Valentzierari buruzko hausnarketak

Valentzieraren laranja-zukuak (Iñaki Arruti)
Iñaki Arruti, Lasarte-Oriako euskara teknikaria| 2008-11-12

handitu txikitu

Atzo Malores Etxeberriak aurreratu zuen modura, Valentzian izan gara hiru udaletako euskarako teknikari Acadèmia Valenciana de la Llenguak antolatutako sinposiumean. Laranjek azala eta mamia izan ohi dute eta valentzieraren laranjek ere antzera. Azala, epidermisa, hitzaldi-aretoan entzun genuen modura, Gobernuak egin nahi ez dituenak egin gabe gera daitezen sortutako akademiak duena. Mamia, ez nahi bezain urtsu, gizarte zibilak eskaintzen duena. Edozein kasutan, zukua, urri.

 

Zaplana jauna buru zuela sortu zuen Valentziako Generalitateak aipatutako akademia. 15 urterako izendapenekin (diotenez nagusiki izendapen politikoak), soldata oso oparoekin eta gehienak esleitutako lanetarako behar den mailatik oso urruti omen dauden kideez osatuta dago akademia. Hori esan digute guretzat sinesgarriak diren eta beren lanetan maila azaldu duten hainbat valentziarrek. Subjektiboak dira iritziak. Helburua, politikoa, Kataluniatik urruntzea. Aitzakia, hizkuntza desberdinak direla sinistaraztea. Ondorioa, hizkuntza-komunitatea zatitzea.

 

Katalanaren eremu linguistikoak bere akademia izan baduenean (Institut d’Estudis Catalans) eta iritzi kualifikatu ia guztiek (eta epaitegietako sententziek) hizkuntza bakarra dela aitortzen dutenean, zertarako sortu zuten beste akademia bat?

 

Hitz gutxitan esanda, datu soziolinguistikoak askoz hobeak dituen Nafarroa ikusi nuen Valentzian. Valentziera indarberritu nahi ez duen gobernua da horren ispilu. Berak orain 25 urte onetsitako legea ez betetzeko ahalegin asko egin duen gobernua. 1986ko erroldatik 2001eko zentsura hiztunen ehunekoa gehitu ezin izan duena (%49 / %48) eta erabilera behera datorkiona (1989an %45 inguru eta 2005ean %36). Batzuentzat País Valencià eta besteentzat Comunitat Valenciana, iparretik hegora joan ahala herrialde bakoitzeko hiztun dentsitatea urriagoa duena: Castelló %64, Valentzia %54 eta Alacant %36.

 

Parentesi eta ñabardura guztiekin baldin bada ere, Valentziako joan-etorriak euskararen normatibizazioa okerrago egiteko, okerrago sozializatzeko eta benetan mamiari (normalizazioari) heldu gabe (“h”az hitz egiten jarraitzeko) izan dugun arriskua hobeto ikusarazteko balio izan dit. Ez dugu hori guk arazo nagusi, eta seinale ona izango da.

 

Taronger (laranjondo) guztiek, ordea, izan ohi dituzte laranja-zuku ona ematen duten aleak eta guk ere ezagutu ditugu batzuk, guztiak ere gizarte zibilaren eskutik eraikiak.

 

Niretzat harrigarriena Centre Octubre izan da. Acció Cultural del País Valencià elkartean oin hartuta (8.000 bazkide inguru), hiriburuaren erdian kokatutako eraikin zoragarri batean hezurmamitzen da, nagusiki. Ikusgarria benetan eraikina eta eraikinari ateratzen ari zaion zukua. Besteak beste, valentziera (katalana alegia) ikasteko helduentzako eskolak, El Temps astekaria, 3i4 editoriala, sentsibilizazio-lanak (Kataluniako TV3 ikusteko antenak mantentzekoa...), herri katalanetako enpresarien elkarlana sustatzen duen Ignasi Villalonga institutua, jarduera kulturalak (musika, antzerkia...). Herrialde katalanetako (hizkuntza komunitateko) nazio-ikuspegia ereitea dute lan-ardatz nagusietako bat.

 

Azkenik, baina ez azkena, bada beste laranja-ale bat, ikusten zailagoa dena, baina mamitsua, gure neurriragoko zukua dariona. Toni Mollà izena du laranjak eta bere hitzaldian, L’espai públic i la política lingüística, guretzat berdin-berdin baliagarri izan daitezkeen proposamen eta hausnarketa asko egin zituen soziolinguista valentziar ezagunak; hizkuntzen balio instrumentalaz, eskolaren sozializatze-ahalmen mugatuaz, espazio publikoaren kontzepzio berriaz, lurraldetasunaren printzipioaren aldaketaz, sarearen eta komunikabideen indarraz...

  • Iruzkina idatzi(1)
  • Inprimatu
  • erlazionatutako albisteak
  • Lagun bati bidali
Partekatu Albistea Bildura bidali delicious-era bidali zabaldura bidali twitterera bidali facebookera bidali

Erantzunak

  • Abel - 2008-11-12 15:02:34: Joe, ze intersgarria! Pena da, baina Euskal Herrian, PPren indar mediatikoaren adibide, gutxi gara valentziera katalanaren dialektoa dela dakigunak. Egunen batean Sanz jauna, nafarroako euskara ez dela euskara esaka etorriko balitzaigu bezala, nafarrera dela. LOTSAGARRIA!

Albiste honi erantzun

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   
Larrun
"Eredu ekonomikoari bira eman ahal zaio?"
Denda
Argiaren urteurreneko Zumetaren lamina
Argiaren urteurreneko Zumetaren lamina
Salneurria: 160€
Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia