Iosu Uribetxebarriaren alde gaur arratsaldean Herrira mugimenduak deitua zuen manifestazioa debekatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak. "Terrorismoa goratu" zitekeela esanez argudiatu du erabakia Ismael Moreno epaileak.
Bestalde, gaixo dauden hamalau presoekiko elkartasunez atzo Iruñeko katedralean hamalau orduko itxialdia hasi zuten bederatzi lagunak atxilotuta eraman ditu poliziak bart gauean.
Egunerokoko elkarretaratzeek aldiz, aurrera jarraituko dute hiriburu eta herrietan. Gainera, larunbatean baraualdiak egingo dituzte goizeko 11:00etan hasi eta igandeko 19:00ak bitarte. Arrasaten berriz, Uribetxebarriaren herrian, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldeko 19:00etan eta ondoren baraualdia hasiko dute.
Donostiako Ospitalean gose grebarekin diharduten lagunak, berriz, 30 dira dagoeneko, batzuk gainera hamalau egun daramatzate eta hamar kilo inguru galdu dituzte Ateak Irekik jakitera eman duenez.
Metastasia duen preso arrasatearrak Donostiako ospitalean eginiko mediku txostena aztertu ondoren Espetxe Zuzendaritzak 3. gradua ezarri zion, baldintzapean aske utzi aurreko pausoa. Auzitegi Nazionaleko fiskalak ordea, mediku txostena "osatu" gabe dagoela argudiatuz 10-15 egunera luzatu du erabakia.
Informazio gehiago:
Iruñeko itxialdiaren argazkiak pausoz pauso.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.