Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Flandes

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

90. urteurrenaren jarraipena

2009-10-21

Azaroaren 19ko Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostiako kontzerturako sarrerak salgai

EOS

Datorren azaroaren 19an Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua antolatu dugu Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan.

Errepertorioa propio aukeratutakoa da: euskal konpositoreen kantuak izango dira, asko ezagunak, gure ibilbideari soinu banda jartzeko. Eta honako kolaborazioekin jantziko da: Miren Urbieta sopranoa, Jon Maya dantzaria, Pier Paul Berzaitz kantaria, Joserra Senperena piano jotzailea eta Jose Ignazio Ansorena txistularia.

Sarrera bakoitzak 20 euro balio ditu eta harpidedunek 12 euroan eskura ditzakete. Sarreren erosketa telefonoz (943 37 15 45) edo Internetez egin daiteke. Azaroaren 9a baino lehenago ibiltzen direnek, sarrerak etxean jasoko dituzte, eta aipatu data baino beranduago erosten dituztenek, leihatilan jaso ahal izango dituzte kontzertuko egunean bertan. Honez gain, ohiko metodo bidez ere erosi ahal izango dira sarrerak.

erantzun
2009-08-19

Miren Jone Azurza, Zeruko ARGIAko zuzendari ohiarekin solasean

Miren Jone Azurza

Dani Blanco

Xabier Letona eta Estitxu Eizagirre, ARGIAko gaur egungo zuzendaria eta erredaktore burua, Miren Jone Azurza, 1969tik 1972ra Zeruko ARGIAko zuzendari izandakoarekin egon ziren solasean duela aste batzuk. Horren haritik, Xabier Letonak Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak izenburupean erreportajea idatzi du, Azurzaren kontakizuna eta hitzak jasoz. Besteak beste, 70eko hamarkadaren hasieran zeuden kolaboratzaileei buruz mintzatu da Azurza, egin nahi zuten astekariari buruz, garai hartan ohikoak ziren isunetaz eta H-aren erabilerak sortu zuen lurrikaraz.

Irakurri Euskarazko kazetaritza modernoaren zimenduak

erantzun
2009-06-17

Victoria Eugenia

Egilea: Joxemari Ostolaza

Donostiako antzokia bisitatzeko aukera izan genuen joan zeneko larunbatean, etxe honetakoek gomitatuta. Urte andana joan da azken aldikoz bertan egon ginenetik. Inoiz ez bezalako poza hartu genuen bere inguruari so eginez, orain artean ikusten ez genion edertasunaz gozatu baikinen. Aurreko seigarren lerroan jarrita, eszenatokia erraldoia iruditu zitzaigun. Estitxuren agindutara Xabi Paya, Sustrai, Andoni, Uxue, Iñaki Murua eta Amets aritu zitzaizkigun bat-batean bertsotan, hauenak tartekaturik Eñaut Agirrek astekarian argitaratutako garai ezberdinetako bertsoak kantatu zituelarik Imanol Kamiok eta Aitor Atxegak piano eta gitarra akustikoz jantzirik. Saioak osoro maila erakargarria mantendu bazuen ere, izan zituen une gorenak, Uztapide zenaren ahotsa entzun eta Ametsek –Uztapidek utzi doinu eta tonalidade berean bere lehen bertsoa kantatu zuenean– eta Andonik bi palku ertzetik ofizioan egin zutenean eta Xabik eta Andonik jendearen artera jaitsiz burutu zutena. Urumea, bide beretik ur berriz. Aukeran, Eñautek kantatutakoak ikusteko aukera eman izan baligute parera jo izango zuten, musikak jan ahotsa bestelako ahoskatzea eskatzen baitu. Merezi du holako formatoan aritzeak, bertsoak hegazti urrun joaten baitira.

erantzun
2009-06-17

Txiki izatearen abantaila handia

Egilea: Eli Pombo

prentsa

Hedabideen etorkizuna hizpide da mahai-inguru, jardunaldi eta hitzaldi askotan, ekonomia krisiari eta paperaren jaitsierari lotuta. Nolakoa izan behar du hemendik 4-5 edo 10 urtetara bizirik egongo den hedabideak?

Telebista, multimedia eta sare sozialak landu beharra aipatzen da han eta hemen. Horixe bera izan zen besteak beste, Vicent Partal  (Vilaweb) eta Juan Varela kazetariek Euskarazko Komunikazio Taldeak (EKT) antolatutako Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet jardunaldian esan zutena.

erantzun guztia irakurri
2009-06-09

Zeruko ARGIAn eta ARGIAn argitaratutako marrazki hautatuen atala sareratu dugu

Kaputxinoek prentsa euskarara edo euskara prentsara ekartzea erabaki zutenean, testuei lotuta umore grafikoa ekarri zuten, hasieran irribarrea baino, hausnarketa espirituala eragin arren. Ordutik hona, euskal marrazkilari askok larrutu du gure errealitatea astekarian. Nagore Irazustabarrena kazetariak errealitate horren laburpena egin du Tintazko irrabarrea erreportajean eta 90. urteurreneko webgunean marrazki hautatuen atala sareratu dugu.

erantzun
2009-06-08

Lurrikara Victoria Eugenian

Egilea: Urko Apaolaza

Seismoa inguru osoan sentitu zen. Adituen ustez baldintza guztiak eman ziren horretarako: 800 laguneko aforoa, eszenatoki paregabea eta bertsotarako giro ederra. Bat baino gehiago sustoa gorputzean zuela atera zen gertaera jazo zen gunetik.

Ikuskizunak Ritcher eskalan neurtuko bagenitu, joan den larunbatean zazpi graduko lurrikara izan zen Donostian. Victoria Eugenia epizentroa. Aieneak eta ikara garrasiak horren testigu. Izan ere, holako bertso saiorik... Sei lagun pikaro eta hiru musikari aritu ziren erreplika etengabean, entzuleei tripako minak jartzen eta bihotzak hunkitzen. 90 urte ospatzeko 90 minutu urrezko.

erantzun guztia irakurri
2009-06-04

Bertso-saioa: erreserbatutako sarrerak jasotzeko ordutegia

ARGIAren 90. urteurrenaren harira larunbatean Donostiako Victoria Eugenian egingo den bertso-saiorako sarrera guztiak agortu egin dira. Sarrerak erreserbatuta dituzuenok, goizeko 11:30etatik aurrera jaso ahal izango dituzue Victoria Eugeniako lehiatiletan, erreserba egin duenaren izenean.

Sarrerak erreserbatu arren azkenean bertso-saiora etortzerik ez duzuenok abixatu guri, zuen sarrerak beste harpidedun batek erabili ditzan.

Gogoratu sarrerak erreserbatu ez dituzuenontzat jada ez dagoela sarrerarik, ez ARGIAn ezta Victoria Eugeniako lehiatiletan ere.

erantzun
2009-06-02

Bertso saiorako harpidedunentzako sarrerak agortu egin dira

Ekainaren 6ko bertso-saiorako gordeta geneuzkan harpidedunentzako sarrerak agortu egin zaizkigu. Erreserba eginda duzuenok, gogoratu sarrerak ekitaldiaren egun berean leihatilan jaso eta ordainduko direla. Gainontzekook, Donostia Kulturaren webgunean erosi ditzakezue, 10 eurotan.

erantzun
2009-05-28

ARGIAk ekainaren 6ko bertso saioaren aurkezpena egin du

Gaur goizean Xabier Letona ARGIAko zuzendariak, Estitxu Eizagirre erredaktore buruak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako teknikariak prentsaurrekoa eskaini dute Victoria Eugenia antzokian, ekainaren 6an leku berean egingo den bertso saioa aurkezteko, ARGIAren 90. urteurrenaren harira. Bertsolariak Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Xabi Paya eta Iñaki Murua izango dira. Eñaut Agirrek ARGIAn argitaratutako bertso jarrien hautaketa kantatuko du, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren musikak indartua. Hain zuzen ere, aste honetan bertan Estitxu Eizagirrek lehen zenbakitik (1919) gaur arte ARGIAn inprimatu diren bertso jarriei buruzko erreportajea idatzi du.

Harpidedun zaretenok bi sarrera doan eskura ditzakezue eta gainontzekoek 10 euroren truke. Sarreren erreserba telefonoz (943 37 15 45) edo Internetez egin daiteke. Erreserba egin ondoren, sarrerak ekitaldiaren egun berean leihatilan jaso eta ordainduko dira.

erantzun
2009-05-12

Donostiako bertso saioko sarrerak salgai daude

Donostiako bertso saioko kartela

Datorren ekainaren 6an bertso saioa antolatu dugu Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Bertsolariak Amets Arzallus, Sustrai Colina, Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Xabi Paya eta Iñaki Murua izango dira. Gai jartzaile lanetan Estitxu Eizagirre ariko da eta bertso musikatuak ere izango dira Eñaut Agirre, Imanol Kamio eta Aitor Atxegaren eskutik.

Harpidedun zaretenok bi sarrera doan eskura ditzakezue eta gainontzekoek 10 euroren truke. Sarreren erreserba telefonoz (943 37 15 45) edo Internetez egin daiteke. Erreserba egin ondoren, sarrerak ekitaldiaren egun berean leihatilan jaso eta ordainduko dira.

Prestatu ditugun ekitaldiak ikusi (gehiago gehitzen joango gara).

erantzun
2009-05-11

BertsoZiriMarra: Inprobisazioaren haritik sokatiran

Egilea: Estitxu Eizagirre

Asisko Urmeneta, Unai Iturriaga eta Fredi Paia

Dani Blanco

Marrazkia eta bertsoaren arteko jolasa gozatu genuen Indautxun (Bilbo) maiatzaren 8an, ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko. Inprobisazioaren hariari tiraka, sokatiran bukatu zuten sortzaileek: Asisko Urmeneta eta Adur Larrea marrazkilariak mutur batean eta Unai Iturriaga, Igor Elortza, Fredi Paia eta Miren Amuriza bestean.

Tenderetea biluzik ageri zen eskenategian, Asisko Urmeneta eta Adur Larrearen irudimena hari batetik zintzilik eta lau bertsolariak marrazkiak pintzekin hartzeko prest. Kale egin ez zuten irakurleek eta Bilboko bertsozaleek jakin-minezko tximeletak zerabiltzaten sabelean. Goxo zegoen Karmen aretoa.

erantzun guztia irakurri
2009-04-27

Zeruko ARGIAn eta ARGIAn argitaratutako iragarkien aukeraketa sareratu dugu

Euskadiko Kutxaren iragarkia

ARGIAren 90. urteurrena dela-eta, pixkanaka-pixkanaka gehitzen goazen ataletako bat da, publizitatearena. Bertan Zeruko ARGIAn eta ARGIAn argitaratu diren zenbait iragarki aukeratu eta sareratu ditugu: Joxe Lizasoren Landeta tabernarena, Freixenetena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Haberena, Irizar-ena, Insalus-ena...

Garrantzitsua da Zeruko ARGIAko orrialdeek euskarazko publizitatearen historian bete zuten papera, besteak beste genero berezia garatzeko aukera ederra eskaini zuten: bertso-iragarkiak. Nagore Irazustabarrena kazetariak Onena baño obea! erreportajean aipatu ditu xehetasun horiek.

erantzun
2009-04-20

Bertso eta marrazki ikuskizunerako sarrerak salgai daude

Bertso eta marrazki ikuskizuneko kartela

Datorren maiatzaren 8an bertso eta marrazki ikuskizuna antolatu dugu Bilbon (Indautxuko El Carmen aretoan). Marrazkilari lanetan Asisko arituko da eta bertsolariak berriz, Fredi Paya, Unai Iturriaga, Miren Amuriza eta Igor Elortza izango dira.

Harpidedun zaretenok bi sarrera doan eskura ditzakezue eta gainontzekoek 3 euroren truke. Sarreren erreserba telefonoz (943 37 15 45) edo Internetez egin daiteke. Erreserba egin ondoren, sarrerak ekitaldiaren egun berean leihatilan jaso eta ordainduko dira.

Prestatuak ditugun ekitaldiak ikusi (gehiago gehitzen joango gara).

erantzun
2009-03-31

Mikel Atxagari omenaldia bihar Donostian

Mikel Atxaga

Dani Blanco

Mikel Atxagari omenaldia egingo diote bihar Donostiako Miramar Jauregian. Azken urteetan zuzendari izan duen Bidegileak bilduman berari buruzko azken alea aurkeztuko du Elixabete Garmendia liburuaren idazleak, Xabier Euskitzek gidatuta.

Joan den urtarrilean, Mikel Atxagak ARGIAren ohorezko saria jaso zuen, euskal prentsaren munduan egindako lanagatik eta Zeruko ARGIAn aritutako urteengatik.

erantzun
2009-03-30

Elkarrizketa eta erreportaje hautatuen bilduma sareratu dugu

Zeruko ARGIAko 1956ko artikulua

Zeruko ARGIA eta ARGIAko hainbat elkarrizketa eta erreportaje aukeratu ditugu eta horien bilduma sareratu dugu, Harribitxiak atalean. Benetako perlak aurki ditzakegu bertan: euskaldunen zurruterako zaletasunari buruz hitz egiten duen Euskaldunak Moskorak? artikulua (1921ekoa); Mikel Laboak bere lehen diskoa argitaratu ondoren eskainitako elkarrizketa (1965); Bernardo Atxagak, Koldo Izagirrek, Ramon Saizarbitoriak eta Ibon Sarasolak Zeruko ARGIAn idatzi zuten lehen artikulua, euskal parlamentari baten amari egindako elkarrizketa (1977); Koldo Izagirrek eta Ramon Saizarbitoriak Oteizari buruz idatzitakoa, Oteizak txorradak esateko makinie inbentau (1977)...

erantzun
2009-03-23

Aita Xanti Onaindia jaio zela 100 urte beteko dira bihar

Xanti Onaindia eta Alfontso Irigoien 1993ko Bertso Eguneko omenduak

Mattin marrazkilariaren karikatura

Aita Xanti Onaindia (1909-1996) karmeldarra eta Euskaltzaindiko kidea oso ezaguna da euskal kulturaren munduan. Besteak beste, bi aldizkari sortu zituen, Karmel (1951) eta Olerti (1959); euskal poesiaren antologia osatu zuen Milla euskal olerki eder (1954) liburuan eta Karmen´go Amaren Egutegia argitaratzen hasi zen (1951). Hainbat omenaldi jaso zituen. Hauek batzuk baino ez dira: 1989an bere jaioterri Amorebieta-Etxanok hiru eguneko omenaldia eskaini zion; urte berean ARGIAk merezimenduzko saria eman zion; 1990ean Eusko Jaurlaritzaren Euskal Letren Saria jaso zuen eta 1993ko Bertsolari Egunean omenaldia eskaini zieten berari eta Alfonso Irigoieni.

Xanti Onaindia: "Poesia da herria gehienik zuzpertzen duena" (Zeruko ARGIA, 610. zenbakia, 1974-11-10)

Anjel Lertxundik Xanti Onaindiari buruz (Zeruko ARGIA, 610. zenbakia, 1974-11-10)

Santiago Onaindia: "Lehengo idazleok oso baztertuak izan gara" (ARGIA, 1.245. zenbakia, 1989-05-21)

erantzun
2009-03-16

Agustin Ezeiza eta Mikel Atxaga Zeruko Argiaz hizketan

Noticias de Gipuzkoa egunkariak Agustin Ezeizari eta Mikel Atxagari egindako elkarrizketa bana argitaratu ditu gaur. Lehena Zeruko Argia astekariaren sortzailea izan zen, bigarrena berriz, bertan aritutako kazetaria eta duela gutxi ARGIAren merezimenduzko saria jasotakoa. Biak Zeruko Argiari buruz ari dira:

"Agustin Ezeiza, Zeruko Argia astekariaren sortzailea: "Baserritarrak kenduta, irakurle berriak sortu behar genituen. Astekari bezala irauteko iragarkiak ere lortzea beharrezkoa zen (...) Euskarazko beste astekaririk ez zegoenez, herri batean konpainia batek antzerki bat egiten bazuen eta gure orrialdeetan atera beste herrietatik dei egiten zioten, eta antzerkigileak eta garai hartako kantariak (Xabier Lete, Lurdes Iriondo...) indartzen eta zabaltzen joan ziren (...) Esango nuke guk hasierakoa egin genuela, bidea urratu, eta gero Argiak pauso handi bat eman duela. Ikaragarri aurreratu du eta gero etorri direnek ildo hori kontuan izan dute".

Mikel Atxaga, Zeruko Argia astekariko kazetaria: "Zeruko Argian nenbilela sekulako itxaropena nuen ikastolatik euskaraz alfabetatuta ateratzen zirenetan: biderkatu egingo zaizkigu irakurleak. Ustea erdia baino gehiago ustel (...) Kazetari euskaldunak ugaltzen ari ziren. Euskarazko egunkari bat egiteko garaia heldu zela uste nuen. Horretarako eskubidea, berriz, Estatutuak berak ere ematen zigun. Aldarrikatzaile eta zirikatzaile izan nintzen. Baina asko sufritu nuen. Ez geunden denon artean egunkari bat egiteko bezain elkartuak. Fidagaizkeria gehiegi zegoen gure artean".

Mikel Atxagaren elkarrizketa osoa irakurri

Agustin Ezeizaren elkarrizketa osoa irakurri

erantzun
2009-02-27

Kolaboratzaileekin bildu gara sagardotegian

ARGIAko kideak eta kolaboratzaileak sagardotegian

Dani Blanco

Hernaniko Larre-Gain sagardotegian elkartu ginen atzo Argiako langile eta kolaboratzaileak. Testu eta irudigile beteranoak, bertso-jartzaile fitxatuberriak, munduaren kronikalariak, elkarrizketatzaileak, informazio iturriak... Astero ARGIA egiten duten eskuak bildu ditu mahai-bueltak.

Irakurri Kolaboratzaileekin erredakziotik upelera erreportajea
Ikusi ARGIA kolaboratzaileekin sagardotegian argazki-galeria

erantzun
2009-02-18

Zeruko ARGIA eta ARGIAko azalen bilduma sareratu dugu

ARGIA aldizkariko azala

1919tik 2005 urtera arte Zeruko ARGIA eta ARGIA aldizkarietan argitaratutako 30 azal aukeratu eta 90. urteurreneko kanalean jarri ditugu on-line. ARGIAren historiari eta gizartean bizitako zenbait une garrantzitsuei begiratu txiki bat emateko asmoz osatu dugu.

Irakurri Azalen mamia erreportajea ARGIA aldizkarian.

erantzun
2009-02-02

Amatiņok ARGIAren 90. urteurrenari buruz idatzi du bere blogean

Esperientzia pertsonaletik abiatuta idatzi du artikulua Luis Alberto Aranberri 'Amatiño'k. Hona hemen pasarte bat:

"Nik 1964tik 1976ran bitartean lan egin nuen Zeruko Argian (...) Argia astekaria eta Donostiako Okendo kaleko erredakzioan biziki maitasunez hartu ninduten Mikel Atxaga, Miren Jone Azurtza, Kaietano Ezeiza, Donato Unanue, Mikel Ugalde eta Edorta Kortadi adiskideak izan nituen maisu eta lagun. Ni neu behintzat ez nintzen gaur kazetari izango Argiak aukerarik eman izan ez balit (...) Besteak beste, Argiak gizarteratu zuen euskal kazetaritza eta Argiak eragin zituen euskarazko lehen prentsaurrekoak".

Irakurri ARGIAren 1919-2009 argiurrena artikulua Amatiñoren blogean.

erantzun
2009-01-30

ARGIA Sariak banatu ditugu

Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean banatu ditugu 2009ko ARGIA Sariak. Hala, ARGIAren 90.urteurrena dela-eta urtean zehar egingo ditugun ekitaldiei hasiera eman diegu. Hauexek izan dira saridunak:

Interneteko Argia Saria: Librezale.

Prentsa idatzia: Patxi Huarte "Zaldi Eroa".

Publizitatea: Margotu Egunak, atez-ateko zabor bilketa sustatzeko Usurbilgo Udalak egin duen kanpaina.

Telebista: Erlo Telebistako Gure saltsan saioa.

Irratia: Joseba Barandiaran.

Merezimenduzkoa: Mikel Atxaga.

- Sarien argudioak (PDF)

- Xabier Letona ARGIAko zuzendariaren hitzaldia (PDF)

erantzun
2009-01-27

ETB2-n ARGIAren 90. urteurrena hizpide

Gaur gauean, ETB2-n, ARGIA astekariaren 90. urteurrena izango dute hizpide EITB kultura saioan. 00:25ean hasiko da eta Xabier Letona zuzendariarekin egindako elkarrizketa emitituko dute, orain arteko ibilbidea aztertuz.

erantzun
2009-01-23

Prentsa idatziaren historiari buruzko hitzaldia eskainiko du Koldo Izagirrek

Koldo Izagirre idazlea

Urtarrilaren 29an, ARGIA sarien bezperan, arratsaldeko 18:30ean hitzaldia eskainiko du Koldo Izagirre idazleak Iritzitxoen gainetik iritzia. Gure prentsaren historiako zenbait albiste izenburupean. Euskal prentsaren historiaz ariko da Izagirre. Hitzaldi honekin hasiera emango diogu ARGIAren 90. urteurrenaren harira antolatuko ekitaldi sortari. Hitzaldia aitzakiatzat hartuta, Izagirre elkarrizketatu dugu. Idazkera estiloaz, kazetaritzaz, literaturaz... aritu gara. Egungo prentsa "neutroa" dela; baratzea bezala, testua jorratu egin behar dela eta ikerketa kazetaritzarik ez dagoela esan digu, besteak beste.

Irakurri Koldo Izagirreri eginiko elkarrizketa ARGIA astekarian.

erantzun
2009-01-09

90 urte: auzolana, komunitatearen oinarri

Aurten 90 urte beteko dira Iruñean Zeruko ARGIA sortu zela. Horregatik ospakizunen urtea izango dugu 2009a. Ekitaldiak gerturatu ahala izango duzue horren berri. Oraingoz hona hemen aurkezpena, aldizkariaren urteko lehen zenbakian ARGIAko zuzendari Xabier Letonak idatzia:
 
"Urte bereziari ekin diogu irakurle, 2009 honetan Argiak 90. urteurrena ospatuko du. 1919an abiatu zen Iruñean Zeruko Argia, kaputxinoek sortutako erlijio aldizkaria, eta 1921ean Donostian Argia, informazio orokorreko astekaria. Bien oinordeko da egungo Argia. Horietako bakoitzak garaian garaiko euren ezaugarriak eta ibilbideak izan dituzte, baina badira gaur egunera iristeko partekatu dituzten baloreak, horien artean esanguratsuenetakoak euskaraz komunikatzeko nahia eta euskaldunari kazetaritza proiektu sendoak eskaintzeko borondatea (...)"

erantzun guztia irakurri


© 2009 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan