Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2009-01-07 17:02:42
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1989-10-22 -- 1264.zenb

B. Artola

Nikolas Xamardo, UPV-EHUko irakaslea:
"Presoen hezkuntz eskubidea politikoki ukatua dago"
Nikolas Xamardo, galego euskalduna, Leioako UPV-EHUko kazetaritza fakultateko doktorea da. Preso aurkitzen diren ikasleei laguntzen dien irakasle taldetako arduradunetariko bat da eta bere hitzetan, "unibertsitate mailan preso politikoei ezartzen zaizkien trabak, politika orokor baten estratejian ulertu behar dira".
ARGIA.ðNola dago orain preso politiko ikasleen egoera?
NIKOLAS XAMARDO.ðUne honetan fakultatez-fakultate inbentario bat egiten ari gara. Kazetaritza fakultatean adibidez egina dugu lan hau eta ia ikasle gehienak galdua dute aurtengo kurtsoa. Batek ikasketak amaitzea lortu du eta beste batzuk bi edo hiru asignatura bakarrik gainditu diztuzte.
A.ðDGIP edo 'Dirección General de Instituciones Penitenciarias'ek ezarri duen politika berriak zein eragin izan du ikasle-irakasleen artean?
N.X.ð Orain arte egoera ez zen ona baina behintzat ikasleekin egoteko aukera bat bazegoen. Postaz komunikazioa mantentzea posible zen baina hartu diren azken neurriekin erabat debekatua dago presoekin egotea, eta gutunekin ere arazoak dituzte. Orain baimenak ematea beraien eskuetan geratzen da, baina ez areudia altatu delako, baizik eta praktikan nahi dutena egiten dutelako. Hau da, bisitak egitea posible zenean genituen arau berdinak mantentzen dira, baina orain ezin ditugu praktikara eraman, eskubidea ukatu egiten zaigu eta punto. Beraz, eskubideak zapalduta geratzen dira, baina ez ikasleen eskubideak bakarrik, irakasleonak ere bai. Kontutan izan behar da unibertsitate politika bat ere tartean dagoela eta 'DGIP'ren dekretoaz gain unibertsitateko arauak ere jokoan daude.
A.ðUnibertsitateko eskubideak ikutuak izan badira, zer egin da instituzio honetatik?
N.X.ðUnibertsitateko politika, hasera batetan Jaxinto Iturberen eskuetan zegoen baina Emilio Barbera errektoreak gizon hau gai ez dela ikusi duenean, baztertu egin du. Honela, Barberak berak konpromezu bat hartu du zerbait behintzat egiteko, lehengo egoerara itzultzeko bederen. Pasa den ekainean unibertsitatean errektorea eta presoen batzordetako arduradunok elkartu ginen arazoaz mintzatzeko. Bestalde irailean unibertsitateko politika birregituratzeko asmotan, HB-EE eta EArekin, hitzegin zuen Barberak. Dirudienez, guk diogunarekin ados daude eta 'DGIP'en injerentziak salatzeko prest agertzen dira, baina ikusi behar gero zer egiten den. Barberak kaleratu behar duen politika berria zertan datzan ikusteko zain gaude, esan, guk diogunarekin bat datozela esaten bait dute denek. Preso eta irakasleen eskubideak jokoan sartzen diren neurrian uniberstitateak zeresanik badaukalako, Barberak aurkeztu behar duen politika berriaren zain gaude UPV-EHUko irakasleak. Gainera anekdota kurioso bat dago; emakume batek Barberari bere aginduaz ez zela fio esan zion eta orduan biek apostu bat egin zuten. Barberak dioenez, afaria berea omen da.
A.ðBaina zergatik ari da ematen eskubideen apurketa hau?
N.X.ðArazoa zabala da eta zentzu honetan hartu behar da. Niretzat guregan jartzen diren neurri hauek beste neurri orokorrekin batera kokatu eta ulertu behar dira. Sakabanaketa politikaren beste alde bat besterik ez da unibertsitate mailan ezartzen den oztopo multzoa. Neurri denek helburu bera dute, presoa isolatzea zentzu guztietan. Kanpoko lotura guztiak apurtzea da helburu. Batez ere ETA eta GRAPOko presoekin, lege aldetik arautua dagoenetik guztiz ezberdina den politika ezartzen dute, eskubide guztiak apurtuz. Lege berezirik ez dagoen neurrian izugarrizko kontradikzioa erakusten dute lege teorikoa eta praktikaren artean. Unibertsitateko araudi-eskubideak, 'DGIP'tik zuzenduriko politikarekin txokean topatu dira. Agian hauteskundeak pasatzean gauzak, berez, bere lekura bueltatuko omen direla esan zigun Barberak. Dirudienez, bere aldetik hitzegina dauka 'DGIP'ko arduradunekin. Baina gu Estrasburgoko epaitegiraino jotzeko prest gaude, hezkuntzarako eskubidea politikoki erabilia izan ez dadin.
B. ARTOLA
20-21


Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\EHU\Ikasleak\Presoak
Pertsonaiaz\XAMARDO1
Egileez\ARTOLA3\Gizartea

A. Gostin/M. Arrieta

Mikel Mindegia aizkolariari elkarrizketa.

MIKEL MINDEGIA
"Txapeldun izatea ez da zaila, bai ordea horri eustea"
Duela 40 urte jaioa, hamar alditan suertatu da Euskadiko aizkol txapelketako garaile, hamaikagarrenari inolaz ere muzin egin gabe. Gazte gaztetatik aizkora besapean izanik, arbola frango moztu izan ditu bizitzan zehar, azkenik kirol bilakaturik, plazaz plaza diharduelarik gaur egun. Plazako zurrunbilo eta iskanbiletatik ate, Zubietako baserriko bakardadean hartu gaitu Mikel Mindegia nafarrak, aizkoraren inguruko gora behera oroz mintzatu zaigularik.
Nola eta noiz hasi zinen aizkoraren munduan?
Oso txikitatik banuen afizio hau, behar bada, nire osabaren eskutik jasoa, hura polito aritzen bait zen aizkoran. Garai haietan, herri hauetan nonahi izaten ziren aizkolariak, Zubietan, Leitzan, Latasan... Ohitura honi jarraiki, anai zaharragoa aizkora aposturan ibiltzen zen negu partean, ni mutil koxkorra izaki ohitura hori neureganatu nuelarik.
Ez al zenuen hasiera batean aizkora lan tresna gisa erabiltzen?
Ez, ni arditan ibiltzen ninizen baserrian. Mendian ibiltzen ginelarik, arbola frango izaten genituen inguruan, aizkora ezinbesteko laguna bilakatzen zelarik. Txikitatik beraz, mendian egiten nituen nire entrenamenduak, zaharragoei aurretik ikusitakoa, nire erara moldatuz.
Non ikasi zenuen bada aizkorarekin ibiltzen?
Txikitatik berezko handia nuen aizkorarekiko. Honezaz gain Latasa aizkolari famatua izan nuen irakasle. Behin harekin ikasten ari nintzela honela esan zidan: 'aizkoran ikasten ari haiz, baina nik baino hobeto egiten duk iadanik'. Erreztasun handia nuen beraz.
Eta txapelketari dagokionez, noiz sartu zinen mundu honetan?
Hamasei urte nituelarik, mutiko gazteei zuzendutako txapelketan lehena egin nuen. Han ohartu nintzen aizkorarako balio nuela, gainontzeko jendeak ere iritzi bera azaldu zuelarik. Horiek lirateke beraz, aizkol munduan emaniko lehen urratsak. Lehen saio honen ostean, 18 urte nituelarik, apostu famatu bat egin genuen herritarren artean. Anaia eta biok, ezkurrako Beheneko baserriko mutikoen aurka aritu ginen Tolosako plaza jendez gainezka zegoen egun batetan.
Zu gaztetan hasitakoa zara. Ba al dago gaur egun aizkoran ari den gazterik?
Egon badira, baina ezberdintasun ugari daude. Lehen aizkora lan tresna gisa erabiltzen zen lantokietan, teknika lehenago hartzen zelarik. Gaur egun ordea, gutxiagotan erabiltzen dute gazteek aizkora eskuetan, honela zaila suertatzen delarik teknika behar den legez hartzea.
Arazo honi, egur eza gehitu behar zaio, lehen mendian nahi adina egur baldin bazegoen ere, arbolak balio handia hartu du gaur egun, honek ezinezkoa bilakatzen duelarik prestaketa aproposa. Dena den badira aizkoiariak, askotan, guk egiten ditugun lanak ikusita, bildurtu eta etsi egiten baldin badute ere. Dena den, laguntza gehiago baleude, aurrera jarraituko lukete askok eta askok.
Zer iritzi duzu, eskolak gauzatzeko Bizkaian eginiko saioaren inguruan?
Bizkaian, hemen baino laguntza gehiago dago (ez da zaila, hemen ez bait dute deus ere ematen), bai gazteentzat bai eta zaharrentzat ere. Dena den zail xamarra ikusten dut 'txapeldun' bat sortzea Bizkaian, berezko gutxi bait dago herrialde honetan. Errezagoa ikusten dut gure zonalde honetatik txapeldunen bat ateratzea.
Zein dira aizkorarako zonalderik onenak?
Zona bakoitzak badu bere estiloa. Gipuzkoan adibidez, aisa egingo dute harrijasotzean edozein baserritan, ohiturak hala agintzen bait du. Nafarroan berriz, orainartean ez da itxurazko harrijasotzailerik izan, nahiz eta orain Perurena eta Saralegi bikainki aritu; horiezaz gain ez dago harrobirik.
Hemen berriz, edozein herritan aritzen dira mutil koxkorrak aizkoran, polito gainera. Laguntzak baleude, aizkolari gehiago aterako liratekeela gauza ziurra da.
Zertan oinarritzen dira ezberdintasun horiek?
Ohituran batipat. Nik adibidez, ez dut inoiz Nafarroan segalaririk ikusi, eta naiz eta segan asko aritua izan, ez gipuzkoarren erara. Gipuzkoan denek dute segan aritzeko berezko hori, guk ez duguna, Gipuzkoako edozein baserritarrek itxura onean egingo dizu bai segan eta bai harrijasotzean, nafarrek ordea aizkorarako iaiotasun handiagoa dugu.
Ez al da garestia aizkoran kirol gisara aritzea?
Bai, hori da arazorik nagusiena. Arestian esan bezala, mendian aritzen ginen entrenamendutan, egurra frango bait zen garai hartan. Gaur egun ordea, entrenamenduetarako egurra erosi beharra dago, urtero dirutza ugari joaten da hortik.
Zaletasunari dagokionez, ez al du honek behera jo?
Hori nolabait ere kirolarien izaerarekin bat doa. Aizkolari gazteek jokatzen ez dutenez, jende gaztea ez da plazara hurbiltzen, txapelketa eta apostuetan betidanik aizkoraren inguruan aritu den jende ikus daitekeelarik. Badirudi gazteek ez dutela gure lana behar bezala baloratzen.
Txapelketaren gaiari atxikituz, berandu xamar hasi zinen txapelak lortzen. Zer dela eta berankortasun hau?
30 urte bitartean ez nuen txapelik lortu. Gaur egun gauza bera gertatzen da, 29-30 urte bitarteko aizkolariak bait dira sasoi onenean daudenak, nahiz eta oraindik ere txapelik ez lortu. Nere iritziz sasoi hori da aizkoran ibiltzeko onena, nahiz eta gaur egungo prestakuntza hobea izan.
Prestakuntza aipatu duzu; nola ikusten duzu gaur egungo prestakuntza? Lehengoa baino hobea?
Gauza orotan gertatu den legez, azkeneko hamabost urte hauetan gauza asko aldatu da; gaur egun ni neu izango naiz aizkolari guztietatik atzeratuena. Nere entrenamendua baserriko lanetan oinarritzen da, honezaz gain mendian buelta bat egiten dudalarik noizean behin. Dena den, txapelketa eta apostuei begira eginiko entrenamenduak dira soilik, ez bait dago gainontzekoetarako entrenatzeko astirik.
Eta txapelketari begira, zein izan da aurtengoan burutu duzun prestakuntza?
Aurten oso gutxi prestatu naiz. Txapelketa goiz xamar izateaz gain, erakusketa ugari izan ditugu udaran zehar. Hau bilakatu delarik entrenamendu nagusia. Honezaz gain, azkenengo hamabost egunetan mendian buelta batzuk egin ditut, baina beti ere denbora askorik gabe. Erakusketak izan dira beraz aurtengo prestaketaren oinarria.
Apostua izan da urteetan zehar herri kirolen funtsa. Nola dago gaur egun arazo hau?
Batzuk ez diote garrantzirik ematen, baina apostuak izan ez balira, gu ez ginateke gaur egungo mailan egongo. Apostu garaiko prestaketa izaten da urteko sasoirik bikainena, aizkolariarentzat mesedegarria suertatzen direlarik. Nik neuk, apostuak izan ez balira, ez nituzke hainbeste entrenamendu egingo, txapela ere eskuratzea zailagoa suertatuko litzateke.
Mundu honen inguruan beti izan dira tirabira frango, zer deritzozu zuk honetaz?
Jendeak behar baino gehiago hitzegiten du. Irabaziz gero ez da inolako arazorik izaten, galduz gero bai ordea komeria frango. Mila pezeta izanik ere, harat honat aritzen da jendea marmarka, nolabait ere berriak zabalduz. Nik ez dut uste 'tranpa' dagoenik, ez bait dago diru askorik ateratzerik; 80.000 duro zikinegatik ez du merezi halakoetan aritzea.
Horrenbesterainokoa da jokatzen den dirua?
Ez da kantitate handirik jokatzen. Gaur egunean zer da milioi bat jokatzea? Huskeria bat da, kotxe txar-txar batek balio du milioi bat. Dirua gainera ez da aizkolariarena izaten soilik, lagun talde batena baizik. Kontuak egiterakoan, nahiz eta irabazle suertatu, ez da diru askorik gelditzen, gastuak handiak bait dira.
Txapela bururatu duzun hamar urte hauetan, zein izan da txapelketarik zailena?
Txapelketak denak izaten dira zailak, partehartzaile ororen aurka aritzen bait zara, bat ez bada bestea prest izango da etsai bilakatzeko. Azken bi urte hauei dagokienez, Larretxea eta Olasagasti izan dira etsairik nagusienak. Dena den, txapeldun behin izatea ez da batere zaila, bai ordea horri eustea. Behin txapeldun izateko nahikoa da egun on bat izatea, mantentzeko ordea, zerbait gehiago behar da.
Gazteen artean ikusten al duzu etorkizunik?
Badira gazteak franko poliki ari direnak, baina jendearen bistan ageri ez direnak. Gaur egun erakusketak antolatzen direnean, lehen mailako aizkolariei egiten zaie soilik lekua, gainontzekoei inolako irtenbiderik ematen ez zaielarik. Gazteen kasuan are nabariago da arazoa, ez bait dute ez erakusketik ez eta inolako txapelketarik. Bidea ez ikusteaz gain, ikaratu ere egiten dira sarritan, guk egiten ditugun lanak bildurtzekoak bait dira askoren ustez.
Datorren urteko txapelketari begira, zein izan daiteke etsairik nagusiena?
Aurten itxaropena zutenak izango dira berriro ere datorren utean etsairik nagusienak. Aurtengoan esperantza handiz ziren bai Larretxea eta bai Olasagasti, prestakuntza ere bikainki eraman zutelarik. Niri dagokidanez, iadanik 40 urte beteak baldin baditut ere, ez dut inolako beherapenik ikusten, ez etxeko lanetan ez eta plazetan. Zoritxarrezkoren bat gertatzen ez baldin bada behintzat, txapelaren bila arituko naiz datorren urtean ere.
Ez al litzateke polita izango txapeldun bezala erretiratzea?
Behar bada polita izango litzateke, baina kirolari bezala onenean egonik ez du atzean geratzea merezi. Gerta daiteke egun txarra gertatzea, baina orain arte ikusi dudanez, egun ona izanez gero, gaizki hartzen ditut gainontzekoak. Beraz prestakuntza egokiena lortzen saiatu beharko dugu, ahal izanez gero datorren urtean ere garaile suertatzeko asmoz.
A. GOSTIN M. ARRIETA
27-30


Gaiez\Kirola\Herri kirol\Aizkolaritz\Aizkolariak
Pertsonaiaz\MINDEGIA1
Egileez\GOSTIN1\Kirola
Egileez\ARRIETA5\Kirola

Frankie Tai

San Francisco-ko Euskal Etxeko Fermin Minaberriri eta Malvina Oihartzabali elkarrizketa.

Ameriketara joan nintzen xentimorik gabe (6)
SAN FRANCISCOKO EUSKAL ETXEA
Orain arte paperetan jarri ditugun istorioak, Idahoko estatuaren hiriburua den Boisen bizitakoak izan dira. Idahorekin batera, Nevada (Elko, Reno eta Las Vegas) eta California dira Iparramerikan euskaldun gehien bilizen duten estatuak. Idaho eta Nevadakoen jatorria Hego Euskal Herria bada, Californiakoa berriz, Ipar Euskal Herria.
Pazifikoko urak bainatzen duen estatu honetan ez da San Franciscokoa bakarra den Euskal Etxea, bai ordea nagusia. Ondorengoa, aipatu kostaldeko hiri abangoardistaren kale aldapatsu eta, horrexegatik, zinematografikoenetako batetan euskal kultura buru belarri sustatzen diharduten Fermin Minaberri eta Malvina Oihartzabalekin izandako hizketaldi luzearen laburpena duzue.
GALDERA.. Californian zaudeten euskaldun gehienak iparraldekoak zarete, zer dela eta?
ERANTZUNA.. Euskal Herriko inmigrazioa uholdeka etorri zen honuntza, eta uholdeka bezalaxe herrika. Hegoaldekoek Idaho eta Nevadara jo zuten bezalaxe, Iparraldekoek Californiara jo zuten. Ezagunak ezaguna dakar. Ni neroni, nahiz aurretik Argentinan ibilia naizen, Ortzaitzen jaioa naiz eta tenore baten mila biztanle izatera iritsi zen herri honetatik, California eta Nevada estatuetan, 60 lagun bagara.
G.- Euskal Etxearen gaiari helduta, berri berria dirudi. Ezer ba al zegoen aurretik?
E.- Lau bat urte daramatza lanean San Franciscoko hegoaldean egin genuen etxeak. Aurretik kluba geneukan, 1960an sortua, baina egoitza finkorik ez genuenez gero, batean eta bestean egin behar izaten genituen bilerak, ekintzak eta zer nahi zela. 1979 bitartean ez paretekiko frontoia bagenuen San Francisco Udalak utzitako lurretan eraikia; baina lurrak udalak behar zituela eta bota behar izan genuen, erran bezala orain dela bederatzi bat urte. Igandetan bertan biziz ziren euskaldunen arteko pilota partiduak antolatzen genituen. Hortaz, kluba izan arren, leku propiorik ez.
G.- Eta modu horretan Euskal Etxea eraiki zenuten?
E.- Ez nahi orduko. Ez pentsa kluba sortu zenetik, 60. urtetik alegia, Euskal Etxea eraikitzeko sasoirik egin ez zenik. Guk dakigula, gutxienez bitan egin ziren bozkak egoitzaren konbenientziaz, eta bitan galdu. Ausardia falta nonbait, eta beti azkenengo orduan proiektua atzera. Bada prozesu luze horretan anekdota bitxirik: orain dela hogei urte San Franciscoko udalak lur publikoak eskaini zizkion euskal klubari hirigunean bertan egoitza egin zezan; orduko arduradunak ausartu ez eta japoniarrek klub bikain asko egin zituzten.
G.- Erdialdi luzea beraz...
E.- Luzea eta nekeza. Egoitzarik gabe ezer antolatzerik ez zegoen eta azkenean bost bat urte direla, gaur dugun eraikuntza dotorea egiteari ekin genion.
G.- Azal iezaiguzu nolakoa den.
E.- Eraikuntza honetan frontoi estali eta handi bat daukagu eta beheko solairuan publiko orokorrari irekita dagoen jatetxea. Atzekaldean dantza taldearentzako gela handia eta aurreneko solairuan bulegoak eta ikasgelak. Ikus dezakezunez, denetarik daukagu.
G.- Xehe ditzagun atal guzti horiek, frontoia aipatu duzu...
E.- Behin eraikuntza berria egiten hasiz gero zenbait urte lehenago galdutako frontoia birreskuratu beharra zegoen. Izan kontutan, Euskal Pilotako Munduko Txapelketan Estatu Batuetako ordezkariak California inguru honetatik ateratzen direla. Hortaz, hauek non entrenatu eta gainontzeko euskaldun guztiak non gure kirola praktikatu konpondu beharra zegoen.
G.- Jatetxea...
E.- Ez naiz ni orain euskaldunok jateko eta edateko dugun zaletasuna deskubritzen hasiko. Biltoki polita jendearekin elkatzeko eta ekonomiari dagokionez urtero Euskal Etxearentzat, errenta dela eta, diru sarrera eskergaitza. Iparraldeko eta Frantziako sukaldaritza da nagusi, eta oraingoz ezin hobeto doa.
G.- Dantzataldearentzako gela?
E.- San Franciscoko Euskal Dantza Taldeak 25 urte daramatza lanean eta gela handi bat paratu genian beraien entsaioak behar bezala egiteko. Elkarrizketa hau egiten ari garen, 89ko uztaila bukaera, Euskal Herriko Goizaldi dantzataldeko neska andoaindar bat ari zaie klaseak ematen dantza taldeko arduradunei. Aipatutako neska hau Estatu Batuetako Euskal Dantza Taldeen Elkargoak ekarri du Iparramerikan barna zenbait ikastarotxo eman ditzan.
G.- Ikasgelak ere aipatu dituzu, zer erakusten duzue?
E.- Euskal Etxetik aparte bada San Franciscon Basque Educational Organitation deitutakoa. Ekintza kulturalak antolatzea duen helburu eta zenbait urtetan euskarazko klaseak batean eta bestean ematen ari izan eta gero, ikasgela batzuk prestatu ditugu.
G.- Nor ari da klaseak ematen?
E.- Gaur egun Euskal Gobernuarekin lotutako akordio baten bidez Joseba gasteiztarra ari da. Beka moduko dirulaguntza dauka eta etorkizunean segida izatea nahi genuke. Hogeitasei ikasle ditu, astean lau bider, eguneko bi orduko txandetan. Hasteko ondo erizten diogu, nahiz bultzada handiagoa eman nahi diogun. Josebaren etorreraren aurretik gutariko batek ematen zituen astean behin, baina bazen garaia lan hori profesionalek egiteko. Eta Josebak txistua jotzen ere badakienez gero bera gure artean dagoen bitartean txistuko klaseak ere antolatu ditugu.
G.- Dantza, euskara, txistua...ekintza ugari. Beste ezer ba al du Kultur Elkarte horrek eskutartean?
E.- Ideiak, horrelakoetan gertatzen denez gero, pila ditugu. Burutzea da ordea zailena. Konparazio batera, badakigu Boiseko PBS telebista kate publikoa harremanetan dagoela ETBrekin azken honek egindako zenbait euskal programa aipatu kate eta hirian emateko. Idahoko hiriburuko esperientzia ondo ateraz gero, zergatik ez San Franciscon gauza bera egin? Zinemaren kasuan, han Donostiako Zinemaldia duzuen bezalaxe guk hemen San Franciscokoa dugu, zergatik ez proiektatu zinemaldi honen barruan euskal zinearen zenbait ekoizpen? Kantagintzaren alorrean, euskal kantariak ekarri nahi ditugu San Franciscora, baina ez euskaldunentzat kantatzea bakarrik baizik eta areto komertzialeta eta bertako guztientzat.
Kultur elkarte honen helburua ekitaldi irekiak egitea da; beraz, kantariren bat ekarriz gero, ez genuke bere ekitaldia Euskal Etxean izatea nahi; alderantziz, hirian bertan eta areto dotore batetan. Beste gai bat ukituz, hor dugu argitaratutako euskal egutegia: Euskal Herriko argazkiak dituen egutegi hirueleduna: euskara, ingelesa eta gaztelera. Ideia falta ez gaudenez, laguntza eta dirua da behar duguna...
Guzti hau, honaino iritsi zaren irakurle maitea, San Franciscon bizi diren euskaldun euskaltzaleen asmoa da. Hemen bizi dugun giro epela eta utzikeria ezagututa, nori ez zaio putzugainetik jauzi egin eta piska bat laguntzeko tentaldia etorriko? Datorren astean jorratuko dugun gaia, "Euskal puntisten gurutzebidea" izango da.
FRANKIE TAI
Martin Minaberriren koordinaziopean orgitaratutako euskal egutegiaren azala.
12-13



Gaiez\Gizartea\Euskal dias
Pertsonaiaz\MINABERRI1
Egileez\TAI1\Gizartea

Xabin Makazaga

Maite Agirre kolektibokoei elkarrizketa.

ANTZOKI ZIRKUITORIK EZEAN PILOTALEKURAKO ANTZESLANA
"Pelotari", frontoiko jokoa gorputzaren jario askea medio
Maite Agirre Kolektiboaren azken lana, "Pelotari", Oteizaren eskultura batean inspiratutako tetralogiaren amaiera da. Barrokismo eta adorno guztiak alde batetara utziz, pilota jokoan baina pilotarik gabe.
Oteizaren kutxa metafisikoarekin hasi eta dagoeneko nahiko dela diote,
"laugarren antzeslana dugu hau eskultura honekin, eta amaitzeko garaia iruditzen zaigu. Pelotari eszenografiaren, kutxaren apurtzea da".
Antzeslanaren bi bertsio egin dituzte, antzokian eta frontoian egiteko, bigarren hau bada ere nagusia,
"ze hemen frontoi piloa dago, eta inolako antzoki zirkuiturik ez dagoenez...".
Frontoi giroa
Entsaiatu ere frontoian egiten dute, eta bertako espazio zabalera ohituta daude jada. Izan ere,
"frontoia zabalagoa da eta ondorioz lana ez da hain teatralizatua, askatasun haundiagoa dugu".
Pelotari-k ez du gidoi idatzirik, baina ezin esan daiteke testurik gabekoa denik. Kolektiboko partaide den Martak zera diosku,
"hitz egiten dugu, baina ez da aurretik prestatutako testua. Imajina lagun batekin jolasten ari zarela frontoian, ba egoera horretan sortzen diren bapateko komentarioak egiten ditugu, aldioro ezberdinak, inprobisazioari aukera emanaz".
Pilotaren jokoa ahalik eta egokien isladatzea dute helburu, eta horretarako ia urte bete eman dute frontoietara joaten, partiduak ikusten eta elkarren artean ere pilotan jokatzen.
"Benetabo jokoan gertatzen dena isladatu nahi genuen eta antzeslanari kutsu errealista eman diogu; aurrera edo atzerako lasterkadak, tantuak, artekeriak, kaleak... pilota joku normalaren eszena mantentzen dugu. Baina oso zaila zaigu, batez ere neskoi, pilotariek erakusten duten indarra agertzea".
Gorputza eta ahotsa
Maite Agirre Kolektiboaren espektakulu guztietan bezala, garrantzi haundia ematen diote gorputza eta ahotsaren erabilpenari. Martak dionez,
"gorputzarekin beti jokatu izan dugu, baina ez gorputz espresio soila egiteko. Testu eta monologo luzeekin lan egin dugu, baina sekula ez irakurriz. Kontatzen duzunak zeure barnetik irten behar du, gorputzetik, naturala izan behar du. Eta hau lantzen ari zarenean, une batean zeure buruak ez du pentsatzen, eta askoz naturalago zara, normalagoa".
Gorputza omen da lehena kolektiboaren lanean,
"ez dantzari edo mimo izateko, ezta postura sineskaitzak hartzeko ere, baizik eta aktore izateko. Honetan ona izateko gorputza landu behar da, borroka horretan sartu, zeren gorputzak ez du gezurrik esaten, eta buruak bai".
Ahotsari ere berebiziko garrantzia ematen diote, musikalitatea lortzeko bide gisa nagusiki.
"Ahotsarekin lan bat egin dugu, greziar koroen modukoa; pilotak horman jotzean egiten duen soinu berezia errepikatuz jokoak egin ditugu, txalapartaren antzerako melodiak sortuz".
Antzeslana egituratua dago oso, garbiki berezitako eszenatan, baina bapateko erantzunekin osatzen dute zati bakoitza, urtetako entsaioek ematen dieten inprobisazio erraztasunaz;
"jokuaren keinuak eta bertan gertatzen dena ez dago aurretik erabakita, saio bakoitzean ezberdin gertatzen da".
Publikoari dagokionez, erantzun hotza zein partehartze osoa jaso dituzte, baina inoiz ez kritika gogorrik,
"normalki errespeto haundia, ze izerditan blai amaitzen dugu eta lana ikusten da. Ulertu ere denek egiten dute, ze nork ez du ikusi pilota partidurik?".
Pilotarik gabekoa ikusi nahi duenak Legazpin izango du aukera urriaren 20an, bertako frontoian, gaueko 11etan.
XABIN MAKAZAGA Argazkia: IÑICO ROYO
16

Gaiez\Kultura\Antzerkia\Taldeak\MAITE AGIRR
Egileez\MAKAZAGA2\Kultura

Gorka Arrese

KONTXU ODRIOZOLA ETA ELENA IRURETAK IDATZITAKO TESTUAZ
"Ama begira zazu" sketch-komeria herri teatro tradizioa zuzpertuz
Lau aktoreren artean Zestoan jokatu dute orain gutxi "Ama begira zazu" obra. Ordu t'erdito komeriari farre algaratan erantzun zion ikuslegoak, eta orduko harrera onak arrakasta handiko antzeskizuna izango dela pentsa erazten du jadanik.
Umore xume eta bizkorra. Umore erraza izan gabe, edozein euskaldunentzat ulerterraza. Eguneroko gertaeretan oinarritua eta zuzena. "Ama begira zazu": sei sketch-ez osatutako ikuskizuna, tartean tarteko beste kontakizun labur batzuk egiten dutela lotura gisa.
Restaurant bateko langileen kontuak, monja eta gotzaiaren arteko hika-mikak, harrijasotzaile baten entrenamendu inposiblea, neskazar parearen etxean atea jotzen duen Jehova lekuko baten bixita, Benidorm-en uda pasan dagoen bikotearen andantzak, eta azkenik, Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat burutu nahian gertatzen zaizkionak. Istorio guztiei atera diete punta Mikel Garmendia, Joxeramon Soroiz, Kontxu Odriozola. eta Elena Irureta aktoreek, Eneko Olasagastiren zuzendaritzapean (Jose Luis Urdapilletaren dekorazio koloretsua).
Muntaia sinple eta freskoa
Herri tradizioko komerien moldeari heldu nahi izan dioten itxura hartu diogu "Ama begira zazu" antzeslanari, nahiz eta egituraketaren eta eszenario erabileraren aldetik gaur egungo baliapide teatralak agertu, edota baita sketch telebisiboaren eredua ere.
"Piskat zuzpertu nahi izan dugu herri antzerkiak betidanik izan duen publikoarekiko lotura hurbila eta berezia. Orduan klabe horiekin jokatzea izan da gure helburua, testuak eskaintzen zigun freskurak horretarako laguntzen bait zigun", aitatu zuen Eneko Olasagastik.
Kontxu Odriozolak eta Elena Irureta aktoresek idatzitako libretoak
"euskaldunon umorearen modu batzu erakusten dituela uste dugu. Beti esan izan da euskaldunok ez daukagula umorerik, baina hemen argi asko ikusten da gure buruaz farre egiten badakigula".
"Ama begira zazu" obraren proposamen eszenikoa, azken aldian ezagutu ditugun taularaketa handi eta piskat anbiziotsuetarik urrundu egiten da; gutxieneko aurrekontu bat, muntaia sinplea, lau aktore, testu irrigarri eta bizi bat, eta jendearen eguneroko bizitzaz trufa egitea aski gertatu bait zaie publikoaren txaloak eta algarak lehertarazteko.
"Orain artean egin den antzerkia kritikagarria izango da alde askotatik, baina hor ikasi uste izan dugun guztia aplikatu dugu hemen. Zera esan nahi dut, orain arteko bidea era batera edo bestera ibili beharrekoa zela. Baina honokoaren helburua berriz, hasieratik, herri txikietara antzerki profesionala eramatea izan da, mugak hasieratik goian jarri gabe".
Gipuzkera, umorearen freskotasuna xede
Sketch-ez moldatutako komedia honek piper eta gatzik erakutsi baldin badu, hein handi batean testuak zekarren kargagatik izan da, eta beraz hizkeraren erabilera funtsezko osagarria bilakatu da.
"Bai, gipuzkeraz dago. Baina uste dut guk euskararekin egundoko prolemak dauzkagula. Beste herri batetan ez lukete horrelakorik planteiatu ere egingo, pertsonaiak halako edo bestelako espainolera edo frantsesera motaz egiten duen. Gaur egun heldu da momentua euskal antzerkian gauzatutzat emateko hizkuntza standar bat, eta horren aurrean herri xeheak jokatzen duen era berean jokatzeko pertsonaia bat edo bestea egiterakoan. Gainera, estilo bakoitzak halako edo bestelako hizkuntza baliatzea eskatzen du, eta honen kasuan naturala, zuzena eta bixia. Publikoaren identifikazioetariko asko hizkuntzarenak dira, dudarik gabe".
Eta horretan asmatu dutela antzeman zen Zestoako estreinaldian, jendeak taulan ikusi zituen pertsonaiak auzokideak nahiz heurak berak isladatuak balira bezala hartu bait zituen, oso gertukoak eta erridikuloak ia une oro.
GORKA ARRESE
17



Gaiez\Kultura\Antzerkia\Aktoreak
Pertsonaiaz\IRURETA1
Pertsonaiaz\SOROIZ1
Pertsonaiaz\ODRIOZOLA1
Egileez\ARRESE1\Kultura

Lorea Agirre

BERE LEHEN ELABERRIA, "MUGETAN", ELKAR-EK KALERATU
H. Etxeberria: "Kreazio lanean, hizkuntzak ahalik eta plazerosoen izan behar du"
Hirugarren liburua eta lehen nobela izanik, ezagunago zaigu telebistako lanagatik, idatzietatik baino. Nobelaren bideetan sartutakoan pentsatzen zuena baino gogorrago omen da istorio luze bat idaztea; hala ere, bigarren bat darabilki buruan.
Orain lau urte ekin bazion ere liburuari, baztertu, hartu eta berriro zokoratuz, gorabeherak izan omen zituen idazterakoan,
"baita nazkatu ere. Ez nintzen katemotzean idaztera sartzen. Ni ez nintzen zerbaitek lotzea behar nuen eta mota guztitako konpremezuetan sartu nintzen. Bukatzean, ez nuela istorio luze gehiago idatziko, berriro ipuinak... baina, orain beste luze batekin nabil".
Amodioa eta errepresioa
Nobela bi istorioz osatzen da, batean ezinezko amodioa ardatz eta bestean gaur egungo egoera errepresiboa ageri direlarik;
"zer dago ezer terribleagorik amodiozko istorio bat ingurune krudelak, ezinezko bihurtzea baino?".
Liburu gisa gutxitan papereratu den gaia jorratzen du. Motibazio pertsonal batetik datorkio gaiarena,
"eta neke absoluto batetik. Hemen bizi garen askok pasatu ditugu momentu oso gordinak, merezi eta nahi izan gabe. Nire familia nahiko astindua izan dut eta ni neu ere mutil zintzo eta formala izanik sustatu naute behin baino gehiagotan. Gai hori interesgarria iruditzen zait. Aske utzi nahi izan dut nire idazteko gogoa eta akaso liburu honek hasiera batean zuen motibazio bakarra zen, alde baten salaketa egitea. Polizia eta errepresio egoera oso gogorra izan da eta iruditu zitzaidan oso gai literarioa izan zitekeela, nobela batean bere lekua eduki zezakela denuntziak, edo behintzat horrek sortzen duen halako fatalismoa".
Oso firme zeukan idatzi behar zuela, piska bat sublebazio pertsonal gisa.
Mezua azken finean, indibidualismoaren garaipatzean oinarritzen da;
"norberak norbera izateko eskubide osoa daukala, dauzkan akatsez".
Aipagarria da, "Epe Gabeko Saltoa" izenez azaltzen den joku literarioa. Eguneroko egoera errutinarioa, bapatean errealitate bortitz eta gordin batek ordezkatzen duenean, gizakiak ez du bere burua kontrolatzen; liburuan protagonista, besterik gabe detenitua eta torturatua denean, bere barne pentsamendu zentzugabe eta kaotikoak isladatzen dira, kanpo errealitatetik erabat bereiztuz.
Dokumentaziorik ez omen du egin,
"berez ez da errealitatearen deskribapena, baina noski errealitatea da oinarri".
Idazkera ulerterraza helburu
Arintasunez idaztea helburu paraleloa izan du, ze
"askotan gertatzen zait, hasten naizela euskal literaturako liburu bat irakurtzen, euskara jator eta onean egina eta helburu literario optimo batzuekin, baina ezin izan ditut bukatu".
Euskal idazleen aldetik hizkuntzaren horrelako puztutze bat, gehiegikeri bat dagoela susmatzen du, bai eta euskara nolabait esateko normaldua duenak irakurtzeko moduko hizkuntzarik ez dela asmatu. Ondorioz,
"saiatu naiz ni eta nire lagunek hizkuntza aldetik ulertuko duten zerbait idazten. Ez naiz purismoetan ibili. Idazle askoren kasuan niri zaildu egiten didate irakurketa, plazer izan behar duena desplazer edo neke bihurtuz. Kreazio lan bat da, horregatik hizkuntza, tensio eta bide batzu aurrera eraman behar dira ahalik eta plazerosoen".
LOREA AGIRRE
50


Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Literatur l
Gaiez\Kultura\Literatura\Argitalpena\Narratiba
Pertsonaiaz\ETXEBERRI14
Egileez\AGIRRE9\Kultura

Xabin Makazaga

SS-77 musika taldeko Andoniri elkarrizketa.

MAKETA-DUN TALDEAK EZ DITU INORK GELDI ERAZIKO (4)
SS-77: "Jende gutxi erakartzen dugu oraindik, baina bronka tolala izaten da"
Talde hasi berria bada ere, ez dirudi arazo gehiegi dutenik kontzertuak lortzeko. Hertzainak-en tankerako musika egiten dute, kantak asko landuz eta euskara ezin txukunagoan. Tablak hartzeko gogo bizia erakusten du arrasatear boskote honek.
Kontzertu batetik besterako bidean tartetxoa egin digu Andonik, taldeko kitarrajole eta koroak egiten dituenak; SS-77 Patxi (kitarra eta ahotsa), Piraña (baxua), Iñigo (bateria) eta Jhosek (ahotsa) osatzen dute. Letrak eta kanta gehienak Patxik egiten ditu,
"eta oso kolgatuta dago Hertzainak-ekin; geure kantetan nahiko nabarmena da hauen eragina, eta kantatzeko moduan ere Gariren antza haundia du".
Bestalde, hiru bertsio ere egin dituzte, bi "Steff little fingers"enak eta bestea "Status Quo"rena,
"mutur batetik besteraino. Gainera, Piraña skin-a da, Patxi rock & rolleroagoa, finagoa, eta Jhose punkya; guztia pote batetan sartu eta ateratzen den koktela...".
Hala ere arrasatear hauen maketa entzutean musikak lerro finkoari jarraitzen diola ikusten da eta urtebete baino ez daramaten arren, kalitate dexentea erakusten dute interpretazioan.
Maketa txukuna
Maketa uztailaren amaieran grabatu zuten Musikarte estudioetan, inolako prestakuntza berezirik gabe.
"Maketaren ideia ez zen saltzea edo tabernatan zabaltzea; Jhosek ezin zuen entsaiotara etorri eta beretzat grabatu genuen, kantak ezagut zitzan. Baina oso ondo irten zen, orain arte hoberen jo dugun saioa grabaziokoa izango zen; Oskar teknikoa ere oso ondo enroilatu zen, sonido mailan maketazoa atera da, eta horregaitik zabaldu dugu irratietan eta Gipuzkoako tabernatan".
Zortzi kanta sartu dituzte sei ordutan grabatutako maketan, eta Andonik egiten digu bakoitzaren aurkezpena:
" 'Laster arte, laguna': 'zipaioen aurkako kanta laguna': zipaioen aurkako kanta da, baina ez 'Zipaio hijoputa eta abar', letra gehiago lantzea gustatzen zaigu. 'Inoiz ez nazan ahaztu': desamodioa nagusi da kanta honetan. 'Barre egin zenidaten': taldearen historia kontatzen du, gitarra batekin hasi eta jendeak barre egiten dizunekoa. 'Inoren heroi': hau Steaf-en bertsioa da, 'No bodis' kanta literalki itzulia. 'Sinisten det': Patxiren printzipio deklarapena da, bere kredo pertsonala (Sinisten det drogak erakartzen nauela, taberna nire etxea dela...). 'Gauerdiko puskarra': berrogetaka urtetako gizonaren frustrazioa kantatzen dugu. 'Elkartasuna': honetaz asko hitz egiten da, baina ahoan gelditzen da eta gero ezer ez dela egiten salatzen dugu. 'Txiki Benadas Blues': ez da blues-a, hardcore kaotikoa da, zarata, eta Txiki Benegasi eskeinitako amodiozko kanta (gilipollas bat zara eta pinu batetik zintzilikatuko zaitut)".
Kanta luze eta landuak
Ordubete pasatxoko errepertorioa dute, hamabi kanta guztira, eta maketakoez gain Kortatu-ren 'Hay algo aqui que va mal' ezagunaren bertsioa nabarmentzen da,
"euskaraz eta hobeagoa, 'Hemen zerbait ez dabil ongi'. Atzo geure kontzertura etorri zen Fermin eta flipatuta gelditu zen".
Aipagarria da kanta guztiek duten luzera, lau minututik gorakoa;
"Patxi artista da eta kantak oso lantzen ditu, estribiloa amaitu eta desbario instrumentala, buelta berriz, amaiera asko kurratua".
Oraingoz hiru kontzertu soilik jo dituzte, baina beste laupabost lotuta dituzte datozen astetarako. Zuzenean jotzea dute helburu, tablak hartuz joateko, eta saioko milako batzu eta ataria besterik ez dute eskatzen, ze
"jende gutxi erakartzen dugu oraindik, baina bronka totala izaten da".
XABIN MAKAZAGA
51

Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Taldeak\SS-77
Egileez\MAKAZAGA2\Kultura

B. Artola

Jone Dorronsoro kazetariari elkarrizketa.

Jone Dorronsoro: "Euskal Prentsak oztopoak besterik ez ditu"
Jone Dorronsoro, Leioako kazetaritza fakultatean ikasi zuen donostiarra da eta prentsa mailan, haseratik irratian aritu izan da. Uda honetan Euskal Telebistan 'Jaigiroa' saioan lanegin izan badu ere, 'Euskalerria Irratia'n ibili da azken urteotan. Iruñeako irratian, euskara hutsez ekiten duen medio honetan, ETBn ez bezalako zailtasunak omen daudela adierazten du Jonek.
ARGIA.ðZein arazo aurkitzen ditu egun 'Euskalerria Irratia'k lanegiterako orduan?
Jone Dorronsoro.ðArazo handiena lan esparrua da, euskaldun gutxi daudelako Iruñean eta guk bezala euskara hutsez emititzen duen eguneroko irrati batentzat, zaila egiten da hori. Hala ere eta beti bezala diruaren arazoa da larriena. 'Euskalerria irratia' haseran "Sociedad Anónima" bat izan zen eta geroko proiekto batekin Erakunde huts eta lokal bat bilakatu da. Elkartetzearekin kide bakoitzak sei mila pezeta ordaintzen ditu urtero eta egun, 800 bazkide pasa ditugu. Esan behar 2000 bat beharko genituzkela ekonomikoki erazorik ez edukitzeko.
A.ðEta laguntza ofizialen aldetik zer?
J.D.ðGuk lizentziarik ez daukagunez, ez gara ofizialak eta honela ezin dugu diru laguntza ofizialik jaso. Legediaren arabera irrati bat ofiziala izateko, konkurtso publiko batera aurkeztua izan behar da eta gure kasuan ez da honela izan. Baina euskal irrati bat sortzeko proiektoa egiteko, konkurtsoa egiteko, Nafar Gobernuak ekin behar dio horri eta hori egiteko borondaterik ez duen bitartean guk hala jarraitu behar dugu. Nafar Gobernuak ez du euskal irratirik ateratzen konkurtsora, horregatik ez digu dirurik ematen.
A.ðBaina entzuleek emaniko laguntzez gain beste nolabaiteko sarrerarik ba al daukazue?
J.D.ðBai. Irrati pribatu bat garen neurrian, publizitatearekin ere irauten dugu. Entzule gutxi daukagunez ez dugu publizitate askorik edukitzen baina orain hauteskunde garai denez igoko zaigu publizitatea, abertzaleen aldetik batez ere.
A.ðZein ezberdintasun antzeman duzu ETBn lanean aritu zarenean?
J.D.ðAldaketa totala izan da. Telebistan ez zegoen ezeren faltarik eta irratian, pentsa dezakezu, 3-4 erredaktore eta teknikari bat eta praktikako beste kide bat dugun irratian... Baina niretzat ezberdintasun handiena beste bat izan da. Nafarroan 'Ley del Vascuence' eta abarrekin euskara oztopatzen da eta euskararen borondatea dutenek mantentzen dute hizkuntza. Zailtasunak besterik ez ditugu, euskal prentsa zailagoa dugu eta hemen diskriminazio positiboa deritzaion politika egin behar dela somatzen dut. Hala ere eta egoera ezberdina izan arren, nik uste ETB Euskal Herri osora iritsi beharko litzatekela eta ez orain bezala, ETB ikusi nahi duten askok beraiek jarri behar dutela antena. Dena den, gustora egin dut lan ETBn eta 'Euskalerria Irratia'n jarraituko dudan arren, gogoeta ona mantentzen dut.
B. ARTOLA
61


Gaiez\Komunikabid\Kazetariak
Gaiez\Komunikabid\Irratia\E.H. irrati
Pertsonaiaz\DORRONSORO6
Egileez\ARTOLA3\Komunikabid

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan