Barrura begiratzeko leihoak filmeko zuzendariek erantzun egin diote Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosi. Jaialdiak ez duela inolako presiorik izan adierazi zuen Rebordinosek asteazkenean; eta bost euskal presori buruzko Barrura begiratzeko leihoak jaialditik at geratzeko bestelako motiborik ez dela egon. Filmaren zuzendariek ordea, aurrekariak ekarri dituzte gogora Berria egunkarian idatzitako artikulu batean, orain arte egon diren presioak nabarmenduz.
Besteak beste, Bildu legez kanporatzeko mehatxua egin zuen Espainiako Barne Ministroak, Donostiako Udalak filma diruz lagundu ostean.
"Aurrekariak ikusita, garbi dago filma hautatzea ez zela erraza, dudarik gabe, presio handiak egongo zirelako eta Zinemaldiaren sostengu ekonomikoaren parte handi bat Espainiatik datorrelako. Zentzu horretan, gure ustez, hautaketa batzordeari egungo garaiak eskatzen duen heldutasuna faltatu zaio" irakur daiteke artikuluan.
Txaber Larreategi, Mireia Gabilondo, Eneko Olasagasti, Enara Goikoetxea eta Josu Martinez zuzendarien ustez, "Euskal presoen sentimenduak eta bizipenak tabua dira oraindik espainiar estatuan, debekatua dago 'terroristak' pertsona gisa agerraraztea, eta Zinemaldiak ez du tabu hori apurtzeko ausardiarik izan".
Dena den, sentitzen duten "dezepzioaz" harago ez dute Zinemaldiarekin "polemikan sartzeko gogorik".
Barrura begiratzeko leihoak Zinemaldian egon, egongo dela diote: "Ez gara egongo programa ofizialean; baina Zinemaldia baliatuko dugu, barruan itxi zaizkigun ateak kanpoan zabaldutako leihoak izan daitezen".
Informazio gehiago, dokumentalaren trailerra:

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.