Txetxeniako kamikazearen arrazoien bila


2003ko urriaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Pello Zubiria zubiria@argia.eus Moskuko "Novaia Gazeta" astekariko Goulia Khairoullina-k Txetxeniara joan eta bertan errusiarren kontrako eraso suizida batean lehertzeko prestatzen ari den neska gazteetako bat elkarrizketatu du. Jakin nahi zuen ea zergatik zigortu nahi dituzten errusiar guztiak. Eta erantzuna aurkitu du Vladimir Putinek Txetxeniaren kontrako bigarren gerra hasi zuenetik, egunetik egunera joan da han egoera usteltzen, eta halako batean gerrillari txetxeniarrak kamikazeak erabiltzen hasi dira. Emakumeak gainera. Errusian diktadura giroa gero eta nabarmenagoa da, eta horren adierazgarri bat gehiago da komunikabideetan Putinek ezarri duen uniformizazioa. Baina zenbait kazetarik bere lana txukunago egiteari esker ezagutu dituzte komunikabide minoritarioetako irakurleek zer nolako motiboak zituzten neska gazte horiek beren inmolaziorako. Asko nekatu beharrik ez zegoen arrazoiak aurkitzeko. Militar errusiarrek ehundik gora heriotzekin "konpondu" zuten Doubrovka antzokiko bahiketa-probokazioan erori ziren hiru neska kamikazeoi begiratu: Assi Guilchurkaevak senar bat estreina eta bigarrena ondoren galdu zituen Txetxeniako bi gerretan, eta 13 urteko neba eraman zioten gero militarrek gau batean, sekula gehiago ez azaltzeko. Aichat eta Khadichat Ganev ahizpek bi anaia galdu zituzten errusiarren bonbaketan eta ahizpa zaharrena "desagerrarazi" zieten. Beraiek ere lau egunez eduki zituzten soldaduek bahituta: sekula ez dute hitz bat esan egin zizkieten basakeriez. Joan den uztailean, Moskuko Touchinon burutu zen kontzertuko atentatuan, Zoulikhan Elikhordjaevak lehertu zuen bere soinean zeraman bonba: bi aldiz militar errusiarrek bahitua zuten aurretik. Eta Tver kaleko jatetxe hura zapartatu zuen Zarema Moujikhoevak Txetxeniako bi gerretan bere senide guztiak galdu zituen. Antzeko bizipen ikaragarriak nozitu dituzte 2000. urtetik atentatu kamikazeetan 200 herritar errusiar akabatu dituzten emakume txetxeniar gazteek. Baina Khairoullina kazetaria ez zihoan historia beldurgarri berriak entzun eta kontatzeko asmoz Txetxeniaraino. "Nik ulertu nahi nuen ea zer ote datorkigun gainera errusiar guztioi". Erantzunaren bila, lehendik ere bisitatua zuen Vedeno hiri inguruetara heldu da, herrixka batean kamikaze izateko prestatzen ari diren neska batzuenganaino. Tartean dago Malika: ez du bere aita ezagutu eta familiako emakumeen artean hazia da, ama eta bi ahizparekin. Gau batean militar kaputxadunak etxean sartu, dena hankaz gora ipini eta Malika eraman zuten bahituta, nagusiari erantzun txarra emateagatik. Egunen buruan askatu zuten, baina inori ez dio sekula esango zer egin zioten soldaduek. "Nor zigortu behar duzu?" Zaharrak ez beste inor geratzen ez den herrixka urrun batean dago neska taldea, "lehengusu" bat dutela zaindari. Eta orduak emango dituzte ekintzak nola antolatu eztabaidatzen. Hurrengo urratsa emango dute horretarako prest direnean, hau da, jadanik ezeren beldur izango ez direnean. Orduan Hattab gerrillari wahabitaren (integrista) kanpamenduetara joango dira, Korana irakurri eta arma eta lehergailu guztien erabilera ikastera. Eta beren burua sakrifizioan eskaintzeko puntura iritsiak izango dira. Hattab buruzagiaren gerrillariak mendietan daude gotorturik. Vedenoko ehiza erreserban adibidez, militar errusiarrek kontrolatu ezin duten 20.000 hektareatako gune liberatua dute. Eta mendialdeak bezala leizezulo handi eta ugarietako eskualdeak ere mendean dituzte gerrillariek. Asko aipatzen da Errusiako eta Mendebaldeko komunikabideetan gerrillari independentisten eta batik bat integristen krudelkeria, baina Txetxeniatik pasa diren kazetari independenteek argi diote herritarrek benetan beldurra militar errusiarrei eta egunotan lehendakari izendatu duten Khadirov-en miliziano basatiei dietela. Horregatik ematen diete babesa gerrillariei, batik bat urrutiko herrixketan. Eta horregatik jotzen dute gerrillariengana txetxeniar neska gazteek. Goulia Khairoullinak gau osoa Malika eta beste lagunekin hitz egiten eman du. Kazetari moskutarrak ez dio aparteko fanatismorik ikusi kamikazegai gazteari, ez hitzetan, ez janzkeran, ez begiradan. Eta bere irakurleen galderarik beldurgarriena azaldu dio azkenean Gouliak: - Malika, konturatzen zara pertsonak hilko dituzula? Eta zure bonbagatik haur ttiki bat hiltzen bada? - Hala dago idatzirik... - Eta orduan zuri gertatu zaizun guztia ere idatzirik zegoen? - Bai: zigortu egin behar ditut. - Baina nor zigortu behar duzu? Malikak kazetariari begietara begiratu eta garbi erantzun dio: "Zuek denok". Khairoullinak idatziko du bere kronikan egun batzuen buruan ohartu zela Malikaren erantzunaren garrantziaz. "Azken batean errusiarrak beren buruentzako soilik dira errugabeak, Malikak bere burua errugabetzat zuen bezala soldaduak bere etxean sartu, nahi zutena egin, bortxatu eta txikitu zutenean. Bederatzi urteotan milaka txetxeniar erabat errugabek beren bizkarrean daramate une batean politikoak ados jarri ez izanaren erantzukizuna. Eta azkenean, haietako batzuk, errepresiorik krudelena jasan dutenek, erabaki dute guk guztiok (errusiarrok), aurrenekotik azkenekora, Malika gaztea babestu ez izanaren erantzukizuna gure gain hartu behar dugula". "Novaia Gazeta"ko kronikariak hala dio bukaeran: "Hori da hain zuzen eskolan ikasi duguna; hori da 'nazioaren kontzientziari' dei egiten diotenek esaten dutena; hori diote Torah, Biblia eta Koranak; egia eterno bat da: bere begien aurrean gertatu den hilketa deus esan gabe begiratu duena da kriminalik txarrena. Horregatik etorriko da Malika gu hiltzera. Berak uste du gure krimen barkaezina -gure isiltasuna- ordaindu egin behar dugula". Gerretan helburu, kalkulu, estrategia eta taktiken ondoan odola eta samina ere mintzo dira beren logika propioekin. Horien logika aurkitu du Khairoullina kazetari errusiarrak: egun batean berekin batera hiltzera etorriko zaion kamikaze gaztearena. Informazio gehiago: Goulaia Khairoullinaren kronika frantsesez, Courrier International web gunean. Berau irakurtzeko, dena den, ordaindu egin behar da, baina ez helbide honetan dauden beste hainbat erreportaje irakurtzeko. Kavkas-Caucasus agentzia. Human Right Watch erakundearen informea Txetxeniaz Amerikako Batzordea Txetxeniako Bakearen Alde

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txetxenia
2011-12-05
Irregulartasun salaketa artean, aise irabazi ditu Putinen alderdiak Errusiako hauteskundeak

Atzo egin ziren Errusian legebiltzarra hautatzeko hauteskundeak. Hautatzekoak ziren parlamentuko 450 diputatuetatik 238 lortu ditu Vladimir Putin lehen ministroaren alderdiak -Errusia Batuak-. Aurreko hauteskundeekin alderatuta 77 aulki galdu ditu. Komunistak izan dira... [+]


2011-07-05
Txetxeniako nork hil zuen Natalia Estemirova?

Martxoan estreinatu zuten Qui a tué Natacha Estemirova Genevako (Suitza) giza eskubideen zinemaldian; ekainaren 14an France-2 telebistak erakutsi zuen. Kasualitatez, egun berean Moskuko auzitegi batek asketsi zuen Memorial elkarteko buruzagia: salatua zuen Estemirovaren... [+]


Eguneraketa berriak daude