Mediku txostena "osatugabea" dela argudiatuz, Iosu Uribetxebarria presoaren egoeraren inguruko erabakia atzeratu du Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Gaineratu du "hamar edo hamabost" egun luzatu daitekeela erabakia.
Gaixotasun larria duen preso arrasatearra baldintzapean aske utzi ala ez erabakitzeko hiru eguneko epea zuen Auzitegi Nazionalak, baina atzo iturri juridikoek jakinarazi zuten luzatu egingo dela epe hori. Fiskaltzaren esanetan, txostenari Uribetxebarriaren "aurrekariak" eta "mediku historia" falta zaizkio. Gaineratu du "pertsona zehatzek" sinatu behar dutela eta ez mediku batzordeak.
Fiskaltzak eskatutako dokumentuak txostenari berehala gehituko dizkiola adierazi du Espetxe Zuzendaritzak. Bestalde, gogorarazi dio "araudiak zehazten dituen bideei jarraituz" eta "txosten ofizial batean" oinarrituta hartu zuela Uribetxebarriari 3. gradua ezartzeko erabakia ostiralean.
Metastasia duen preso arrasatearrak hamalaugarren eguna bete du gaur gose greban.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.