Finantza munduan egiten diren salerosketei zergak ezartzea onartu dute Europako hamaika estatuk. Erabakiaren bidez, James Tobin ekonomialari estatubatuarrak 1972an proposatutako “Tobin tasa” gauzatzeko lehen urratsa eman dute. Alemaniako eta Frantziako agintariek bultzatu dute neurria.
Europako Batasuneko kideen artean izan da kontrako jarrera irmoa adierazi duenik ere: Irlanda, Britainia Handia eta Suedik, besteak beste, ez daude zerga ezartzearekin ados.
Luxenburgon egin den EBko finantza ministroen goi bileraren (ECOFIN) aurretik, Hollandek eta Merkelek ziurtatuta zeukaten Portugalek, Greziak, Esloveniak, Belgikak eta Austriak bat egingo zutela. ECOFINean berriz, beste lau herrialde batu dira. Horri esker lortu dute neurria indarrean jartzeko beharrezkoak ziren gutxieneko estatuen kopurua (bederatzi) gainditzea.
Adostutakoaren arabera, finantza merkatuetan akzioak edo bonoak erosten dituztenek gutxienez %0,1eko zerga ordaindu beharko dute eta deribatuen operazioei %0,01eko tipoa ezarriko zaie.
“Tobin tasa” urte askoan tabua izan da Europako agintarientzat, neurri “utopikoa" zela argudiatuta. ATTAC gizarte mugimenduaren eskaera nagusia izan da sortu zenetik, neurri horrekin espekulazio finantzarioekin bukatuko litzatekeela uste baitute. Dena den, ATTACek proposatzen du zerga horren bidez bildutakoa gastu sozialerako erabiltzea eta aldiz, EBko hamaika estatuk onartu duten zergaren bidez jasotakoa zertara bideratuko den ez da argitu oraingoz.
Informazio gehiago:
Irakurri Mikel Zurbano ekonomialariak Tobin tasari buruz ARGIAn idatzitako artikulua (2010-01-10)

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.