Espainiako Estatua autonomia erkidegorik gabeko egitura zentralizatua izatea nahi duten espainiarren kopurua gorantz doa, CISek (Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak) argitaratu duen iritzi barometroaren arabera. Espainiako Estatuko biztanleen %24,5 dago estatua zentralizatuagoa izatearen alde.
Egungo autonomien estatu-ereduaren aldekoak dira gehiengoa oraindik, baina azken bi hilabeteetan ia puntu bateko jaitsiera izan dute (%30,8tik %29,4ra). Eta beherantz doa autonomia erkidegoek orain daukatena baino autonomia handiagoa beharko luketela uste dutenen kopurua: uztaileak %12,3 ziren eta irailean %9,1.
CISen iritzi barometroak eskaini duen beste datu esanguratsu bat, independentismoari buruzkoa da. Uztaileko maila berean (%8,9) mantentzen da autonomia erkidegoek independente izateko aukera babesten dutenen kopurua, baina kontuan hartu behar da CISen ikerketa irailaren 11 baino lehen egin zela, Bartzelonan milaka herritarrek Kataluniaren independentzia eskatu zuten manifestazio historikoaren aurretik alegia.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.