Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1989-10-01 -- 1261.zenb

JOE EIGUREN, EE.BB.etan EUSKARAREN ARTZAIN

Frankie Tai

argazkia

Joe Eiguren euskararen artzainari elkarrizketa

Ameriketara joan nintzen xentimorik gabe (3)
JOE EIGUREN, EE.BB.etan EUSKARAREN ARTZAIN
Artzain, soldadu aliatuekin, interpretari, alkate, lan arduradun, euskarazko irakasle, idazle, autobiografo...
zer gehiago eska dakioke euskaldunen kontzientzia eta nortasunaren defentsa etengabeki ihardun duen 'amerikar' bati?
Joek makina bat klase emanak zituen Boisen, Hego Euskal Herrian hizkuntzaren aldeko lanak hasi zirenerako. Sabelean izandako ebakuntza batetik irten berria zela errezibitu ginduen Boiseko bere etxean.

ARGIA.Zu ere, asko bezalaxe, artzantzan aritzea etorri zinen. Nola liteke, Lekeitiotik etorri bazinen?

JOE EIGUREN.Argitu nahi nuke, hasi baino lehenago, ni EEBBetako Oregon estatuko jordan Valley izeneko hirian jaio nintzela. Mende honetako hamabosgarren urtean jaio nintzen eta urtebete nuela, 16an alegia, eraman ninduten nire gurasoek, amaren osasun kaxkarra zela eta, euren sorterria zen Lekeitio ingurura.

A.- Horren araber, hiritar amerikarra zinen Lekeition bizi zinelarik. Zer dela eta itzulera hori?

J.E. Lekeition hazi eta bertako giro abertzalean murgildu nintzen txikitatik; izan ere lagun guztiak abertzale bait nituen. Primo de Riveraren etorrerarekin batera egoera beiztu egin zenez urte pare baterako itzuli nintzen 34an EEBBetara. Bateko egoera larria eta besteko amerikar hiritartasuna galdu nahi ez, eta honuntzakoa egin nuen. Ondoren altxamendua etorri eta aurreikusita zegoena betirako bihurtu zen.

A.Euskal Herriko egoera horren ondo ezagutu, eta nolabait esateko, bizitua, ez al zenuen frankotarren aurka gerlara etortzeko tentaldirik izan?

J.E.Tentaldi eta grinarik bai, dirurik ez ordea. Pena handiz geratu behar izan nuen hemen, gaztaroan konpartitutako lagunak, hizkuntza eta aberriaren defentsan parte hartu barik. Espaniar gerla zibilean ez baina Munduko Bigarrengoan, berriz, izan nintzen Europan amerikar armadarekin.

A.Derrigorrez ala zuk zerrorek nahi zenuelarik?

J.E.Sei urte neramatzan artzai, ez nuen bat bera ere gehiago segitu nahi; hortaz, boluntario aurkeztu nintzen itsasoan iharduteko; Lekeition hazia nintzenez, lehorrean baino hobeto konponduko nintzelakoan. Baino hemengo 'Navy' delakoa nahiko elitista izanik, nire ingeles kaxkarraren aitzakiaz baliatuz lehorrean ari izaten zen 'Army'ra bidali ninduten. Aliatuak Normandian lehorreratu eta hamairu egunetara iritsi ginen gu leku berera. Morteroak ziren nire lana eta Rhin ibaitik sei kilometrotara zauritu ondoren, ospitale batetik bestera eraman ninduten, azkenean Bostonekora ekarri ninduten arte. Lau urte egin nituen, bataz beste, amerikar armadan. Zauriaren eraginez ehuneko berrogeia galdu nuen eskumako birikan. Ia urte oso bat egin nuen osasun egoera normalizatura iritsi bitartean.

A.Gerlatik etxera...

J.E.Nik nora itzuli ez nuen Ameriketan, artzain ibili bait nintzen Euskal Herritik etorri eta soldadu joan bitartean. Gerlatik bueltatu eta gurasoen etxean bizi zen emaztea, eta ni Europan nintzen bitartean jaio zen semea nituen zai; etxerik ez alabaina. Lanerako moduan jarri nintzenean Joe Egurrolak Mexikotik zetozen laborari eta entrepresaren arteko interpretari lana eskaini zidan eta horretan eman nituen hogeitahiru urte. Gaztelera ondo nekiela eta etorkin mexikarrak eta enpresaren arteko bitartekari ibili nintzen, baina makinariaren etorrerarekin batera lana gutxitu eta Idahoko Estatuko Lan Sailean ibili nintzen beste bizpahiru urtetan.

A.Batetik bestera gelditu gabe...

J.E. Saltsa guztietan sartzen nintzen/ninduten. Garai batez, bizi ninizen Homedale hiriko alkate ere izan nintzen eta ez baninizen estatuko senatore izatera iritsi, ezetzari astoak bereari eusten dion baino setakorrago helduko niolako izan zen. Ez nintzen gizon ikasia, baina demokratek hala ere tema batean.

A.Eta noiz hasi zinen euskarazko klaseak ematen?

J.E.Behin, alabeharrak hala nahi izanda,'Euzko Deya'ren ale bat jaso nuen, Ogonozpe goitizenez sinatzen zuen Jose Antonio Ruiz de Alda zelarik editorea. Nik, berau, Euskal Herrian gerla zibilaren aurreko mitinetatik ezagutzen nuen. Aldizkari horrek ostera, abertzaletasunaren sentimentua berpiztu zidan eta neronek ere zer edo zer egitea erabaki nuen. Bazen garai hartan, Boise hirian, Iparramerika guztian fama gehien zuen euskal dantza taldea: 'Oinkari'. 1963an hasi nintzen 57 ikasleri klaseak ematen, astean behineko maiztasunez eta bizi nintzen hiritik Boisera ordubeteko bidea nuelarik.

A.Zein metodo erabiltzen zenuen?

J.E.Abade irlandar batek Antonio Zamarripak argitaratutako gramatika bat aurkitu zuen bere etxean eta horrekin hasi nintzen. Geroago, Mexikon bizi zen Azuari eskatzen nizkion gramatikak eta honezaz gain Buenos Airesen bizi zen Pedro Maria de Irujok ere (Manuel zenaren anaia)-bidaltzen zizkidan metodoa hobetzen lagunduko zidaten liburuak.

A.Eta zertan da zu zerrorek argitaratu zenuen metodoa?

J.E.Nik eskutan gramatika izan arren, ingeles hiztunei begira pantsatutako metodoa asmatu beharra zegoen. 1966an argitaratu nuen lehenengo aldiz eta bi diska eta liburuska batez osatu nuen. Disketan ahozkera zaindu nahi nuen, hiztegia eta esaldirik arruntenak eskainiz. Edizio honek izandako arrakasta ikusiz, bigarrengoan, hau Idahoko Estatuaren laguntzaz, disken ordez kasetak erabili nituen.

A.Ez da hor amaitzen zure liburu produkzioa..?

J.E.Klaseetan ari nintzela, gure historiaz ezer gutxi genekiela jabetu nintzen eta gai horri heldu nion, bertan bizi ziren euskaldunen kultur maila jasotzeko asmoz. Honen haritik, 1914ean Boiseko unibertsitateak bidalita Oinatin izan nintzen hemendik joandako amerikarrei euskara eta historia erakutsiz. Horretarako liburu parea idatzi nuen: 'Euskaldunen historia gronologikoa' eta Lauaxetari dedikatu nion 'Euskaldunen partaidetza Espainiako Gerra Zibilean', biak, jakina, ingelesez. Eta oraingoz idatzi dudan azkonekoa autobiografikoa litzateke. 'Kashpar' izenburuz iaz argia ikusi zuena.

A.Zergatik biografia horren gazterik?

J.E.Euskal Artzainaren irudia desmitifikatu nahi nuelako. Nire bizitza mugitu eta intentsoan oinarrituta euskaldunak artzai baino zerbait gehiago ere izan gaitezkeela erakutsi nahi izan diot ameriketar arruntari. Artzantzarako jaioak ginen eritzi zabaldua aldatzeko.
Joe beraren esistentziaz ezer jakin aurretik, ikusia nuen nik Boiseko liburudenda zentraleko erakuslehioetan 'Kashpar' izenburuko libururik. Zeinek pentsa euskaldunei buruzkoa, handik hamabost egunetara topatuko nuen pertsonak idatzia zenik!!.
Joe Eigurenekin buruturiko elkarrizketa honen ostean, 'Boiseko euskal museojatetxea' gaia izango da datorren astean jorratuko duguna.
FRANKIE TAI
42-43


Gaiez\Ekonomia\Lehen sekto\Artzantza
Pertsonaiaz\EIGUREN1
Egileez\TAI1\Ekonomia

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan