Irailaren 11ko manifestazioak oihartzun ozena egiten du oraindik bai Katalunian, bai inguruko nazioetan. Zein izango dira independentzia lortzen saiatzeko hurrengo urratsak? Horretaz jardun du Toni Strubell Solidaritat alderdi independentistako parlamentariak Jurdan Arretxe kazetariarekin Noticias de Gipuzkoa egunkarian. Elkarrizketako pasarte batzuk euskaratu ditugu.
"Sezesio prozesuen esperientziek, batez ere Europan, mota guztietako eboluzioak izan dituzte. Montenegron bide parlamentariotik egin zuten, erreferendumarekin; aldiz Kosovon erreferendumik gabeko alde bakarreko adierazpena egin zuten. Gure esperientziarekin, oso garrantzitsua izango da nazioarteko harremanetako lana eta lehenbiziko hurbilketa bat, datarik jarri gabe, funtsezko pieza den alde bakarreko adierazpenenera".
"Kataluniako parlamentuan independentistak gehiengoa gara. Manifestaziora fisikoki 80 joan ginen 135etik. Demokraziari errespetu guztia edukita, oso konplikatua izango litzateke gaur egungo hedabideen sistemarekin erreferendum bat egitea. Beraiek egunkari handiak dituzte, telebistak, irratiak… Beraien propaganda aparatua oso-osoan. Aurrena erreferenduma egitea akatsa litzateke".
"[Independentziaren aldekoenak] Enpresari txikiak eta klase ertainak dira eta sindikatuetan eboluzioa gertatzen ari da. Katalunian CCOO eta UGT dira sindikatu nagusiak. Manifestazioan nigandik bi metrora zihoan CCOOko Kataluniako idazkari nagusia. Pasa gara, martxa independentista batera joateak marka negatiboa ematen zizun egoera batetik, joaten ez denari buruz hitz egitera, Mas ba ote doan, edo Duran…".
"Hurrengo urratsak emateko bi eremu handi daude. Bata ortodoxoa da eta bestea gutxiago, nire ustez. Lehenbizikoa, nazioartea. Alderdi eta erakunde askok nazioarteko harremanak gutxi landuta dituzte, orokorrean. Beste esparrua 60ko hamarkadatik 80kora bitarteko immigrazio espainiarra lantzea da. Etorkin berri transahararrak, gauzak diren bezala, oso ongi tratatu ditu CiUk. Betiko immigranteak problematikoagoak dira. Esan zen hirugarren belaunaldian integratuko zirela, bigarrenean goaz eta identitate espainiarraren indartze moduko bat ikusten ari naiz, La Rojarekin [Espainiako futbol selekzioa] eta hizkuntz-ohiturekin. Bada Katalunian bizi den jendea, Écijan biziko balitz bezala, inoiz katalanik entzun gabe, telebistan TV3 sintonizatu gabe eta El Periódico gaztelaniaz irakurriz".
"Katalunia indpendentea izango da, batez ere 2007tik Espainiak egin dituen akats ikaragarriengatik. Beraiek ez dakite, baina Zapatero eta Rajoy dira Kataluniaren askatzaile handienak".

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.