Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

1987-07-05 -- 1158.zenb

Amaia Elosegi

Toni Palomino Martin Jauzilari Kanariarrarekin Solasean
Jauzi Baten Hegaldia
24 urteko kanariar hau estatu mailako gaztetxoen ekipoko entrenatzaile bihurtu da, hamar aldiz internazional izan ondoren eta 1976. urteaz geroztik, estatu mailan gaztetxo eta junior mailan txapeldun izateaz gain senior mailan bigarren izatea lortu ondoren. Askorentzat erokeria baino ez da izango kirol hau praktikatzea. Ikuskizun bezala berriz oso erakargarria da jende gehienarentzat.
ARGIA.ðZertan datza kasik telebistan baino ikusi ez dugun kirol ikusgarri hau?
TONI PALOMINO.ðFuntsean, altura jakin bateteko saltagailu edo plataforma batetatik, igeritoki batetara jauzi egitean datza. Helburua, apurka apurka hobetzen joatea da, adin jakin batetara heltzean konpetitzen hasteko.
A.ðAurreratzea, hobetzea aipatu duzu. Zer gainditu behar da horretarako?|
T.P.ðHobetzeko oztoporik handiena beldurra da, baina beldurrak berak, maila bat eta beste gainditzeko bidea irekitzen du, azkenean beldurra errespeto bihurtzen da, eta esan daiteke momentu honetan, saltaria oso une egokian aurkitzen dela.
A.ð Zeintzu lirateke saltari on bat izateko ezaugarri nagusienak?
T.P.ðOrokorrean, eta behar beharrezkoak, koordinazioa, zehaztasuna eta erreflexu bikainak, lehen aipatutako nahitaezko errespetoaz gain. Horrez gain, plataforma ala saltagailuko saltariaz ari garen bereizi beharko da.
A.ðZein da bada bien arteko diferentzia?
T.P.ðBatetik, saltagailu edo «tranpolina» deritzana, metro bat eta hiru metrotakoak daude. Honetan espezializatzen den saltariak, indartsua, azkarra, argala eta koordinazio honekoa beharko du izan, hau da, oso teknikoa. Garaierari dagokionez 1,70 m gizonezkoetan eta 1,60-1,70 m emakumezkoetan, ematen du dela egokiena.
Plataformako saltariari dagokionez, ez da hain azkarra, ez hain koordinatua ere; aitzitik, oso gihartsua, indartsuagoa eta batez ere, ausartegoa izan ohi da. Plataformak, berriz, 5, 7'5 eta 10 metrotakoak dira.
A.ð Nola sartu zinen jauzien mundu honetan?
T.P.ðEgia esan, jolas moduan, entretenimendu bezala. Hamar-hamaika urterekin, 3 hilabetetako ikastaro bat egin nuen. 40 haur ginen eta 20 autatu gintuzten «C» mailako ekipo bat egiteko; gero «B» mailara pasa nintzen, bertan urtebete egin nuen eta azkenik "A" mailara, Club Natación Metropole-ra, Kanarietako Las Palmas-eko ekipora.
A.ðEstatu mailako ekipo nacional-ean bost urte pasa ondoren, garapen handiak izan ondoren, Igeriketa Federazioak kirolari hoberenari eskaintzen dion saria ere jaso duzu.
T.P.ðBai, halaxe da. Baina utz ditzagun sariak alde batera, bale? Aipatu besterik ez nuke nahi egin lortu ditudan guztiak 10 metrotako plataformatik izan direla.
A.ð Zer behar da lortu duzun maila hori iristeko?
T.P.ðDedikazio itzela, osoa, eta entrenatzaile on bat. Entrenatzaileak ez du prestatzaile fisiko ona bakarrik izan behar, pedagogo eta psikologo oso ona ere bai. Ez pentsa saltaria bere katuz eta erabakiz bakarrik 10 metrotatik jauzten denik, ez horixe! Entrenatzaileak animatu eta konbentzitu egin behar du saltaria, bere gorabeherak ezagutu. Entrenatzaile-kirolari arteko binomioa, harremana, beste edozein kiroletan baino estuagoa da. Horrez gain, kontutan hartu beharrekoa da 5 ordu eta inoiz gehiago pasatzen ditugula entrenatzen, astean behin atseden hartuaz. Eta noski, ukatu beharrik ez dago, profesionalizatzeruntz doala, dagoeneko ekipo nazional osoa profesionala da, nahiz ezer gutxi kobratu...
A.ðEsan al daiteke beraz, konpetizio mailan egiten den kirola dela, ez herrikoia?
T.P.ðBai, halaxe da, zorionez ala zoritxarrez, eta horixe da, gainera, hain minoritario izatearen arrazoia. Kirol garestia da oso, esate baterako, gaur egun, saltagailu batek, soilik, milioi bat balio du, gero plataformako dorrea...
A.ðBeraz, horra hor, kirol honetarako hain instalazio gutxi izatearen arrazoia.
T.P.ðEspainian, Madril, Bartzelona, Las Palmas eta Palma de Mallorca ditugu lanean ari direnak. Horien atzetik Valencia, Sevilla eta Galiziak ere badute instalaziorik, baina nahiko utzia daukate. Euskal Herriari dagokionez oraintsu jakin dut, Gasteizko tipo bat hemen izan dela informazioa jasoz, Arabako hiriburuan kirol honi lekugune bat eskaintzeko asmotan .
A.ðZein da adinik egokiena jauziak egiten hasteko?
T.P.ðAdinik egokiena 8-10 urte bitartekoa da. Adin horretan eta 13 urte bitartean, kirola ezagutzea eta oinarri bat hartzea da helburua. Batipat metro batetako saltagailuan aritzen dira, noizbehinka 3 metrotakoan ere. 13 urterekin gogorrago entrenatzen hasten dira, eta kontutan har, dagoeneko bi ordu gutxienez entrenatzen dutela egunoro. Esan dudanez, helburua apurka apurka hobetzen joaten denez, "Goi errendimenduko" eskolak, bi urtetako froga bat egiten die gaztetxoei: balio badute aurrera, eta bestela...
A.ðKirol selektiboa, beraz...
T.P.ðBadakizu, baldintza eta helburu batzuk jartzen dira, eguneroko bizitzan bezala, onartzen eta gainditzen ez badituzu...
A.ðEta zertan oinarritzen da, eliteko kirolari izateko prestakuntza hori?
T.P.ð Funtsean, Gimnasia Deportiboan, noski, lurreko sailean; ohe elastikoak eta lehorreko saltagailuak polea eta arnes batzuren bidez.
A.ðZer da gehien baloratzen dena Txapelketetan?
T.P.ð Koefiziente ezberdin batzuk daude eta guztien batuketak, puntuazio orokorra ematen digu: arriskua, zehaztasuna eta edertasuna dira koefiziente hauek.
A.ðEz al duzu istripuen beldurrik?
T.P.ðBeldurra ez, errespetoa bai, lehen esan dizudan bezala. Ez dut ukatuko istripurik izaten ez denik, larririk ia inoiz ez, baina kolpeak eta lesioak sarritan. Ezin dugu abaztu, 10 metrotako plataformatik uretarako bidean 80 Km/orduko abiadura hartzen dela bataz beste, eta noski, akats txikienak, abiadura horretan, ondorio txar bat ekar dezake. Baina guzti hori, jokoaren barruan sartzen da. Esperientziak asko laguntzen du, eta batez ere, buru garapenak. Beraz, 24-25 urte litzateke adinik egokiena goi mailan egoteko, garapen fisiko, tekniko, mentala eta esperientziaduna lortu duen unea.
A.ð Eta zuk, adin egokia heldu eta konpetizioa utzi...
T.P.ðMadrilen ikasten dudanez gazteen eskolaren ardura eramatea esakini zideten. Entrenatzaile izatea, nire ametsetariko bat zen eta orain lortu dut. Hiru urtetarako kontratoa egin didate gazteen entrenatzaile modura, eta goi mailako kirolari eta entrenatzaile izatea konpajinatu eta behar bezala txandatu ezin nituenez, oraindik maila altua gordeaz erretiratzeko une egokia zela erabaki nuen, eta ez naiz bat ere damutzen.
Anekdota bat kontatuko dizut erretiroa dela eta. EEBBetan eta Txinan badira hala nolako «Erakarpen edo entretenimendu parkeak>, lehorrean ordez uretan aritzen direnak. Bertan, saltari erretiratuek, ikuskizun bezala, jauzi komikoak egiten dituzte. Eskutitz bat ailegatu zitzaidan Federazioara Txinako honelako talde batetako partaide izateko, bi urteren buruan munduan barrena ibiltzeko. Pentsa, zirko batetako partaide bezala, jendearen erakargarri...
A.ð Garbi dago nahiago duzula entrenatu. Zein mailatan daude zure kirolariak?
T.P.ðEuropako lehen hiru edo lau ekipo hoberenen artean daude; absolutuetan, oraintxe hasi dira muturra erakusten, nabaria da entrenatzaileak ere profesionalizatzen hasi direla, eta dagoeneko Europan finalisten artean klasifikatzea ere lortu dute.
AMAIA ELOSEGI
20-21

Gaiez\Kirola\Besteak
Pertsonaiaz\PALOMINO1
Egileez\ELOSEGI3\Kirola

Antxon Pelaio/Gorka Arrese

Joxe Angel Iribar, "Makatza", Bilbao Athletic-eko entrenatzaile izango denari elkarrizketa
Joxe Angel Iribar: "Euskal Jokalarien Aldekoa Nauk Gauza Guztien Gainetik"
Ez zaigu batere erreza suertatu Joxe Angel Iribar "Makatza"rekin elkarriketa hau egitea, mundu guztiak dakien bezala, Ingalaterratik ailegatu berri den Howard Kendall aurkeztu bait dute Bilboko Athletic taldean, eta zarauztar entrenatzaileak makina bat bilera eta mintzaldi egin behar izan ditu klubeko zuzendaritza batzarrarekin, hemendik aurrera bere etorkizana zertan izango den argitzeko, baita halaber britainiar mister berriarekin ere iragan den denboraldiko lanen berri emateko. Bilbao Athletic-en gidaritzapean jarriko da berriz ere "Makatza" Lezamako harrobia zaintzen eta mamitzen. Hala kontatzen digu behintzat, Errealak Zaragozan lortu duen kopako garaipenaz patxadaz solastu eta ospatuz gero.
GALDERA: Bilbao Athletic taldean hasi hintzen lehendabizikoz entrenatzaile gisan Lezamako zelaietan. Urte onak emaitzen aldetik eta urte gutxian maila gorenera nahiko berehalako erabakiz.
ERANTZUNA: Lehenengoz beheko mailan hasi nintzen entrenatzaile bezala, Athletic-eko infantilekin alegia, uan Bilbao Athletic-era pasatzeko gero. Eta lau urte pasatu nizkian bigarren taldearekin. Aurrenengo urtean bigarren postua lortu genian klasifikapen onenarekin, baina beste hiru igaro genizkian erdi aldeko tokitan. Uste diat ez nintzela segituan igo lehendabiziko taldera, baizik eta lau urteko lan luzearen ondorioz ailegatu nintzela, behetik hasita eta ondo ezagututa. Ez lortutako emaitzengaitik. Bilbao Athletic gainera jokalariak ateratzeko helburuz aritu duk beti.
GALDERA: Ordea, hi Athletic-era igotzean bazegok aurretik afera sonatu zenbait, direktiba une larrian ipini zuena eta bazkideak eritziz zatitu antzera: Clemente-Sarabia istiluak alde batetik, eta baita Guzmán-en bahiketa ere tartean...
ERANTZUNA: Itxura txarra zian hark jokalarientzat. Eztabaida horiekin krisis baten barrenean sartu huen, bai taldea eta direktiba batez ere. Nik krisis hori konpondu barik hartu nian ekipoa. Nabaria duk. Gainera, gero ikusi behar duk oso emaitza onak lortzetik zetorrela Athleticðbere historian zehar lortu dituen berezienak, beraien zailtasunagatikð, eta istilu horiek bazeudela hasiera batetik banekian. Baina poliki poliki irtenbide bat bilatzeko asmoz, klubeko militante bat gehiago bezala hartu nian bete beharreko lana nere gain, zeuden arazo guztiak asumituz.
Denboraldi Istilutsu Baten Ondotik Lehendabiziko Taldeko Entrenatzaile
GALDERA: Zein kondiziotan burutu huen kontratua. Eta zein helburuz hasi zen bukatu berri denboraldia, klubaren intentzioz eta hire ikuspegiz?
ERANTZUNA: Entrenatzaile bezala, entrenatzaile guztiek bezala, emaitza onak, ahalik onenak lortzeko asmoekin ekin nion denboraldiari, jakina. Hauek lortu ezkero gauzak ongi joaten dituk leku guztietan. Betiko helburu nagusia duk, ezta. Baina aurtengo amaieran erakutsi diate emaitzek ez dela helburua lortu.
GALDERA: Bai, begibistan da gauzak ez direla pentsatu bezala atera. Lehendabiziko bueltaren ondoren arazoak pilatu dira bata bestearen ondotik.
ERANTZUNA: Nolabait kirolariek dituzten arazo fisikoak dituk horiek. Aurtengo denboraldia atipikoa egin duten arazoak zaurienak izan dituk batez ere. Hainbeste zauritu eta hainbeste denborako luzapenaz, dinamika batean sartu izan gaitu gainditzea oso zaila izan denai Ekipo bat osatzea, talde sendo baten moduan jokatzea, eta jokalari bakoitza indibidualki forma berezi bat jartzea egoera horretan ez duk batere erreza. Dena batera ailegatu huen gainera.
GALDERA: Hain zuzen, hori adierazgarria duk, ze azken boladatan Athletic-eko jokalarien prestakuntza fisikoa guztiz enbiriagarria bihurtu huen. Delgado seleziora eraman ziaten preparatzaile gisan eta segidan erori dituk orduko txapeldunak. Apostu hartan erreketarik gertatu huen ala?
ERANTZUNA: Kirol guztitan nabaria duk, bost urtetan gorputz bat, talde bat halako lan berezia egiten, mailarik lehen lehenean mantzentzen edukitzeak, horrek faktura pasatu behar dik. Garbi eduki behar den kontua duk. Eta eliteko deportean normala denez, ba horrek ez du esan nahi erreta daudenik, baizik eta ez dagozela lehen bezala. Honen azterketa bat egiteko denbora duk oraingoa.
GALDERA: Ez da kontraesankorra jubenilak hain gogor ibiltzea eta Bilbao Athletic lasai samar, eta bestalde lehendabiziko ekipoa ezin egokitzea.
ERANTZUNA: Kontraesana ez. Ze ez duk berdina Lehen Dibisioan jokatzea, ezta pentsatu ere. Oso desberdina duk. Bitartean etapa batzuk erre behar dituk nahita nahi ez. Eta etapa bat erretzen ari gaituk orain.
Hogeitabost urte bazeramazkiat Bilbon, eta pasatu dizkiat orain baino egoera txarragoak emaitzetan. Hiru partidu faltan eta bigarren mailara jeisteko zori bizian. Horrenbestekoa ez diagu aurten pasa. Athletic-ek daraman politikarekin "Errealak daramana bezala" momentu batzutan derrigorrez pasa behar dituk halakoak. Erre egin behar dik hori nolabait, baina beti epe luzera begira hurrungo gorakada horren bila, eta etorriko duk piskat burua hotz mantenduz, lana ondo eginaz eta planifikazio on batekin.
Athletic-ek hogeitazazpi urte pasatu dizkik berriro txapela bat lortu ahal izateko. Guk daramagun politikak eskatzen dik etapa horiek jasan behar izatea. Politika hori asumitzen dugun neurrian halako egoerak ulertu behar dizkiagu.
GALDERA: Prentsa aldetik kritikak eta erasoak ez dituk faltatu behin eta berriro. Donostian Ormaetxearen ondotik Toshack ekarrita, antzeko zerbait iragartzen arituko balira bezala Bilbon. Ingeles bat Iribarren ondotik!
ERANTZUNA: Ezin jakin. Baina prentsak taldeari, eta era berean neri, hasiera hasieratik kritika haundiak egin zizkiok, baita pretenporadan ere. Halako lehendabiziko buelta eginda ere, Real Madrid-eri han irabazita ere. Prentsak presio haundia egin ziok taldeari nere ustez. Lehenagotik zetorren krisis horrek zekarren kontua duk igual. Eta orain berriz ilusioz agertzen dik prentsak Kendall-en presentzia... Berak eskatzen dizkidan lanetan lagunduko zioat ahal dudan guztitan.
GALDERA: Lezamako estilo ingelesak sarritan hitzegiten da. Baloi luzeak hutsunetara bota medio aurkakoaren atera bizkor iristea errezten duena. Aurrelariengana zailki heltzen da ordea larrua eta golak eskazian izan dituk.
ERANTZUNA: Esango niake Lezaman ez dela futbol ingelesaren eskola segitzen. Estiloa gurea da gutxi gorabehera, Athletic-arena. Ereduak beti hurreratzen dituk hala ere, baina gure estiloa desberdin samarra duk, ze guk asko arriskatzen diagu, ingelesek baino gehiago. Horregatik galtzen dizkiagu hainbeste baloi. Esango diate hango taldeak hobeto organizatzen direla, beste mentalidade batekin.
Guk arrisku gehiagorekin jokatzen diagu zalantzarik gabe, eta arriskua hartu dugunean, talde ona tokatuta, orduan emaitza onenak lortu dizkiagu. Funtzionatzen ez duenean, ba taldea ondo erabili gabea izan delako da, ekilibrioa lortu ez dugulako. Etapa honetan ez zeukagu talde egokirik. Arazoak errez ugaritu dituk aurrelarien lesiotan. Bigarren bueltan batez ere: Noriega, Argote, baita De Andres, Urtubi. Lerroen arteko ekilibrioa bilatu behar diagu. Hori duk Lezamako lehen lana.
GALDERA: Zaila omen duk Athletic-en aurka jokatzea. Zelai guztian barrena egundoko presioa egiten bait dik etengabe. Baina golik ez.
ERANTZUNA: Azpimarratu behar dena zera duk, lehendabiziko bueltan golik gehiena egin duen bigarren taldea izan garela. Gero jokoa aldatu behar izan diagu jokatzeko era, aurrekaldean sartu behar izan diren jokalari berrien ezaugarri desberdinak zituztelako, eta ezaugarri haiek eskatzen zutenera egokitu behar izan dugulako. Hirugarren-laugarren... toki horietan borrokatu diagu aurrenengo bueltan, denera hogeitasei gol lortuz.
Ez da zarauztarra delako, baina nabarmendu nahiko niake Argotek suposatu duena, eta bere faltatzeak ekarritakoa: Estanisek eman dizkik golik gehienak, eta berak ere sartu dizkik dexente. Bera falta izan denean sortu dituk arazoak eta korapiloak. Hogeitasei goletik hamaika golera jeistea bada aldea.
GALDERA: Datorrenerako Howard Kendall ailegatu da Lezamaraðez da kasualidadea britanikoa izateað. Badaezpadako emaitzak Ingalaterran, eta Bilboko taldea iraultzeko asmoz. Bere ikuspegiak marraztutako egituraketa burutu ahal izango du, ala, aitzitik, mementu honetako jokalarien ezaugarrietara egokitu beharko duk bera. Oso goiz hasiko den denboraldi honetarako zalantzak!
ERANTZUNA: Horretaz hitzegin diagu orain arteko aurrenengo gure enkontrutan. Horretaz Errealak Zaragozan jokatutako finalean eta baita aurretik ere. Aurrera eraman dugun lanaz, jokalarien ezaugarri zenbaitetaz eta abar. Bazekik jende berri asko ekarri behar izan dudala joan den denboraldi honetan, eta horiekin kontatu beharko duela neurri haundi batean behintzat.
Gure esperientziak garti erakutsi ziguk taldea moldatu arte lan asko egin beharko duela, buelta asko eman beharko dizkiola eta zenbait egituraketa probatu beharko dituela benetako egitura lortu bitartean. Gero eta errezago gertatuko zaiok denhora pasata, baina hala eta-guztiz ere denbora eman beharko zaiok, eta hartu beharko dik!
Nere eritziz, nahiko du, bai, bere futbolaren ikuskera aplikatu, hain emaitza onak eman dizkion sistema erabili. Baina horretarako jokalarian beharko dizkik, eta segun eta zein jokalari eduki horretara moldatuko duk. Hala ere positiboa duk berak abipuntu eta helburu finko bat ekartzea bai harrobiaz baliatzeko bai taldeari bere gustoko moldeak emateko.
GALDERA: Euskal entrenatzaile asko ibili duk eta zebilek kanpoko taldetan: Azkargorta, Maguregi, Irulegi, Aranguren, Clemente, Ormaetxea... Baina euskal taldeetan kanpotarrak dituk maisu: Brizc izan duk Osasunan, Toshack Errealean, Kendall Bilbora. Ez zegok gaitasunik euskaldunen artean? Entrenatzaileengan da arazoa?
ERANTZUNA: Ez. Neretzako prolema zera duk, emaitzak egun batetik bestera lortu nahi direla. Eta ematen dik hori lortuko bada beren kalitatea sobera erakutsi dutenekin bakarrik lortuko dela, kanpotik ekarritako entrenatzaileekin. Gertatzen duk liga nolabaiteko karrera batean murgildu dela erresultadoak lehen bait lehen eskuratzeko, eta bazirudik kanpotarren jakinduriak segituan ekarriko dituztela!
GALDERA: Begibistan da karrera hori indartu nahi izan dela gainera. Gero eta euskal jokalari gehiago joaten dituk Estatuko beste taldeetara, diruaren bueltan, harrobiko politikak epe laburrera ematen ez duen arrakastaren bila...
ERANTZUNA: Pixkanaka enpresak bihurtzen ari dituk klubak, eta enpresari direktiboak. Kirolarentzako ona izan zitekek akaso, antolakuntza hobea egon daitekeelako. Euskal taldeentzat ordea kaltegarria izango duk, dudarik gabe. Komertzio libreko ekonomia horretan abiatuz gero, dinamika gatza izango da harrobian oinarritzen diren gurea bezalako klubentzako. Gogoratu bestela Julio Salinasekin gertatu zena iaz, Zubizarretari eskeini zitzaion aukera. Filosofia hori ez zegok gure faboretan, eta emaitzak lortzea gero eta zailago izango dela esan nahi dik horrek.
GALDERA: Eskubaloian eta saskibaloian kanpotar jokalariak bazeudek. Baina futbolean ez duk oraindik halakorik gertatu. Zergatik kanpotar entrenatzaileen aldeko baietza?
ERANTZUNA: Tradizioa akaso. Normaltzat hartu duk kanpoko entrenatzaile-maisuak ekartzea. Eta ez duk hola gertatu jokalariekin. Pedagogia erizpidea edo, nik zer dakit. Ni euskal jokalarien aldekoa nauk gauza guztien gainetik, nahiz eta beherakada asko jasan behar izaten ditugun horregatik. Baina tira, eutei.
GALDERA: Ez zaik burutik pasatu beste Lehen Dibisioko talde bat entrenatzea?
ERANTZUNA: Ez, ez. Nere asmoa Athletic-en segi eta bertan bukatzekoa duk. Ez zeukat bestelako helbururik. Bilbao Athletic-en lana egiteak ilusio haundia egiten zidak, lehen neukan adina. Lan honen ardura berriro ere nere gain hartzeko egundoko motibazioa zeukat, betiere taldearentzako mesedagarri izaten jarraitzen duen bitartean. Pixkat militante lana duk alde batetik eta nere ogibidea bestalde, bien arteko harreman estu bat.
ANTXON PELAIO. GORKA ARRESE
35-39

Gaiez\Kirola\Futbola\Taldeak\Athletic Cl
Gaiez\Kirola\Futbola\Entrenatzai
Pertsonaiaz\IRIBAR1
Egileez\ARRESE1\Kirola
Egileez\PELAIO1\Kirola

Pello Zubiria

Joanmari Beltran, "Txanbela" taldeko partaideari elkarrizketa
«Txanbela» Taldeak Plazaratu Berri Duen Diskari Buruz
Joanmari Beltranekin: "Ausardia Bederen Gelditu Behar Zaigu"
"Doinurik doinu'' du izena "Txanbela", taldeak plazaratu duen diska berriak. "Azala'' taldearekin aritua, bigarren diska du Beltranek Txanbela talde gaztearekin. Hernaniko kontserbatorioan ari da.
ARGIA.ðZein erizpiderekin hautatu dituzue diska honetako kanta eta piezak?
JOANMARI BELTRAN.ð Aurreko diskarekin erizpide batean berdina da: Euskal Herri osoa hartu, Iparraldetik Hego-Hegoaldera, Arabako Billabuenaraino, ezkerretik Arratia, eskuinetik Zuberoa, eta tarteko guztian kostaldea bezala barnekaldea. Soinutresnak kontutan hartuta, berezienak: alboka doinuak, tronparenak, txistua, xirula, gaita. Hitzak ere konponente serio bat dira diska honetan.
A.ðPieza asko kantutegietatik hartuak dituzue. Noiz agortuko da herri musikaren iturria?
JM.B.ðGauza asko dago argitaratuta eta oraindik entzuteko plazaratu gabea. Jendeak ezagutzen ez duen asko. Azkuek bakarrik mila eta bat jasoak ditu, Aita Donostiak laurehun bat, Salaberrik beste mordo bat, Lekuonak, eta abarrek. Aparte bertso doinuak.
Gero tresna bakoitzaren errepertorioak daude, gaitarena, dultzainarena, albokarena... Baina gainera asko bildu ere egin gabe dago. Xirulaz oso gutxi dago egina; hor dago errepertorio bat, jotzen dena baina irork jaso ez duena. Gipuzkoako albokarekin oso gutxi egin da. Tronparena ere jaso gabe dago. Asko falta da jasotzeko tresnen errepertorioan bezala kantuetan.
A.ðLetra berriak sartu dituzue, doinu tradizionalez josita.
JM.B.ðHistorian beti sartu dira ideiak musikarekin batera, eta guk ere halako zerbait nahi genuen. Batzuetan musika gorde eta letra berria jarri dugu. Historiak erakusten du historia ezberdinak kontatu direla musika berarekin, eta letrak ahantzi direnean ere musika geratu da. Oraingoan, bestalde, denbora izan dugu: gauzak patxadaz prestatzeko, letrak egin ditzakeen jendearekin egoteko. Aurreko diskaren presarik ez dugu izan. Taldean, gainera, trebeago gabiltza tresnekin: taldeko hiruk hiru urte t'erdi daramagula elkarrekin, eta bi berriak ere oso ongi sartu dira.
A.ðEta ausardia ikusten zaizue. 1987an "Tronparena" kantatzea, "dindondandindibidon"...
JM.B.ðAusardia bederen gelditu behar zaigu. Apostua egiten dugunean badakigu royalti asko ez dugula aterako, baina iruditzen zaiguna behintzat egingo dugu. Tronparen doinu bat sartzea ez da erreza. Eta guk tronparen inguruan sagardotegian sortzen zen giroa nahi izan dugu sartu, koadrila kantari, tronpa, txistua ere hor izaten zen, trikitixa sartu zen. Giro hori lortu dugula uste dut.
A.ðKantuen esplikazioa eman nahi huen hasieran.
JM.B.ðTelegrafikoki egiten saiatuko nauk. "Gu Txanbela": kantaldia hasterakoan taldea eta bere asmoak azaltzeko. "Fandango zaharra": mendeak daramatza txistuak kalean eta XVIII. mendean asko jotzen zen pieza aukeratu dugu. "Garati albokaz": atabalari zuberotar inportante eta alai bat, gaur etxean eta tristerik dena, eta omendu nahi izan duguna, beste puntako tresna batekin «Txori errexiñoletak», abotsetan kantatzeko apostua. «Makil-jokoa», Arabako hegoaldea.
«Euskaldunberriaren mazurka»: gure kulturako pertsonai inportante horri mazurka kaletar bat erantsi diogu, Lizarrakoa gainera. «Akerra ken», haur kanta. «Branle antzineko kontrapasa»: Zuberoa, xirula eta dantza zahar bat molde zaharrean. «Aldrebeskerietan», gero ere segiko dugun bide baten adibidea, Xenpelar eta Juxtoren hitzekin. "Esmeraldazko Eire gorritua", Euskadi eta Irlanda, hango doinu bat. hartu eta gure moldean igortzen diegu. Bukatzeko, pertsonai inportante bat, Julian Romano, «Rigodoi» polit batekin.
PELLO ZUBIRIA

Herri musikan gizon jakituna dugu Joanmari Beltran
49

Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Diskoak
Gaiez\Kultura\Musika\Argitalpena\Diskoak
Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Pertsonak\Musikoak\BELTRAN1
Gaiez\Kultura\Musika\Musika mode\Taldeak\TXANBELA1
Pertsonaiaz\BELTRAN1
Egileez\ZUBIRIA2\Kultura

Txillardegiri elkarrizketa
Txillardegi: "Ez diogu Euskaltzaindiari Lekua Hartu Nahi"
ARGIA.ðAzentoari buruzko Kongresua, ideiaren lehen urratsak zertan izan dira?
TXILLARDEGI.ðEgia esan, Durangoko bileren ondoren sortu zen ideia. Durangoko bilerak iaz egin ziren, eta azentoari buruzko erabakiren bat hartzea zuten helburu. Beste bilera batzu ere montatu zituen Euskaltzaindiak, hauek Euskal Ahoskera Batuari buruz eta esan behar han ez zela gauza handirik erabaki. Beraz, urtea bete da hain juxtu ere, Durangon ginenak (han zeuden ETB eta Eusko Irratiakoak, AEK, eta euskal munduan gabiltzanak, denetara hogeitamarren bat lagun) pentsatu genuen segitun egin behar genuela beste bilera bat, eta zerbait erabaki, ze Euskaltzaindiak ez bazuen erabakirik hartu nahi edo ez bazuen uste gauzak prest zeudenik holakorik montatzeko, ba bueno, geuk hartuko genuela.
A.ðEta azentoarena erabakitzearen beharra zertan nabaritu duzue, zer. gatik dago erabaki beharra?
TX.ðUste dut euskararen inguruko munduak eta batez ere euskararen irakaskuntzan mugitzen den jendea kezka dabil, eman dezagun AEKkoak. Orain dela gutxi adibidez "Ele" AEKkoen errebistan idatzi nuen azentoari buruz, eskatu zideten eta. Hori guztiz beharrezkotzat jotzen dute irakaskuntza mailan eta euskararen munduan dabiltzanak, Euskal Telebista eta Irratikoak ere askotan esan ohi dute heurak ez dakitela nola jokatu askotan eta horrelakoak. Orduan, edozeinek egin dezake azterketa bat, batez ere linguista bada, eta berehala ikusten da hortik esaten dena, zera hori:"Bilbokoen azentoa edo Bizkaiko azentoa" eta beno, ez da inondik ere Bizkaiko azentoa. Hain zuzen ere Julen Kalzada edo Amuriza bizkaitarrak dira eta ez dute batere azenturik; hori sortu da euskaldunberrien artean.
A.ðZe jende agertuko da handik, agertuko da hizkuntzalari ospetsuren bat ala beste maila batean planteatu da?
TX.-Guk ideia zabaldu diegu euskal azentoaren munduan zerbait esan dezateken, enfin, jende guztiari. Esate baterako gonbidatu dugu Mitxelena, noski, eta era berean baita Haritxelar eta horrelako jendea. gero euskal filologiaren munduan dabiltzenei, bai Gasteizko bai Deustoko eta Donostiako EUTGkoei. AEKkoei, Mari Karmen Garmendiari ere esan zitzaion, neronek esan nien, eta nahi zuten pertsona bidaltzeko, HABEkoak ere gonbidatu ditugu eta beste jende bat ere deitu dugu. Beraz, hogeita bost lagun horiei bidaliko zaie dokumentazio guzti hori: 400 bat folio dira, jendea jakinengainean joan dedin eta orduan, mintegi horretan egunero egunean eguneko gaia aztertuko da. Hori fijaturik dago ez dakit merezi duen konkretatzerik.
A.ðBatzuk Batzarre horretan Euskaltzaindiari lekua hartzeko saioa ikusiko dute agian.
TX.ðGure asmoa ez da inondik inora Euskaltzaindiari lekua hartzea. Hori harrokeria bat izango litzateke gure aldetik. Gure asmoa da Baionan orain dela hogeitahiru urte nolabait berriz egitea: proposamen bat, eta ea Euskaltzaindiak eta ea jendea zer dioen. Ez da erabakirik hartuko baina propasamen batzu egingo ditugu, hori bai.
57

Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\UEU
Pertsonaiaz\TXILLARDEGI

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan