Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak, Jose Ignacio Wertek, hezkuntzarako murrizketak iragarri zituen atzo. Besteak beste, gela bakoitzeko ikasle gehiago onartu beharko dira eta irakasleek ordu gehiagoz aritu beharko dute lanean. Hezkuntza eragileek adierazi dute murrizketek hezkuntza kalitatea gutxituko dutela. LAB sindikatuak egindako kalkuluaren arabera, adibidez, 4.000 lanpostu gal daitezke.
Hego Euskal Herriko eragileek Celaári (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua) eta Iribasi (Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria) murrizketak ez aplikatzeko eskatu diete. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Espainiako Gobernuaren idatzizko agiriaren zain daude, Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek azter dezaten. Neurriak ezinbestean ezartzekoak direla ondorioztatzen badute auzitara joko dute, autogobernua eta oinarrizko zerbitzuak argudio hartuta. Nafarroako Gobernuak adierazi du Hezkuntza Ministerioak proposatutako neurriak aztertu, eta beharrezkoa bada, egokitu egingo dituztela, Nafarroak dituen eskumenak kontuan hartuta.
Mikel Garcia ARGIAko kazetariak gai honi buruz idatzi du blogean: Irakaskuntza pribaturantz.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.