EH Bilduk Kutxako batzarra inpugnatuko du, presidentea hautatzeko prozesu gorabeheratsuaren ondoren

  • Kutxaren astearteko batzarra inpugnatuko du EH Bilduk, gaur adierazi duenez. Bart Xabier Iturbe aukeratu zuten Kutxako presidente, EAJ, PSE eta PP alderdiek eta CCOO eta Pixkanaka Kaskari sindikatuek bat eginda. Elkar-hartze horrek oztopatu zuen EH Bilduko hautagai Antton Izagirre Kutxako presidente izendatzea. Presidentea aukeratzeko prozesuan gorabehera handiak izan dira. Pausoz pauso xehetu dugu gertatutakoa.


2012ko azaroaren 22an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Xabier Iturbe Kutxako presidente izendatu dute berriz.

Atzoko batzarra hasi eta berehala, jarduneko presidente gisa, Xabier Iturbek DYAko kide bat izendatu zuen gizarte eragileek batzarrean daukaten ordezkari. Joan den ostiralean hauteskunde batzordeak baliogabetu egin zuen gizarte eragileen aurreko hautagaia, Kontseiluko Paul Bilbao. Hori egiteko erabilitako arrazoia, Bilbaoren ordezkoak 70 urte baino gehiago zituela izan zen. Hainbat hedabidetan zabaldu denez, Bilbaok EH Bilduren alde egingo zuen susmoa egon liteke ordezkaritza hori baliogabetu izanaren atzean.

Horren ordez Javier Barace DYAko kidea izendatu zuten, CCOO sindikatuko kide ohia eta Kutxako Giza Baliabideen alorreko buru ohia. Baraceren ordezko gisa izendatu zuen Iturbek Paul Bilbao, baina honek uko egin zion postuari. Ordezkorik ez egotea ez zen oztopo izan ordea, prozesuak aurrera jarraitzeko.

Ondoren udaletako ordezkarien artean zegoen berdinketa konpontzeko zozketa egin zen (EH Bilduko 7 ordezkari zeuden; EAJ, PSE eta PPko beste hainbeste). Kasu honetan zozketak EH Bilduren alde egin zuen eta emaitza horrekin eta batzarreko bozketa orokorrarekin, EH Bilduk administrazio kontseiluan 7 postu lortu zituen. EAJrentzat izan ziren beste 3, PSErentzat 2 eta postu bana CCOOrentzat, Pixkanaka Kaskari Kutxako langileen sindikatuarentzat eta DYArentzat.

Administrazio kontseiluko 15 kideak bildurik bozketa hasi zen. DYAko ordezkaria abstenitu zenez, zazpinako berdinketa gertatu zen bilkurako presidentea nor izan behar zen aukeratzeko bozketan. Kalitate-boto erabakigarria emateko eskumena dauka bilkurako presidenteak eta Iturberekin lerratutako kontseilariek eta Kutxako talde juridikoak erabaki zuten adin gehiena zeukan kideari zegokiola postua –PSEko Jacinto Hernandez, 69 urte–. EH Bilduk bilera bertan behera uzteko eskatu zuen alferrik. Beraz, Hernandezen adinak emandako kalitate-botoaz baliatu da Xabier Iturbe berriz Kutxako presidente izateko.

EH Bilduk prozesu guztia baliogabetzeko eskatu du hartutako erabakiei baliagarritasun juridikoa emango dion txosten bat eduki arte. Argitu nahi dute, batetik, gizarte eragileei dagokien ordezkaritza baliogabetzeko erabakia legearen barruan ote dagoen eta bestetik zein oinarriren gainean hartu den atzoko bilkurako presidentea adinaren arabera aukeratzeko erabakia.

Sare sozialetan EAJko eta ezker abertzaleko kideen artean ika-mika gogorra piztu da erabakiaren ostean. Joseba Egibar EAJko GBBko buruak adierazi du "harrokeria soberan" duela ezker abertzaleak eta aldiz "harremanetarako eta akordiorako ahalmenik ez". Joseba Permach ezker abertzaleko kideak berriz, gertatutakoa "putxerazoa" dela adierazi du Twitterreko bere profilean eta EAJk Vitalen eta BBKn ere EH Bildu baztertzeko "trikimailuak" erabili dituela.

Informazio gehiago:

Batzarraren ostean Ainhoa Beola EH Bilduko kideak gertatutakoaren inguruko azalpenak eman zizkion prentsari. Adierazpenak jaso eta Youtuben jarri ditu Unai Gorrotxategik. Behean ikus dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutxabank
Kutxabankek komisioak kenduko dizkie erabiltzaileen %80ri

Komisioak ezabatu egingo dira 30 urtetik beherako guztientzat eta baldintza batzuk bete beharko dituzte kontua eta txartela doan mantendu nahi duten bezero orok. Urtarrilaren 15ean sartuko da araudi hau indarrean.


Kutxabankek akordioa sinatu du Madrilgo Alantra inbertsio bankuarekin, "hazteko" estrategia berriaren baitan

Kutxabankek inbertsio bankuen sektorean sartzeko pausoa eman du eta akordioa sinatu du sektore horretako Espainiako Estatuko eta Europako eragile nagusienetako batekin, Alantra sozietatearekin. "Enpresen merkatuan" presentzia handiagoa izatea litzateke helburua.


Frantziako Tourrerako atera dituzten ikurrinek EITB, Kutxabank eta Eusko Jaurlaritzaren logoak dituzte

Ekainaren 15ean aurkeztu dute ekimena Inés Monguilot (Kutxabank) eta Luis Manuel Martínek (EITB). Guztira 60.000 ikurrin atera dituzte Frantziako Tourrean banatzeko, hiru erakundeen logoekin.


Antón Arriola (Kutxabankeko presidentea):
"Kutxabankek Euskadiko mugetatik kanpo hazi behar du"

Kutxabankeko presidenteak finantza entitatearen hurrengo urtetarako asmoak azaldu ditu Cebek Bizkaiko patronalak egindako jardunaldi batean. Bere hitzartzean iradoki du Euskal Herritik kanpo hazteko proiektua duela Kutxabankek, eta horretarako banku pribatuetan eta inbertsio... [+]


Eusko Jaurlaritzak 123.000 euroko isuna jarri dio Kutxabanki "arau-hauste larriengatik"

Kutxa zerbitzua ez ematea, eskudirutan ordaintzeko zerbitzua ezabatzea eta "abusuzko praktikak" egitea egotzi dizkio Kontsumobidek erakundeari.


Eguneraketa berriak daude