonia, eta kontzezpzio aldetik. Abeskatza eta orkestra zuzendari eta beste musikari batzuk ere hori komentatu digute. Eta kantata batean matematikak sortzen dituen arazoak nola soluzionatuta dauden kontutan izan behar da: erritmo desberdinak lotu, beste tonalidade batzuetara eraman... Guzti hori Fernando Unsainek egin zuen. Musikari asko ezagutzen ditut, baina hainbeste musika buruan daukan bera bezalako gutxi.
A. Lan zaila izango zen
J.M.O. Fernandok egin zizkidan musika proposamen batzuk, pare bat ordu egon, dena zehaztu, eta berak josi zuen dena. Melodiak pista batean grabatu, eta goiz batean idatzi nuen testu guztia. Ondoren, ez genuen koma bat ere aldatu. Gaia garbi zegoen eta egitura oso ondo ezagutzen nuen. Fernandoren musikak gauza asko adierazten dizkit batbatean. Bost egunetan bukatu genuen lana. Luzeena ikastea izan zen, armoniak eta beste guztia eginda bait zegoen.
"Herrialde berdea" egiteko garaian, berriz, ez genion gure burutuak egitea planteatu. Kantuak egin eta momentu batean bururatu zitzaidan hauek argitaratzea. Elkarrekin kantatzen genituen baina inork ez zuen plazaratzeko interes handirik. Oso inportantea iruditzen zait lan hau dokumentu gisa argitaratzea. Lotura handiak eta oso biziak daude, eta ez zait batere axola jendearen harrera, eta saltzen den ala ez. Fernando IZ konpainiaren jabea da eta ez dugu inongo arazorik izaten alde horretatik. Baina taldean denak gaude prest dirua jarri behar bada jartzeko. Beste norbaitek oporretan dirua gastatzen duen bezala, nik honetan gastatuko nuke. Azken batean, disko bat bost pertsonaren oporrak dira. Ilusio handiarekin argitaratzen dugu.
"Sasitik sasira" grabatzeko hilabete bat izan genuen, eta Fernando arduratu zen zuzendaritzaz. "Herrialde berdea" grabatzea Joserra Senperenak zuzendu du, eta berarekin lan egitea pozgarria izan da neretzat, nahiz eta Fernandoren falta somatu. Dena den, horrek ez du esan nahi "Sasitik sasira" gehiago maite dudanik.
Badakit azken diskoa gehiago entzungo dela irratietan. Aurrekoa irratian ezin zela jarri esan zidaten, non ebaki eta non jarri jakitea zaila zelako. Orduan, Llachen "Viatge a Itaca" eta «Campanades a morts» ezin da irratian jarri? Badirudi orain kantuek hiru minutukoak izan behar dutela. Horretan ez naiz sartuko, berdin zait, gainera. Badakit disko hau dexente salduko dela, bai Iparraldean, baita Hegoaldean ere. Sekula ez dugu izan arazorik horretan.
A. Zuen kasa aritzen zarete, ohizko zirkuituetatik kanpo.
J.M.O. Hamazazpi urterekin profesionalak izateko aukera oso onak izan genituen. Talde batean aritzen ginen, erdaraz kantatuz eta Mexikora joateko hiru urteko kontratua izan genuen. Borrokarekin topo egin, euskaraz kantatu behar zela eta abar, taldea bertan behera utzi, eta handik pixka batera hasi ginen euskara ikasi eta euskaraz kantatzen. Ez Dok Amairu sortzeke zegoen artean. Garaiko filosofi korronte garrantzitsuenak gizon-emakume berriari buruz ari ziren. Euskal Herri berri bat eraikitzeko ilusioak bultzatu gintuen, eta bultzatzen gaitu orain ere.
Bere garaian egin genuen esfortzu hori. Artista gonbidatu bezala Benidormeko jaialdian parte hartu, Festival del Ebron epaimahaia eta publikoaren sariak lortu, eta Tablado Flamencoaren inaugurazioan Raphaelekin kantatu ondoren, itxarobideak badituzu, eta ikusten duzu hor badaudela aukera batzuk. Serrat, Patxi Andion, Ana Belen, Victor Manuel eta guzti horiekin aritu zen Fernando Unsain. Dena utzi eta oso ondo egin duzula eta egin behar zela sinesten duzu, managerrak gorrotatzen dituzu, ikuskari sindikatua...
Zirkuitoak, "publizitatea da inportanteena"... Guzti hori gorrotatzen nuen, eta estrategikoki pentsatzen nuen herri honek bide bat egin behar bazuen, guzti horrek ez zuela horrela izan behar. Azkenik, honetara etorri da: garrantzitsua da egiten diren gauzei probetxurik handiena ateratzen jakitea. Nik kultura hori ezagutu nuen, gorrotatu nuen, utzi nuen eta nire buruarekin oso pozik nago. Gainera, esan dezaket ez dutela, ez hobeto, ez guk baino gehiago egiten.
Duela 25 urte muntatzen ziren eran antolatzen dira kantaldiak, muntatu behar direlako. Baina, pertsonalki, momentu horretan kantaldia gogoeta gune bat izan behar zela uste nuen, eta bestela ez zitzaidan interesatzen. Une honetan berdin, ez zait interesatzen.
Hemen ezkertiarrak, eskuintiarrak, aurrerakoiak, atzerakoiak, espainolak eta euskaldunak daude. Kantagintzan ere bai. Momentu honetan denok daude ados kantaldia musikarientzat diru iturri eta beste batzuentzat solas biburtzeko. Nik ez dut horretan parte hartuko. Gainera, gure kantuak garestiegiak dira horretan parte hartzeko. Modelo horren aurka dena daukat. Momentu honetan hori da modelo homologatua, baina lehen ere horrela zen. Beste gauza bat da norbaitek negozio bat muntatu nahi duela. Baina ez dezala iraultza aipatu, eta euskararengatik dagoela esan.
Joxi Goikoetxea
55-57


GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakELTZEGOR
PertsonaiazOSTOLAZA1
EgileezGOIKOETXEA7Kultura


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude