Antton Valverde: "Gure estiloak ez du jarraitzailerik izan"


1986ko azaroaren 16an
Antton Valverde abeslariari elkarrizketa
Antton Valverde: "Gure estiloak ez du jarraitzailerik izan"
Aste honetan bertan egin dira Antton Valverderen azken diskoaren estraineko aurkezpenak. "Urte Giroak Ene Begietan", Lizardi poeta haundiaren obra nagusia, diskoz eta osorik jasoa izan da donostiar kantari eta musikagile honen eskutik. Duela hamasei bat urte hasi zen Antton plazaz plaza kantari, eta azken zazpi-zortzi urteotan tauletatik urrundu egin da guztiz. Zumarragan, Garazi, Tolosa, Zarautz eta Oiartzun izan dira urrunketa horrek izan dituen eszepziozko etenaldi bakanak. Eta halere jendeak deitzen segitzen du Antton Valverde herritara kantatzen joateko. Xabier Leterekin bikote banaduezina osatu izan du beti Xabierrek, eta oraindik ere zor haundia aitortzen du Anttonek Leteri buruz mintzatzerakoan. Industrias Gráficas Valverde lantegiko arduraduna izaki, horretara emana bizi da. Bere bizimodu intentso horretako ordu erdi bat ebatsi genuen ondoko hitzok errejistratu ahal izateko.
GALDERA: Disko berriaz hitzegiten hasteko mementuan, aurreko diskotik hona izan den parentesia edo isiluneari buruz hitzegin behar genuke.
ERANTZUNA: Aurreko diskoa "Lauaxeta" izan zen, orain dela urte askotxo kaleratu zena, eta ordutik hona nire diskogintzari dagokionez isilunea izan da, baina ez bakarrik diskotan, kantalditan ere bai. Hiruzpalau eszepzio kenduta kantaldirik ere ez bait dut egin azken sei-zazpi urte hauetan. Gure azken kantaldiak Pantxo ta Peio, Xabier, Lourdes eta boston artean eman genituen, eta haiekin konforme geunden, egiten genuen eran ongi iruditzen zitzaizkigun, baina jasotzen genuen erantzunarekin eta giro harekin ez geunden konforme. Horrela erabaki genuen denok geldiune bat egitea. Ni oraindik geldiune honetan nago. Pantxo ta Peio ez, baina Xabier bai adibidez.
Bitartean, duela hiru urte t'erdi Lizardiren heriotzearen 50. urteurrena gertatu zen, eta Xabierrek eta biok han bai kantatu genuen, Tolosan eta Zarautzen. Kantali hura prestatzeko lehendik kantatzen genituen kantu batzu bildu genituen, Lizardiren hitzez osatutakoak, eta beste berri batzu sortu ere bai. Horrela sortu zen ondoren diskoa grabatzeko asmoa, aurretik genuen materialea batetik eta omenaldi hartarako prestatutakoa bestetik, biltzeko projektua alegia. Azken hiru urte t'erdietan projektu hori burutu baino ez dut egin, disko hauxe da nire azken urte t'erdiko emaitza bakarra.
GALDERA: Disko honek zure geldiune horretatik irteteko espektatibarik sortzen al du? Zuzenean kantatzeko, esan nahi dugu....
ERANTZUNA: Alde batetik, ez dut zuzenean kantatzeko gogorik sentitzen. Bestetik giroa ez dut oso.aproposa ikusten. Eta azkenik, ni pertsonalki oso hartuta nago beste lanekin. Guzti hau, jakina, oso pertsonala da, eta arrazoinik nagusiena lanarena dela esango nuke, lantegi bateko ardura daramat, lantegi hori oso prolema larrietan murgildurik dago eta ni neu horretan buru-belarri sartuta nago. Kantagintzak beste egoera bat eskatuko lidake. Benetan eta serioski kantatzeko beste giro bat beharko luke, beste lasaitasun bat orain ez daukadana.
GALDERA: Kantaldietako giroa nola ikusten duzu? Zertan aldatu da?
ERANTZUNA: Nik horri datu zehatzik ez daukat, ez bait nabil kantatzen eta. Baina halere iruditzen zait (beste zenbaitekin komentatu ondoren ere) giroa ez dela oso txarra, beheraldi bat egon da, baina mementu honetan nik uste dut jendeak gustora hartuko lukeela gure kantagintza, gure kantatzeko modua.
GALDERA: Dena den, zuen kantari belaunaldia nolabait amilduz joan dela esan daiteke.
ERANTZUNA: Hori afirmazio bat da, eta egia gainera. Nik uste dut hori egia dela, baina egin beharreko beste galdera hauxe da: sortu al da ondotik beste belaunaldirik? Gurea bezalako belaunaldi berririk sortu al da? Baliteke nik ongi ezagutzen ez dudanez nonbait egotea, baina geure lanaren jarraitzaile bezala garbi dago ezetz. Beste estilo batzutan noski baietz, jende ugari dabil, baina geure estiloaren barruan ez da jarraitzailerik izan.
GALDERA: Kantari berriak sor daitezen egon beharreko giroaz ere mintza gaitezen. Esate batera, zuek zein girotan hasi zineten kontatzea interesgarria izan liteke.
ERANTZUNA: Besteen kasuan ezingo nuke ezer esan. Nire kasuan, alde batetik musikazale porrokatua nintzelako hasi nintzen, eta bestetik politika aldetik eta sentimendu nazional aldetik nire herriaren alde eta giro bat haustearen alde zerbait egin nahi nuen. Azken ildo horretatik gauzak egiteko aurkitu nuen bide bakarra musikarena izan zen. Neure hasierak giro eta sentimendu horrek bultzatuak izan ziren. Gaur egun asuntoa berdin izango ote litzatekeen ez dakit, horretara egon behar nuke eta.-Ez nago oso ziur eta horrexegatik nahiago dut isilik segitu. Eta horrelako arrazoiren bat garbi ikusten ez dudan arte isilik egongo naiz.
GALDERA: Beharbada kantatzen hasi zinenean, ez zenuen orain bezala lantegi baten zuzendaritza zure ardurapean edukiko, ezta?
ERANTZUNA: Bai, banuen, nik 1 970.ean hartu nuen enpresa baten ardura, eta kantatzen ere justu orduan hasi nintzen, gutxi gora behera. Baina berriz diot, giroarena bat da, baina batez ere ez dut kantatzeko gogo haundirik sentitzen.
Bestetik, orduko garai hura oso diferentea da gaurkoarekin alderatuz gero. Kantatzen zutenek, eta kantatzen genuenok beste modu oso desberdinean, egiten genuen, oso jarrera boluntarista batean esango nuke nik. Oraingoa, ez dakit onerako edo txarrerako, diferentea da. Orduan gauzak ezer estudiatu gabe, eta gehienetan modu inprobisatuegi batez egiten ziren. Orain guzti hori asko aldatu da. Beste era prestatuago batean egiten dira gauzak, profesionaltasun aldetik asko irabazi du gaur egun kantagintzak.
GALDERA: Eta publikoaren aldetik?
ERANTZUNA: Nik uste dut jendea lehen edozein gauza onartzeko prest zegoela, euskalduna izanez gero edozein gauza ongi zegoen. Orain (zorionez, seguru aski) euskalduna izatea ez da aski. Gaur egun jendeak euskalduna izateaz gain ona izatea ere eskatzen du. Lehen baino exijentzia haundiagoa nabaritzen da jendearen artean, eta hori, noski, ona da.
GALDERA: Zuek kantatzeari utzita, zein ondorio ekarri zuen eten horrek?
ERANTZUNA: Hasteko, gu ez ginen izan kantatzeari utzi genion bakarrak. Beste askok ere kantatzeari utzi egin zioten. Hutsune bat gertatu zen, erabateko hutsune bat: politikoa, artistikoa, argitalpen munduan... oso egoera nahasia eta giro eskasa gertatu zen eta horren ondorioz hutsune orokor hori sortu zen. Hutsune hori, hau ere esan dezagun, egoera politiko baten ondorioa izan zen. Gerora, nahitaez, berpizkunde berri bat etorri zen eta gauza berriak ere sortuz joan ziren. Une honetan, gauzak aurrera doaz, berpiz kunde horren erdian gaudela esango nuke.
GALDERA: Garai haiekiko nostalgiarik baduzu?
ERANTZUNA:Ez, batez.
GALDERA: Nazkaturik bai agian?
ERANTZUNA: Begira, esango dudan hau oso neurea da, seguru aski neuri bakarrik aplikatu ahal izango zait eta. Badago jende bat kantatzearren eszenario gainera igotzen denean gustora aritzen dena, taulen gainean gratifikazioa jasotzen duena, baina ni ez naiz halakoa. Orain ez kantatzeagatik nik ez dut penarik hartzen, kantatzea tokatu zaidan bakoitzean azken mementuan beti damutu izan naiz, asko sufritzen dut publikoan kantatu behar dudanean.
GALDERA: Utz ezazu irudimena libre segundu batean. Berriz kantatzen hastekotan, zein baldintzatan egingo zenuke?
ERANTZUNA: Hasteko, askoz giro intimoago batean izan behar luke, lehenagoko kantaldi masibo haiek bazterrean utziz. Baina zaila egiten zait hortik aurrera ezer imajinatzea, bene-benetan ez bait dut berriz kantatzen hasteko asmorik.
GALDERA: Ikus dezagun orain zure disko berri hau: "Urte Giroak Ene Begietan". Zein berritasun dakarkigu?
ERANTZUNA: Ez dut uste berrikuntzarik dakarrenik. Aurreko diskoekin alderatuz gero, aldaketa formalak dira gehien bat nabari direnak. Arregloetan, esate batera. Orain arte neu bakarrik ibili izan naiz beti arregloak egiteko orduan. Oso ahalmen mugatuarekin, gainera. Pianoa, kitarra, organoa, bigarren ahotsak, den-dena neuk egin beharra neukan. Azken disko honetan askoz ahalmen haundiagoekin kontatu ahal izan dut, Carlos Jimenez-ekin aritu naiz arreglotan, oso ongi konpondu naiz berarekin, eta lehenbiziko aldiz beste zenbait elementu sartu ahal izan ditut: soka-kuartetoa, akordeoia... Diskoak ekarriko dituen aldaketarik haundiena horiek izango dira, aldaketa formalak. Bestetik, aipatzekoa da gai eta hitzen aldetik diskoak dakarrena. Lehenengo diskoan autore desberdinen testoak hartu nituen, eta elkarren aldamenean ematen nituen. Geroago, disko monografikoa etorri zen, Lauaxetari dedikatua. Oraingoa, monografikoa izateaz gain obra bakar eta oso bat da: Lizardiren "Urte Giroak Ene Begietan". Hasi eta bukatu arte hitzek batasun erabatekoa ematen diote diskoari.
GALDERA: Nondik datorkizu Lizardirekiko joera?
ERANTZUNA: Ez dut uste Lizardirekiko joera edo gusto hori neurea bakarrik denik, jende askorentzat bait da Lizardi oso gustokoa. Horrezaz aparte, etxean Lizardi betidanik ezagutu izan dut, nire aita zenak euskara ikasten zuen Lizardiren bertsoak irakurriz. Gure aitak bazuen magnetofoi bat eta hantxe grabatzen zuen Lizardiren obra guztia. Grabaketa edo irakurketa horietan gogoan dut beti Brahms-en musika erabiltzen zuela, bigarren sinfonia. Oroimen hori beti grabatua izan dut gogoan, eta horregatik betidanik eduki dut Lizardiganako halako nahikundea edo zerbait berezia. Alde horretatik, disko honen burutzeak asko esan nahi du niretzat. Tartean Brahms-en bigarren sinfoniako puska bat ere sartzen dut.
GALDERA: Literaturarekiko gustoa bezala, musikarena ere etxeko girotik etorriko zitzaizun, ezta?
ERANTZUNA: Bai, sei urte besterik ez nituela hasi nintzen musika ikasten, solfeoa eta pianoa. Gure familian beti egon da musika giro haundi bat. Solfeo eta piano karrera osoa, bukatu nuen, eta ezkondu ondoren ere armonia eta konposizioa ikasi nuen.
GALDERA: Inoiz ez duzu izan letrak musikatzeaz aparte beste zerbait konposatzeko gogorik?
ERANTZUNA: Gustatu bai, gustatuko litzaidake, baina ez daukat denborarik. Diskoetan orain arte egin dudana konposatzea da ere, baina oso era sinple batean. Sinfonia bat edo kontzertu luzeago bat egiteko abildadea eta denbora beharko nuke, orain ez daukadana, eta nahiz eta estudioak baditudan praktikan guztiz ezinezkoa gertatzen zait.
GALDERA: Orain arte egindako zure diskoetan askotan hartzen da inpresioa austeroegiak direla instrumentuen aldetik eta? Ez zenituzke gaur egun beste modu desberdin batean egingo?
ERANTZUNA: Gorago esan dut orain arte beti bakar-bakarrik ibili naizela, eta muga hortik eta nik jo ditzakedan musika-tresnetatik etorri da. "Lauaxeta"n hori nabarmena da eta esate batera Joxean Artzek behin baino gehiagotan esan dit disko hori berriz grabatu beharko litzatekeela, gauzak behar bezala egin behar direla, instrumentu konbentzionalekin etabar. Nik ez dakit mereziko lukeen berriz ere disko horrekin lanean hasteak, dagoeneko badago egina, nahiz eta oso gustora ez. Gainera ni oso lentoa naiz lanean, eta urtebete edo gehiago beharko nuke disko hori berriz egiteko.
GALDERA: Bukatzeko, Antton, zein da oroimenik goxoena ekartzen dizun kantaldia?
ERANTZUNA: Hau ez da oroimen goxoa, baina behin gertatu zitzaigun Aretxabaletan ez zela inor etorri kantaldia, baina inor inor ere ez, zero. Eta kantatu egin genuen noski, kantu pare bat besterik ez bazen ere. Gehien maite ditudan kantaldiak, bestaldetik, bi dira: bata, Madrilen, Oskarbirekin batera, hori oso ongi atera zitzaigun eta oso gustora geratu nintzen, hori orain dela zortzi urte edo; eta bestea, oso ondo atera zena Raimonekin batera Xabierrek eta biok emandakoa izan zen, ez dakit musika aldetik baina giro aldetik eta primeran irten zen, oso jaialdi polita izan zen.
Josu LANDA. ARTASO
45-49

GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakVALVERDE1
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazVALVERDE1
EgileezLANDA2Kultura
EgileezARTASO1Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude