"PP eta PSOE beste galaxia batean daudela ematen du"
Gorka Espiau| 2011-06-02

handitu txikitu
Gorka Espiau. (Argazkia: Gotzon Elizburu)
Gorka Espiau. (Argazkia: Gotzon Elizburu)

Gorka Espiau gatazken ebazpenetan aritutako algortarrak Pluja seca. Mediadors internacionals al País Basc dokumentala egin du. Mikel Asurmendi ARGIAko kazetariak egindako elkarrizketaren aurrerapena da hau. 2.281. zenbakian argitaratuko da osorik.

Zer egoera bizi du balizko bake prozesuak, udal eta foru hauteskundeen ostean. Nola eragiten du une honetako giro politikoak normalizazio prozesuan?

Hauteskundeek –ez bakarrik, baina batez ere hauteskundeek– islatu dute biluzik zegon Errege biluziaren istorioa. Hau da, azken urteetan gure herriaren kontakizuna fikziozkoa zela zirudien. Narrazioan erregea biluzik agertzen zen, erregea esatean herria esan nahi dut. Erregea biluzik zegoen eta inork ez zuen ezer esaten. Eta zerbait esaten bazenuen erradikala zinen. Alegia, biolentziarekin lotura zuzena islatzen zenuen. Inork ezin zuen erregea biluzik zegoela esan. Hauteskundeek islatu dute erregea erabat biluzik zegoela. Eta orain denok diogu: hara egia zen!

Denok...

Beno, gure herria ez zela azken bizpahiru urtetan gizartean islatzen zen bezalakoa denok genekien, baina, salbuespenak salbuespen, denok orokorrean onartu genuen (era figuratiboan ari naiz, legez kanpo zeudenak ez, noski), fikziozko herri bat ari zela gauzatzen, gainera ezin zen ezer esan. Hauteskundeek hori aldatu dute, eta aukera eman dute normalizazio politikan nahiz eta politika orokorrean bide berriak urratzeko.

Bilduren edo ezker abertzalearen emaitzak oso onak izan dira.

Bai. Baina emaitza politikoak ez dira onak edo txarrak berez, izango dira onak baldin ondo erabiltzen badituzte. Objetiboki hobe da oraingo argazkia, errealagoa baita, eta horrekin jokatu behar da. Batzuek esango dute ez dela benetakoa, fenomeno gaseosoa dela. Baina argazkia errealagoa da inondik inora ere.

PP eta PSOEkoen iritziez ari zara.

Bai, beren erreakzioak erregearen kontakizunaren frogarik garbiena izan dira. Alderdi horiek emaitzak nola hartu dituzten ikusi besterik ez dago. Emaitzak gauza arraro bezala hartu dituzte, Espainian batez ere. Adibidez, Odon Elorzak Donostiako Udala galdu du eta: “Nola ote hori?”.“Eta Bilduk irabazi du, gainera”. Benetan harritzen nauena da, herri honetan bizi, eta badago dioena ezker abertzalea mundu honetatik kanpo bizi dela. Ziur aski gai batzuetan egia da, baina PP eta PSOE ere, antzean bizi dira orduan. PP eta PSOE beste galaxia batean daudela ematen du iragan hauteskundeen ostean euren adierazpenak entzunda. Hau da, ez ziren ezker abertzalearen ilegalizazioarekin sortuz joan den giroaz ohartu? Harrigarria benetan. Ez bakarrik sektore horietan, EAJk eta beste sektore batzuek ere irakurketa hori egin dute nolabait. Bilduren emaitzak harritu dituzte.

Uste al duzu hasiko direla denak egoera berriaz ohartzen?

Bai, errealitateak agintzen du. Erregearen fikzioa mantendu daiteke bizpahiru, bost eta hamar urtez, baina une batera ailegatuta... Baina hori bera ere gertatu zaio ETAri: ETA saiatu da iraganeko errealitateari eusten, baina ailegatu da une bat non, egun batetik bestera, izugarrizko aldaketa eman den ezker abertzalean. Egun ezker abertzaleak planteatzen duena Lizarra-Garaziko garaian bere gain hartu izan balu, zer izango zen egungo egoera, ezta? Izugarria. Fikzio argazki bat mantentzen saiatu dira, baina halako batean, ezker abertzale zeharo ezberdina gailendu da. Bistan da, ezker abertzale honek lotura gehiago dauka errealitatearekin.

'PLUJA SECA' DOKUMENTALAZ

Nondik nora Pluja Seca dokumentala?

Baleuko etxetik etorri zen ideia lantzeko eskaintza. Gidoia idatzi eta TV3ra bidali nuen. Mónica Terribasek harrera ona egin zion proiektuari. Lana urte batean osatu genuen. Normalean honen antzeko dokumentalak Euskal Herriko ikuspuntutik egin izan dira, gure kontsumorako. Kataluniako –eta katalanen– ikuspegia baliatu nahi nuen. Askatasunez egin dut. Iritziak jaso ditut eurengandik, eta horrek aberastu du lana. Kataluniak badu lotura Euskal Herriarekin, baina iraganeko kontua balitz bezala. Aldiz, nik harremana nahi dut etorkizunera begira. Katalanek maitasun handiz hartzen dute bakerako gure nahia eta beharra, baina guk ez diogu kasu bera egiten.

Zein erreakzioak jaso dituzue berari buruz?

Orain arte, Pluja secari buruzko iritzi positiboak eduki ditugu, ez dugu inolako iritzi ezkorrik irakurri edo entzun. Baina horrek ez du esan nahi, ez daukanik, baizik eta orain arte, dokumentala gustuko ez dutenek nahiago izan dutela isildu. Eta horrek asko esan nahi du. Horrek esan nahi du batzuek dokumentalaren atzean dagoen eztabaidari ez diotela heldu nahi, nahiago dutela dokumentala baztertu, esparru marjinalera zokoratu, zeren eta dauden eztabaidak konfrontatzen badituzte deseroso senti daitezke. Orduan, jaso duguna positiboa izan da, baina errealista izanik, ez ditugu jaso gizartean dauden iritzi guztiak. Halaber, hainbat politikarik ikusi dute, eta iritzi baikorrak jaso ditugu, baina PP eta PSOEko kideei ez diegu ezer entzun.

Gustura geratu zara, halere?

Bai, oso gustura geratu naiz. Bi parte zeuden: edukia eta forma. Iban Gonzalez izan da zuzendari teknikoa, izugarrizko lana egin du, ezin da dokumentala ulertu bere ekarpena barik. Nik ez baitut inolako esperientziarik arlo honetan. Gustura naiz, baina esan bezala, sorpresa izan da, berbarako, Brian Currin-en rola azaltzea, zerbitzu sekretuek edo ingurukoek mehatxatu dutela esatea edo Jhonatan Powel-en parte-hartzea, objektiboki elementu oso berriak direlako. Dokumentalak ez du tesi finko bat eskaintzen, ez da norabide bakarrekoa, ñabardura asko dauka, ez da inoren kontra eta denak ondo azaltzen dira. Erreakzio edo erantzun zabalago bat espero nuen.

"BAKERANZKO BIDAIA, ITXAROPENETIK EKINTZETARA" ZINE-FORUMA

Lokarrik antolatuta, Pluja seca dokumentala proiektatuko dute datozen egunetan hainbat herritan, eta emanaldien ostean lan horri buruz hitz egingo dute bina lagunek.

Egitaraua:

Gaur, ekainak 2, osteguna, Iruñea

-19.30 h., Yamaguchi Zinemak.
-Mahai-ingurua Mirentxu Purroy kazetariaren eta Lokarriko koordinatzaile Paul Riosen eskutik.
 

Ekainak 7, asteartea, Hernani

-19.00 h., Biteri Kultur Etxea.
-Mahai-ingurua Nazioarteko Zuzenbide Pribatuan katedradun (EHU-UPV) Juanjo Alvarezen eta ARGIAko zuzendari Xabier Letonaren eskutik.
 

Ekainak 8, asteazkena, Irun

-19.30 h., Amaia Kultur Zentroko Hitzaldi aretoa.
-Mahai-ingurua dokumentalaren zuzendari Gorka Espiauren, eta ARGIAko kazetari Mikel Asurmendiren eskutik.
 

Ekainak 14, asteartea, Getxo

-19.00 h., Algortako Villamonte Kultur Etxea.
-Mahai-ingurua kazetaritzan doktore Iker Merodioren eta Lokarriko koordinatzaile Paul Riosen eskutik.
Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Dohainik.

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia