Euskaraz etiketatzearen aldeko ekimena sortu eta manifestua kaleratu dute, produktuen ezaugarriak euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten herritarrek. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esnearekin izandako jokabidea gaitzetsi dute sustatzaileek.
Duela lau aste Eusko Jaurlaritzak Euskal Herria Esneari euskaraz soilik etiketatzeagatik irekitako prozeduraren ondorioz sortu da ekimen hau. Manifestuan, batez ere euskaraz etiketatzearen alde egiten dute. Bost puntuk osatzen dute aldarrikapen hau, haien artean, euskaraz soilik etiketatzeagatik isunik ez jasotzearena. Bestalde, Euskal Herrian saldu behar diren produktuak euskaraz ere etiketatu beharko liratekeela dio. Jendea eta enpresak euskaraz etiketatzera bultzatzen dituen puntua ere jaso du.
Ekimenaren helburua euskaldunok kontsumitzen ditugun produktuen etiketak eta ezaugarriak euskaraz jasotzeko aukera izatea da. Beraien orrialdean atxikimendua emateko aukera dago. Dagoeneko ehun eta berrogeita hamar atxikimendu baino gehiago jaso dituzte.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.