Txernobyl berria lehertu zaigunez, duela 25 urtekoaren egia ezkutuak ezagutzeko garaia da

  • Beraz, gaur denok ziur egon gaitezke: Japoniako lobby nuklearrak kontrolatuta daukan segurtasun nuklearreko erakundeak aitortu du Fukushimako hondamendia Txernobylgoaren larritasun maila berekoa dela. Hilabete berandutu dira egia nabarmena aitortzeko. (Garaiz abisua eman zigulako eskerrak ematetik haratago, kazetariok noiz hartu behar dugu Greenpeace informazio iturri serio ohikotzat?). Oraindik askoz egia larriagoak dauzkate gorderik, bai Fukushiman orain arte gertatutakoaz baina baita duela 25 urte Txernobylgoak eragindako kalteez.


2011ko apirilaren 12an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Txernobylgo zentrala (Arg: Wikipedia)

Joan den larunbatean, apirilak 09, Espainiako La 2 telebista publikoak gauean eskaini zuen “La batalla de Chernobil” dokumentala (YouTubek eskaintzen du gaztelaniazko bertsioa). Erreportaje txit-on hau Ukrainako zentral nuklearraren leherketaren 20. urteurrenerako 2006an eskaini zuten frantsesezko bertsioan (eskueran da Internetez La bataille de Tchernobyl). Hori ikusi duenak askoz begi zorrotzagoekin erreparatuko die hedabide nagusiek (eta haien uberan, tamalez, txikiagoek) Fukushimakoaz zabaltzen dituzten albisteei.

“Txernobilgo gudu” horren barruan, beste askoren artean, informazio larri hau eskaini zen. Orduan Perestroika famatuan murgilduta zeuden agintari sobietarrek, Mikhail Gorvatxov buru, hasieran dena ezkutatu ondoren gero erabaki zuten istripua osorik esplikatzea munduari. Gardentasun  (“Glasnost” orduko hitz famatua) ahalegin horrek, hala ere, talka egin zuen… munduko gobernu demokratikoen betoarekin, egia ezkutatzeko erabakiarekin alegia. Aipatu erreportajean datu esanguratsua eskaintzen da: Valery Legasov zientzialaria buru zuen ordezkaritza errusiarrak nazioarteko biltzar batean proposatu zuen 40.000 heriotze eragingo zituela beren kalkuluetan Txernobylgo hondamendiak, baina Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak, Hans Blix buru zuela, ez zuen onartu eta errusiarrak behartu zituzten heriotze  aurrikuspenak negoziatzera… 4.000tan utziz kopurua. Bi urte beranduago, alde guztietatik egiak estaltzeko egin zizkioten presioek itota, bere burua urkatu zuen Legasovek.

Bada liburu inportante bat Txernobylek jendeen eta ingurumenaren osasunean edukitako eta eduki beharreko ondorioez. Vassili Nesterenko eta Aleksei Yablokov zientzialariak (hau berrikitan elkarrizketatu du Berria egunkariak) buru zituen batzorde berezi batek informe latza publikatu zuten 2008an Annals of the New York Academy of Sciences agerkariaren 1.181. alea osatuz: “Chernobyl. Consequences of the Catastrophe for People and Environment” (Google-books zerbitzuan irakurgai dago osorik).

Horren albistea zor diogu egunotan The Guardian egunkarian “Nola nuklearraren apologistek mundua engainatzen duten erradiazioaz”  artikulua idatzi duen Hellen Caldicott mediku eta aktibista australiarrari. Berak damaigu, gorago aipatu zientzialari errusiarren ikerlaneko datu hau: 1986tik  hasita gaur arte eta etorkizunean (erradioaktibitatearen kalteak ondorengo belaunaldietan ere nozituko direlako) Txernobylen eraginez hilgo direnak 980.000 izango dira.

980.000? Ba ote liteke? Erdia izanik ere, edo laurdena… nolaz da posible horrelako triskantza kasik oharkabean pasatzea? Beste arrazoien artean, Munduko Osasun Erakunde kasik sakratuak eta Energia Nuklearraren Nazioarteko Erakundeak elkarlanerako itun zorrotza daukatelako sinatuta 1956etik. Baina horretaz… bihar edo etzi ariko gara. Bitartean, irakurri Caldicotten artikulua.

[Sartu Pello Zubiriaren blogean Fukushimako krisi nuklearraren gertuko jarraipena irakurtzeko]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txernobylgo istripua
2022-04-26 | ARGIA
Txernobyl gogoan, "desentxufatu energia nuklearra" dei egin du Ekologistak Martxanek

Ukrainan 1986ko apirilaren 26an izandako istripu nuklearra gogora ekarri du Ekologistak Martxan taldeak eta energia nuklearrera "desentxufatzeko" dei egin du. Horretarako, %100 energia berriztagarria merkaturatzen duten enpresetara pasatzea gomendatu du.


2022-02-25 | ARGIA
Txernobylgo eremua kontrolpean du Errusiak

Errusiako armadak Txernobylgo zentral nuklearraren eremua kontrolpean du. Hala adierazi du ostiral goizean Errusiako Defentsa Ministroak.


2021-04-27 | Ixone Arana
Txernobilgo historia kontatu zuten emakumeak

Apirilaren 26an bete ditu 35 urte Txernobilgo istripu nuklearrak. Horren harira Beyond Nuclear Internationalek hiru emakumeren lana azpimarratu du: politikariek ezkutatutako informazioak eta Bielorrusiako eta Ukrainako herritarren bizipenak hartu zabaldu zituzten Alla... [+]


Txernobyl ondoko ibaia kanalizatzeko obrek, berriz iratzarri dute kutsadura nuklearraren mamua

Prípiat ibaia uztailean hasi ziren dragatzen, Baltikoa eta Itsaso Beltza elkartuko dituen ubide erraldoia sortzeko. 1986an istripua izandako erreaktorearen hondakin nuklearrak daude ibai hondoan eta, ingurumen adituen ustez, ingurua gehiago kutsatzeko arriskua egon... [+]


Txernobylgo sutea kontrolpean dutela dio Ukrainako Gobernuak; gezurretan ari dela diote ekologistek

Hamar egun pasa dituzte Txernobyl inguruko 20.000 hektareak sutan. Apirilaren 4an piztu zen sua Txernobylgo esklusio eremuan, eta haizeak zentraletik 1,5 kilometrora hurbildu zuen. Erradioaktibitate tasa normala baino hamasei aldiz altuagoa izatea bultzatu zuen suteak. Orain,... [+]


Eguneraketa berriak daude