Txapelketa umore kolpeka

  • Azaroaren 6tik aurrera astero Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren ikuspegi bitxia eskainiko dizu Argiaren web telebista programak. “Damutuko zaizu(t)e!” mehatxatu gaituzte lau bertsolariek. Eurek ere txapelketan kantari behar baitzuten, baina...


2013ko azaroaren 05an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Arnaiz Lasarte, Unai Gaztelumendi, Ander Lizarralde eta Mirari Martiarena. (Arg: Axier Lopez)

Lau bertsolari gaztek egingo diote Txapelketako saioei jarraipena webTB saioan. Lehen fase osoaren balorazioa egingo dute azaroaren 6an sareratuko den programan, eta hortik aurrera, astero finalerdietako asteburuek eman dutena ekarriko dute. Unai Gaztelumendi eta Mirari Martiarenak aurkeztuko dute programa, eta esketxetako protagonistak izango dira Ander Lizarralde eta Arnaitz Lasarte.

Hautatutako (zergatik hautatuak? hori ezin aurrez jakin) bertsoaldiak dastatuko ditugu astero. Saioetako giroaren testigantza ekarriko digu Millan Mindegiak, unitate mobilean. Eustakiok eta Xibuliok bertsotako metaforak herri xeheari azalduko dizkiote. “Bertsoz aberastu nahi dut” atalak bertsoei buruzko urrezko galderak planteatuko ditu... Bertso munduak ere badu bere umore frikia.

Hultzeraren ondoren ez da Beranduegi

2009ko Txapelketan egin zuen Argiak lehen web telebista saioa, umore ukitu batekin saioen kronika egiten zuen Hitzetik Hultzera. Ondoren, umore kolpeka hiru urtez aktualitateari jarraitu zion Beranduegik eta Damutuko zaizu(t)e! da Argiak ekoiztutako hirugarren saioa. Aurreko bi saioekin pilatutako esperientzia eta azpiegitura teknikoa jarri dugu  Txapelketaren zurrunbiloa pasioz jarraituko duten lau bertsolari hauen eskura, eta eurek gai librean sortzen dutena da argia.eus-en topatuko duzuna.

Non eta noiz

Argia.com-eko Multimedia kanalean asteazkenetan jarriko dugu astean asteko saioa ikusgai. Hamaika Telebistan ostiraletan emango dute.

http://www.argia.eus/fitx/irudiak/Lau.jpg


Eguneraketa berriak daude