Irailaren 5ean, gauerditik gertu, Turkiako armadako hegazkinek Irakeko Kurdistango Kandil eskualdea bonbardatu zuten, tartean hainbat herrixka, bertako iturriek jakinarazi dutenez. Duwele herriko bi biztanle zauritu zituzten. Kandil eskualdea PKKren kontrolpean dago eta Turkiako armadak PKKren kontrolpeko gunea delako bonbardatu du.
Abuztuaren 24an, eskualde bereko Silê eta Surede herrietan beste bi kurdu zibil zauritu zituzten, baita 7.000 oilo eta ardi hil ere. Etxeek eta etxaldeek kalteak izan zituzten. 2007az geroztik, Turkiako abiazioak behin eta berriz bonbardatu ditu, haren ustez PKKren kontrolpean dauden eskualdeak. Operazio horietan hamarnaka zibil hil dira.
Uztailaren 23az geroztik, PKK-k autonomia demokratikoa lortzeko operazio "iraultzailea" egin zuenetik, Kurdistango Langileen Alderdiak lur gehiago kontrolatzen ditu. Turkiako armadak ezin du lurrez haietara sartu.
Informazio gehiago:
Ikusi Karlos Zurutuza kazetariak Kandil eskualdeko egoerari buruz ARGIA.com-en sareratutako diaporama: Kandil mendiak sutan. Iran, Irak eta Turkiaren arteko muga naturalak dira mendiok. "PKKko gerlariak ez ezik, Kandil mendietako herritar xumeak turkiar ejerzioaren xede bilakatu dira. Horiexek dira Ankarak deituriko 'mugaz gaindiko operazioak': sekretuak bezain bortitzak", dio Zurutuzak.
Aipatu diaporama Zurutuzak duela lau urte Kurdistanera egin zuen bidaian bildutako edukiaren parte da. Gainerako argazki-galeria, artikulu eta kronikak webgune honetan jaso zituen: Kurdistan.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.