Hauteskunde parlamentarioak egin zituzten igandean Georgian, eta lehenengo datu ofizialen arabera, oposizioko blokea osatzen duen Georgiako Ametsa doa aurretik emaitzetan. Joan den irailaren 28an, herrialdeko espetxe batean presozainek presoak nola torturatzen dituzten agertu zuen bideo batek, eta irudiek eragin handia izan dute hauteskundeetan.
Georgiako TV9 telebista kateak tratu txarren eta umiliazioen bideoa eman zuenetik, milaka herritarren protestak eta manifestazioak izan dira kalean. Besteak beste, presondegiko hamar funtzionario atxilotu zituen Gobernuak eta Espetxeetako ministroak dimititu egin behar izan zuen. Lau milioi eta erdi inguruko biztanleria duen herrialdean, 100.000 biztanleko 538 preso ditu Georgiak. Aurretik ere, behin baino gehiagotan salatu dituzte bertako kartzeletako gehiegikeriak NBE edo Human Rights Watch bezalako erakundeek.
Giro tirabiratsu horretan, 60.000 ikuskari izan dira hauteskundeetan (inoiz baino gehiago) eta lehenengo datuek diote oposizioarena izan daitekeela garaipena. Bidzinia Ivanishvili aberatsa da oposizioko buru eta Moskurekin harremanak berrezartzea du helburu nagusietakoa. 2008an Hego Osetian izandako gerraz geroztik, harremanak eten egin zituzten Georgiak eta Errusiak. Egun oraindik presidente den Mijeíl Saakashvili-k aldiz, "amets europarraren alde" egin du eta adierazi du oposizioak Errusiaren menpe utzi nahi duela herrialdea.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.