Udazken honetan Gaztelupeko Hotsak argitaletxeak hainbat musika talderen disko berriak publikatuko dituzte. Joserra Senperena eta Capsularenak dira aipagarrienak.
Joserra Senperenak 10 Trio Biolin, piano eta akordeoirako diskoa argitaratuko du. Ganbera musika proiektua da, lirikatik abstrakziorainoko bidea egin nahi du musikari donostiarrak bere bakarkako seigarren disko honetan. 1998an argitaratu zuen bere izena zeraman estreinako diskoa eta geroztik mota askotako lanak egin ditu, Txinako doinuetan oinarritutako Mandarin dotoretik Harkaitz Canoren poemetan oinarritutako Dardaren interpretazioaraino.
Estudioko musikari gisa genero ugaritako talde eta bakarlariekin lan egin du Senperenak, baita moldaketak egiten ere. Donostiako pop eszenako talde ezagunenekin aritutakoa da (21 Japonesas, La Buena Vida, Duncan Dhu) eta Espainiako Estatuko musikari askorekin ere bai (Quique Gonzalez, Coque Malla, Ivan Ferreiro...), Euskal Herriko eszenaz inoiz ahaztu gabe (Bide Ertzean, Jabier Muguruza edo Rafael Berrioren diskoetan antzematen da bere eskua).
Capsulak Bowieri gorazarre
The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars diskoa grabatu dute Capsula taldeko argentinar bilbotartuek. Titulua ezaguna egingo zaizue, 1972an David Bowiek argitaratu zuen disko kontzeptualaren berdina delako. Beti aitortu izan dute Bowiek eragin diela, besteak beste taldearen izena aukeratzerakoan, eta orain omenaldi hori bertsioetara eraman nahi dute.
Talde rockero honek, ibilbide luzea egin du 2002an DDTrekin lehen diskoa argitaratu zutenetik. Mundu guztian eman dituzte kontzertuak eta nazioarteko musika argitalpen garrantzitsuetan (Pitchfork, Rolling Stone) kritika baikorrak jaso dituzte.
Gaztelupeko Hotsaken udazken honetako menua Los Mighty Calacas, Travellin' Brothers, Blues & Deckers eta Mallen Triok osatuko dute.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.