Santiago Onaindia: "Lehengo idazleok oso baztertuak izan gara"


1989ko maiatzaren 21an
Oso gazte zela hasi zen Santiago Onaindia, aita Onaindia, olerkiak egiten, baita hainbat aldizkarietan artikuluak idazten ere, eta orain, 80 urte dituenean, hainbeste idatzi zuenik ez zuela uste dio. Idatzi, asko idatzi du, baina besteek idatzitakoa biltzea izan da bere lanik handiena: Joxe Azurmendiren hitzetan, 'gure belaunaldiarentzat funtsezkoa izan da bere lana, euskal kulturarako bideak ireki bait zizkigun'. Merezimendu osoz irabazitako omenaldia eskeini zaio joan den asteburuan Zornotzan. Omenaldi bezperetan abiatu ginen Zornotzako Larreako konbentura, eta hantxe mintzatu ginen Amoroton jaiotako karmeldar honekin.

Gerrate zibilean kapellau bezala ibili zinen, nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Gerrak hemen harrapatu ninduen, Zornotzan. Frentean ibili nintzen kapellau bezala, lehenengo Kanpanzar, gero Intxorta, Elgeta, Bizkargi, Sollube, Artxandan... Bilbo galdu genuenean aurrera jo genuen, Kantabriara, eta han, Laredon, italiarren eskuetan geratu ginen. Gero, aurrera joateko esan ziguten, toki seguru batera, eta han, Santoñan, hutsik zegoen El Dueso gartzela, eta hara sartu ginen gaua emateko. Gero, Eusko Gudalostean karguren bat eduki genuen guztiok Frantziara joateko, fardelak egiten han egon ginen egun bi t'erdian eta gero, ra! ra! Francok zerratu zigun atea eta kitto.

Zu kapellau bezala errepublikaren alde aritu zinen beste asko bezala baina eliza katolikoko jerarkiak Francoren aldera jo zuen. Nola ikusi zenuen jarrera hura?

Hik hori jakin gura duk ezta? Hau zatituta geratu zen, eliz barruti hau. Vitori eta Araba han, Gipuzkoa eta gu hemen. Baina gotzaia hangoa zen, eta hortik zehar eraman zuten, bota egin zuten eta. Gotzai barik geratu ginen, eta Galbariatu zen hemengo nagusi egiten zuena, eta ez genuen eduki holako eragozpenik. Gero, gartzelan, Dueson nengoela, Iruñeako nagusiari gutun bat idatzi nion...'hemen aurkitzen naiz, Bilbon ibilita eta honetara...', eta berak erantzun zidan, 'creía que el padre Santiago era un santito de los buenos, pues nos ha salido rana! Ya que ha desprestigiado el habito carmelitano, ahora lleve con paciencia todo eso para que se rehabilite, y cuando se rehabilite ya volverá a la sociedad'.

90 liburu baino gehiago idatzi omen dituzu...

Zelan, zelan kontatzen duzue. Ez dakit neuk ere, ez naiz ibili kontatzen... 60tik gora bai, eta hamar bat eginda dauzkatenak baina argitaratu gabe oraindik.

Euskal Literaturaren historiaz argitaratuak dituzu liburuki batzuk, baina noizko bilduma osoa?

Bost argitaratu nituen eta azkena, seigarrena, orain hiru urte izango dira egin nuela.

Zergatik ez dizute argitaratzen?

Itxaropena daukat baina... ez dakit zergatik, azpitik deabruaren jokuak izaten dira, eta horregatik izango da... ez dakit. Bukatu egin gura dut lan hori, seigarrena eginda daukat eta zazpigarrena ez daukat oraindik eginda, baina laster egingo nuke. Idazle asko sortu dira gazteen artean, eta hor ikusiko dugu nola geratzen diren gaurko idazleak. Nahiko dute zazpi tomo horietan beraiek agertzea.

1960an, euskal literaturak publikotasuna lortzeko biderik ez zuenean zeuk antolaturiko sariketa eta aldizkariak funtsezkoak izan ziren ezta?

Bai, errebista bi neuzkan sortuta. Bata 'Karmel' izan zen, eta hor, bai hitz lauz eta bai olerkiz agertzen dira. Bestea 'Olerti', 1969an hasi nintzen honetan. Hamar urtetan atera nuen 'Olerti', galerezi egin bait zidaten orduan, Madriletik. Ez zegoen hor beste errebistarik olerkiak ateratzen.

Zentsura sarritan jasan izan al zenuen?

Zentsura izaten genuen bai, Guardia Zibilak askotan izaten genituen hemen, edozein liburu argitaratzen genuela eta etortzen ziren, hona edo argitaletxera. Liburuak hartu eta Madrilera eramaten zituzten. Nik ez neukan inolako baimenik liburua saltzeko, baina saldu baino gehiago harpidetzen bidez zabaltzen genituen eta beraiek ez zekiten. Euskaraz zirenez hemengo jendeak behar zituen irakurri zentsuratzeko; edo Madrilera joaten ziren hemendik edo beharbada Madriletik Donostiara eramaten zituzten han irakurtzeko, eta 'hau ezin da idatzi' eta beste. Gure Arruek egiten zuen lan hori. Ez ginen hain gaizki konpontzen hala ere.
'Mila Euskal Olerki Eder' liburuarekin ere etorri ziren konbentura, baina ehundaka ale beste karmeldar konbentuetara eraman genituen aurretik, hemen berrehunen bat utzita. Eta etorri ziren eta, gutxi zirela erakusten nizkionak eta, euskarazko liburuak gutxi saltzen zirela nik... Arratsaldean pasa zirela liburua hartzera orduan, eta nik arratsalderako berrogeiren bat baino ez nizkien utzi. Horrela ibiltzen ginen...

'Mila Euskal Olerki Eder' al da zure libururik onena?
 Ez dakit, desberdinak dira guztiak. 'Mila Euskal Olerki Eder' tomo batean eta bitan argitaratu nuen, eta gero beste bilduma bat badaukat oraingo olerkariez. Badira urte bi t'erdi hori egin nuela. Prest dago argitaratzeko, dirurik ez daukat oraindino, baina uste dut egongo dela. Gaur diru asko dago liburuak argitaratzeko. 'Mila Euskal Olerki Eder'en hirugarren tomoa izango litzateke. Eta honek gazteok, bada, harro harro, eurek direla olerkari onak eta horretara. Nik oraintxe idatzi ditut artikulu bi esanaz ez direla hain onak. Orain, datorren larunbatean, egingo zaidan omenaldian Juan Mari Lekuonak egingo du hitzaurrea, niri eskeinita, eta hor dio ea zeintzu diren olerkaririk onenak, lehengoak ala oraingoak, eta Lekuonak dio, harek zirela beretzako olerkariak.

Eta zuk zer diozu?

Niretzako beti izan da Lizardi onena, eta horren ondoren Orixe, eta gero Lauaxeta etorriko litzateke. Horren inguruan bazeuden gainera beste nahiko olerkari patxadazkoak...

Eta Aresti?

Beranduagokoa da. Baina horien kategoriara heltzen denik... Arestik jaso zuen, eta ondo egin zuen, olerki moeta bat, soziala, baina Lizardik egindakoa, Orixek egindakoa eta Lauaxetak egindakoa, beti iraungo duen olerkia da. Gero, nolako propaganda egiten den, ez da berdina, nire eritziz e.

Oraingo olerkariak ez dira beraz lehengoen mailara heltzen?


Ez dira heltzen, eta badaude onak. Esate baterako Gaztelu, Juan Mari Lekuona ona, eta gure Azurmendi ere ona, eta Gandiaga ere bai. Bizkaian Erkiaga, ez du asko idatzi baina. Baina Lizardi aspiratuko duenik oraindik ez da agertu. Berak Lizardik asko ez zuen idatzi baina idatzi zuena bai olerkiz bai prosaz, oso dotore eta elegante.

Bertsolaritza munduan ere egin duzu lan apur bat...

"Gure Bertsolariak" eta "Urretxindorra" idatzi nituen. Azken honetan Kepa Enbeitaren bertsoak jasotzen ditut, Buenos Airesen argitaratu zidaten. "Gure Bertsolariak" liburuan, historian zehar bertsolaritza zer den, eta bertsolarien bizitzak eta abar idazten ditut. Liburu hori zela eta eman zidaten sari bat, Agirre saria.

Gaur egungo bertsolariak lehengo maila ba al dute?

Gazteak gehientsuenak lehengoak baino hobeak dira. Niretzako lehengoen artean Kepa Enbeita zen onena, bera askoz gehiago aritzen zen, mitin guztietan parte hartzen zuen, eta gero hasi zen gure Basarri, Urretxun, orduko lehiaketetan eta... Gaurko bertsolariak ordutik hona ikasi egin dute asko, eta gero erakutsi ere bai. Gaur eskolaz eskola eta ikastoletan ibiltzen dira erakusten. Esate baterako, Amuriza bera, badaude motiboak jakiteko, apaiz karreran 14 urte egin zituen, eta gauzak ez dira edozelan ikasi eta egiten. Gero berak ahalegin gurtia egin du, eta hor barruan dakar, bere izatean dakar olerkaritza. Nik uste dut, bertsolariak Euskal Herrian, gaur, olerkariak baino hobeak direla. Xalbadorren bertsoak ikusi eta olerkari mailakoak dira, oso sakonak eta euskara ederrean eta baliokoak.

Kazetarigintzan ere egin duzu lan bikaina...

Euskal Herriko kazeta guztietan irakurri edo idatzi dudala uste dut. Orain egin dute nik idatzitakoaren bibliografia, eta ez nuen uste inoiz ere hainbeste idatzi nuenik. Artikulu asko, asko... Larogei urte ere asko dira eta gazte hasi nintzen ni idazten. Hor agertzen dira hainbat eta hainbat, gerraurreko aldizkarietan eta gerraostekoetan. Iruñeako 'Principe de Viana'n idatzi nuen zortzi urtez, gero, 'Goiz Argi'n eta 'Zeruko Argia'n... hor idatzi nituen artikulu batzuk beti berdin samar: 'articulos literarios' eta 'históricos', hor agertzen dira. 'Goiz Argi'n argitaratzen nituen 'chascarrillos' eta holako zerak. Mugaz bestaldeko aldizkarietan ere zerbait behintzat, almanake eta historia guzti horietan.

Zer erizten diezu gaurko aldizkariei?

Horrek hau eta hori eta bestea esan baina ez dute hortik zehar nik egiten dudana egingo. Nik irakurri denak ez baina behintzat hartu bai, eta enkuadernatu ere bai. Gaur ez diogu inportantziarik ematen, baina hemendik hogei urtera, bai, inportantzi handia izango du. Hemengo, Euskal Herriko gaiak direnean, aldizkariak eta errebistak batez ere, jaso egiten ditut.

Zer iruditzen zaizu gaur egungo komunikabideen euskara maila?

Ez da hain txarra. Gero, batuaren aurka eta horretara, bueno, egin zen bezala eginda, goitik behera, gu euskaldunok ez gaude inoiz hortan. Guk gura dugu behetik gora, democracia, behetik hasi eta gorantza. Aldrebes egin zen.

Baina euskara batua indartu egin da ezta?

Bai, bai, hartu du indarra baina oraindik luzatu egingo da asko. Oraindik egongo dira eztabaida nahiko gogorrak, herriak ez du hartu, herriak dio ezetz, ez duela ulertzen. Esate baterako, ikastoletan eta batuan eta joan etxera eta zer da hau. Nahastea da. Oraindik hamar edo beste hogei urtetan egongo dira eztabaida horiek, batasuna lortu arte.

Baina azkenean batasuna nolabait lortuko da, euskara lehenago galtzen ez bada behintzat...


Hain arin ez da galduko. Orain asko ikasi egiten da batua dela eta ez dela. Neuk izan ditut neure dudak eta neure gauzak, baina gero itxaropentsu agertu egiten naiz. Salbatuko da euskara. Oraintxe daukagu holako kinka, gatzenetarikoa, hainbeste prentsa, irrati, telebista eta...

Orain omenaldia egingo zaizu zuk egin duzun lanagatik, baina nahiko eskertu al zaizu zure lana?


Ez ez, momentu batekoak izaten dira omenaldi hauek. Hirurogei urte aritu naiz lanean, eta ez dit inork ez eskerrak eman eta halakorik. Txaloak eta hokako zeren batzuk bai, baina ez behar adina. Ez dugu hori egiten euskaldunak. Gainera, niri esate baterako, bidali artikuluak bai 'Deia'ra bai bestera eta ez dituzte ateratzen... lehen idazten genuenok oso baztertuak izan gara. 'Esos viejos' eta 'están en contra del batua' eta ...ez dute argitaratzen. Baina guk ez diogu honi jaramonik egiten, geurearekion aurrera, aritzea, horretara, nahiz kontra nahiz ez, aurrera.
I.MURUA X.MAKAZAGA
38-41


Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Liburuak\Literatur l
Gaiez\Kultura\Literatura\Argitalpena\Poesia
Gaiez\Kultura\Literatura\Idazleak\ONAINDIA2
Pertsonaiaz\ONAINDIA2
Egileez\MURUA2\Kultura
Egileez\MAKAZAGA1\Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude