Espainiako hauteskunde orokorrak 2004
Koalizio helburuak
Xabier Sarasua
Aralar-Zutik koalizioaren zerrendaburua Espainiako Kongresurako
 

ARALAR-ZUTIK koalizioak beren burua ezkertiar, aurrerakoi eta autodeterminazioaren aldeko izanik, bide politiko eta zibilak lehenesten dituzten eta giza eskubide guztien defentsan tinko agertu nahi duten milaka eta milaka euskal herritarren ahotsa izan nahi du Madrilen.

Autodeterminazio eskubidea tinko defendatuko dugu eta Ibarretxe planak ukatzen duen independentziaren aukera aldarrikatuko.

Euskal Herriaren izatearen aurkako eraso neofrankistaren aurrean, demokraziaren baloreak aldarrikatzeko garaia da, adierazpen, kultura, hizkuntza zein oinarrizko beste askatasun demokratiko guztiak defendatzekoa.

Azkenik, eraldaketa soziala bultzatuko dugu. Neoliberalismo ekonomikoaren eredu bakarraren aurrean beste Euskal Herri bat eraiki nahi dugu, justizia sozialean, lan harreman duinetan, emakumeen emantzipazioan eta elkartasunean oinarritua.

Baina ARALAR-ZUTIKen aldeko apustua etorkizuneko apustua da.

Batetik, bakea gerturatuko duen bidea aktibatu behar dugu: behin betiko suetena, presoak Euskal Herrira ekartzea, elkarrizketa eta autodeterminazioa baitira gatazka politikoa gainditzeko behar diren oinarriak.

Bestetik, etorkizuneko ezker polo subiranista indartsu eta pluralaren hazia ari gara ereiten, indar abertzale kontserbadoreen benetako alternatiba izango dena; aldaketarako indarra izango dena.