Abian dira Udaltop udaletako euskara-zerbitzuen II. topaketak. Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Manuel Lekuona kultur etxean egingo dira gaur eta bihar, eta parte-hartzaileek galdera honi erantzungo diote: "Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko?". Gaur, besteak beste, Jaime Altuna (Urtxintxa) eta Jon Aizpuruaren (HPS) hitzaldiak eta sare sozialei buruzko mahai-ingurua izango dira. Gorka Julio (Elurnet) eta Luistxo Fernandez (CodeSyntax) arituko dira solasean, eta Gotzon Egia (Gipuzkoako Foru Aldundia) izango da moderatzailea. Bihar Maite Alvarez eta Iñaki Lopez Bermeoko Udaleko teknikarien, Gaztezuloko Alberto Irazuren, Ttakun kultur elkartearen eta Soziolinguistika Klusterreko Asier Basurtoren hitzaldiak izango dira; baita hasieran aipatu galderaren inguruko talde-lana ere.