Lurreko Telebista Digitala (LTD) ate joka dugu, baina badirudi Espainiako estatuan asko ez direla ohartu. Asociación de Usuarios de la Comunicación (AUC) elkarteak salatu duenez, oraindik telebista analogiko gehiegi saltzen da, 2010ean guztiz zaharkituta geratuko diren arren.
Impulsa TDT erakundeak jakinarazi duenez, iazko irailean Espainiako estatuan saldu ziren telebisten erdia ez da seinale digitala jasotzeko gauza izango. AUCek kezka agertu du datu horren aurrean, eta gehiago ere esan du: denda batzuk plasmazko edo kristal likidozko telebistak eskaintzen ari dira LTD jasotzeko egokiak bailiran, baina seinale analogikoa hartzeko besterik ez dute balio. Eta eskaintzea baino are kezkagarriagoa da eskaintza aintzat hartua dela. Ezezagutza handia dago erosleengan, eta axolagabekeria ere bai agian. Itzalaldi analogikorako ez da hainbeste falta, baina askorentzat oso urruneko gauza dirudi.
Europako zenbait herrialdetan, itzalaldia Espainiako estatuan baino beranduago egingo duten arren, neurri egokiak jartzen hasiak dira jada. Frantziako estatuan, Italian bezala, debekatuta dago telebista analogikoak saltzea aurtengo urtarrilaren 1etik. “Beste merkatu batzuetan zaharkituta geratu den materiala Espainiara iristeko arriskua dago”, dio AUCek. Hain erraz saltzen bada, ez da harritzekoa… Britainia Handian, berriz, salgai dauden telebista analogikoetan etiketa ipini behar du saltzaileak, aparatu horrekin ezin dela LTD hartu ohartaraziz.
Honekin lotuta, beste arazo baten berri eman du AUCek: erabiltzaile askok aparatu analogiko zaharrari eustea erabakitzen dute momentuz, eta dekodifikatzailea erosten dute LTD ikusi ahal izateko. Baina dekodifikatzaile mota desberdinak daude merkatuan eta denek ez dute balio kate guztiak ikusteko, ez eta LTDk eskainiko dituen aplikazio interaktiboak erabiltzeko ere. Zerbitzu interaktiboez gozatzeko aukera eskaintzen duten dekodifikatzaile bakarrak MHP sistemadunak dira, baina barra-barra ari dira sistema hori ez daukaten ale merkeak saltzen. Eta erosten.
Dena den, ez aparatu digitalek ez dekodifikatzaileek ez dute balio etxebizitzako antena ez badago aldez aurretik egokituta. Eta ezetz asmatu… Bai bada, horretan ere ez da eredurik onena Espainiako estatua. FENITEL Telekomunikazio Instalatzaile Federazioak jakinarazi duenez, antena egokitzapen prozesua moteldu egin da.
Batzuk ari dira itzalaldirako prestatzen, Espainian gogoratuko ote ziren kandela xume batzuk erosteaz behinik behin?