Basauriko "Sagarrak" talde naturzalea duela bi urtetako udan jaiotako talde bat dugu.
Denbora honen zehar filosofia naturistaren hezkuntzan eta zabalkundean aritu da hainbat ikastaro eta ekintza antolatuz. Besteak beste hauek dira batzu: Energioterapiari buruzko ikastaroa, Ihardunaldi Naturistak, Nerbioiaren Jeitsieran laguntzaileak, Naturismoaren Zabalkunderako Hitzaldiak, Autoezagutzari Burozko ikastaroa. CANEko (Coordinadora Asamblearia del Movimiento Ecologista) partaideak dira. Orain amaitu berria dugu Elikadura eta Osasunari burazko ikastaroa. Honetaz eta taldeko beste hainbat gauzataz hitz egiteko Paco Gonzalez, Bobi Galdos eta Montxu Guinea ditugu solaskide.
ARGIA.Ze garrantzia dauka elikadurak osasunean?
SAGARRAK TALDEA. Oso handia, baina ez funtsezkoa. Osasuna faktore askoren ondorioa da, zeinean elikadura eta oreka emozionala garrantzitsuenak dira. Elikadura inportantea da, eta osasuna lortzeko ibili behar dugun bide zati bat da.
Hala ere osasunari ez zaio behar duen garrantzia ematen, ezta medikuntzan ere, guztia ez izan arren.
Izan daiteke ondo elikatzen den pertsona bat, baina bere bizitzan nahigabe batzu baditu, lanean txarto badoakio, etab., eta honek bere eragina du. Enerji gastua dago beste alde batetik. Honetaz gain alkohola edaten badu, erretzen badu eta txarto elikatzen bada kontu egizu. Kontutan hartu egunean bi edo hiru aldiz jaten duzula eta egun asko dira urtean zehar. Gainera elikaduraren ondorioak ez dira nabaritzen hurrengo egunean. Hau epe luzerakoa da, eta urteen buruan elikatze txar honek bere eragina izango du.
A. Posible dakusazue elikadura naturista Basauri bezalako leku batean; kez, kotxez, fabrikez ete maderoz inguratutako herri bat. Tentsio emozionala izugarri igotzen den leku batean eta gainera elikagaiak naturalak ez direnetan?
S.T.Hori justifikapen bat besterik ez da aldaketa bat ez izateko norberaren bizimoduan. Bizimodu osasuntsuagoaren beldur izatea. Naturistak garenez ekologistak ere bai, eta ados gaude kutsadura eta ingurugiro kutsatuaren kontrako borrokarekin. Baina ez da beti lortzen dena ala ezerez, elikadura osasuntsuago baten alde burrukatu behar da. Zedozer lortzen dugun neurrian gorputza eta ingurua osasuntsuago bihurtzen dugu. Gauza bera psikikoarekin, gizarte honek ezartzen dizkigun moldeak apurtuz. Ingurugiro, elikadura eta harreman pertsonalaren hobekuntzaren aldeko burrukak batera doaz, horregatik gara naturistak.
A.Naturismoak jende arteko harremanak ulertzeko era berri bat sor dezake? Zertan gauzatzen da hau eta zein da zuen taldeko naturista eta kaleko edozein gizakumearen arteko ezberdintasuna?
S.T.Nik uste dut naturistok nahi duguna harreman ezberdin bat erraztea dela; gure gizarte zapaltzaile, baztertzaile eta erasotzailea aldatzen saiatzea. Ordezkatzea baino harreman sanoagoa egon dadin. Zentzu horretan teknika batzu lantzen ditugu libreagoak izateko barnean. Teknika hauen artean gorputz adierazpidea, autoezagutzerako teknikak... taldeko batzu yoga egiten dute. Norberaren ezagutzera zuzenduak harreman sanoagoa izateko.
A. Giza aldakuntzaren aldekoak zarete baina ikuspuntu indibidualetik abiatuak, gizartearen aldaketa gizabanakoen aldakuntzatik.
S.T. Bai jakina. Nik uste dut gizartearen aldaketa gizabanakoa aldatuz izan behar dela, bere pentsaera. Gure ustez hori porrot egin ezinezko iraultza litzateke, norberarengan loratua bait legoke. Guretzat naturismoa ez da utopia, hor dagoen zedozer da. Jendarteko harremanak bihotzezkoagoak lirateke, haiek, dauden giroa errespetatuz.
Hau, gurea bezalako gizarte batean utopia hutsa da gehiengoarentzat. Baina gure ustez benetako zoriontasuna hortik doa. Naturarekin ados egon behar dugu. Hau diskutiezina da, bestela natura gure kontra bihurtuko da. Hor daude «aurrerakuntzak» dakartzakigun gaixotasun eta katastrofeak.
A.Gazteriaren sektore batek etorkizunik ez dela uste du. «No Future» ideia aurrera doa. Zer uste duzue?
S.T. Gauden momentuak hausnarketarako izan beharko luke; teknikaren alde onak eta utzitako batzu berrartu.
Dena den bai dut uste gazteriaren artean desmoralizazio egoeran gaudela, gerla handi baten posibilitatea dela eta, langabezia dela eta... Baina badago gerraren kontrako jarrera bat Europako mugimendu pazifistan horri aurre egiteko. Sistemari aurre egitea, ahalik eta gutxien lan egitea, kontsumismoa gudukatuz. Erreakzio hau txikia da, baina handituz joan daiteke. Europan adibidez, Mugimendu Alternatiboa harreman ezberdina garatzen ari da.
Etorkizuna goitik ematen dizuten zedozer bada, jai duzu, ez dizute inoiz emango. Ekoizpenik handiena ateratzen saiatzen dira, dena dago berekoikerian eta elkar lehian oinarrituta.
A. Arazo batzu ditugu. Gizartea gaixorik dago eta gaixoak sortzen ditu. Bestaldetik, gizarteak badauka horretarako erremedioa: Segurantza Soziala eta ohizko medikuntza. Baina naturistek automedikuntzara jotzen duzue. Norberaren medikua izatera.
S.T. Medikurik onena zure gorputza duzu, eta osasunaren autojestioa lortu behar da. Seguritate Soziala gaixoz beteta dago. Gaixotasunak osatzen doazela esaten da, baina nik jende gaztea ezagutzen dut bi edo hiru gaixotasun duena eta zer egin dezakeen honetarako edo besterako galdetzen dizuna. Naturismoa alternatiba bat da norbera hori konpontzen saia dadin; egiten duenaz, bere bizimoduaz, elikaduraz kontzientzia hartuz.
Medikuntza ofiziala teorien gainean dago egina eta hutsune ugari dauka. Arriskua da haiek ez dutela errekonozitzen. Gaixotasunaren aurrean medikuntza sintomara doa, ez hori sortu duen arrazoira. Sendagilegoa goiko zerbaitetzat dauka jendeak. Jendea konturatu behar da medikua gorputzaz, ikasketak dituen norbait dela, baina gorputza ezagutzea ia ezinezkoa da. Zergatik batzutan era honetan funtzionatzen du eta beste batzutan beste erara. Nagusikeria horretaz baliatzen da. Bere pozoiek ez dute sendatzen, gorputza da sendatzen duena. Ez dezaten hartu haien triunfoa ez dena.
A.Lehenengo gaiari itzuliz, azalduko zenukete apur bat nekazaritza edo agrikultura biologikoarena eta elikagai naturalena?
S.T.Garrantzitsua deritzogu baserrietan laborantza biologikoa lantzen dutenekin harremanetan egoteari. Haien produktuak erosten ditugu eta duten balorea ematen diegu. Horrela haiek batzutan aurkitzen ez duten irtenbidea damaiegu, ez dagoen merkatu bat zabalduz. Honelako laborantza eta kooperatibak bultzatzen ditugu, etorkizuneko laborantza bakarra baita, laborantza konbentzionala kondenaturik dago. Sistemak beti leporatzen dio laborantia honi errentagarritasun eza. Desertizazioa gero eta handiagoa da. Laborantza biologikoarekin, aldiz, ekoizpen iraunkor bat manten daiteke urtetan zehar, lurra erosionatu barik.
Hau lehen.aipatu dugun hondakin organikoekin lotuta doa.
Hondakin hauek ongarri modura erabiliak izan daitezke ongarri kimikoak erabili beharrean, lurra erre barik.
Taldean honelako laborantzan aritu gara Basauriko mendiko maldan (Basozelai aldean), Udalak bota gintuen arte «erabaki» baten bidez. Bizitza hobeago baten aldekoak bagara, bitartekoak jarri behar ditugu horretarako. Sasoi eta inguruko elikagaiak jatera jo behar dugu. Nahiko zaila gune industrial batean biziez gero, eta bertoko elikagaiak jan behar izango bagenitu, elkar jango genuke leku nahikorik ez egotearren produzitzeko.
A.Honek ere aldakuntza ideologikoa lekarke, gizabanakoaren heziketan ondorioak izango lituzke.
S.T.Bai. Kontzientziarik badago sulfatoz hazitako elikagaiak ez direla komenigarrienak. Argudioa hauxe da: sulfatoa ez baduzu botatzen izurriek jango dizute dena. Baina, jakina, lurra ahul badago izurriak ugarituko dira, eta horretarako pozoin gehiago bota behar.
Zirkulo bizioso batean sartzen gara. Nora garamatza? Pozoin multinazionalen menpe egotera.
Laborantza biologikoa, birziklaketa edo elikadura osasuntsu baten alde egotea, kontzientzi aldaketa dakar jendearengan.
Jendea konsziente bada honetaz, gizarteak hezten joan behar du gai hauetaz, eskoletan, unibertsitate etan... Jendea konturatzen den heinean aldatuz joan daiteke. Ohiturak aldatu behar dira. Buru kontsumista aldatu eta gauzak erabilgarrigoak bihurtu.
![]() |
|
||||
1093 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa