Teknozaborraren arriskuak


2006ko otsailaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:01

Jon Torner jontorner@argia.eus Teknologia berriak sekulako abiaduran ari dira garatzen. Erosi berri dugun aparailua aurki zaharkitua geratuko da eta ezingo diogu konpainia erraldoiek aurkeztutako azken asmakizunaren amuari iskin egin. Aparailu zaharra zakarretara botako dugu orduan. Ez gara bakarrak izango. Milaka lagunek egingo dute gauza bera mundu osoan. Silicon Valley Toxics Coalition erakundearen arabera, egun, munduko ordenadoreen %90a zabortegietan pilatzen da. Berziklatzen den aparailu elektronikoen kopurua oso txikia da eta gainera, tresna horiek manipulatzen dituzten pertsonen lan baldintzak benetan kaskarrak dira. Horrek agerian utzi ditu teknozaborrak sortutako arazoak eta horiei aurre egitean sumatzen diren gabeziak. Ordenadoreetako plaka gehienak hirugarren munduko herrialdeetako langileek muntatzen dituzte soldata baxuen eta lan-ordu askoren truke. Era berean, hirugarren munduak -Txinak, Indiak eta Pakistanek bereziki- jasotzen ditu lehen munduak sobera dituen aparailuak, hara bidaltzea birziklatzea baino merkeagoa delako. Eta ez dira aparailu gutxi. Europako Batasunak sortzen dituen hondakinen %5a, esaterako, teknozaborra da. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) kontsumitzen dute elektronika gehien eta, beraz, hondakin gehien estatubatuarrek sortzen dute. Kopurua haziz doa, gainera, ordenadoreen bizitza geroz eta laburragoa baita. Teknozabortegiak Arazoa geroz eta larriagoa den arren, hari aurre egiteko saiakera gutxi egin dira oraingoz. Ordenadore, telefono mugikor, musika ekipo, argazki kamera, mikrouhin-labe eta telebista zahar gehienak zabortegietan pilatzen dira eta han, erretako plastikoak ke toxikoa sortu eta metalek airea, lurra, akuiferoak eta izaki bizidunak (elika-katearen bidez) kutsatzen dituzte. Hiri bilakatutako zabortegietan, bestalde, egoera kezkagarriagoa da. PCek euren barnean -plaketan- urrea daukate (oso gutxi, hori bai) eta zabor artean dabiltzan pertsonek, urre hori askatzeko, erredurak edo biriketako edemak sortu eta heriotza ekar dezaketen azidoak erabiltzen dituzte. Horrez gain, monitoreetan kobrea dago eta hura manipulatzen duten pertsonek fosforoa arnasten dute. Kableetan ere badago kobrea, baina atera ahal izateko plastikoa erre behar da eta horrek gas toxikoak sortzen ditu. Bestalde, Asiako birziklatze plantetan lan egiten duten pertsonen lan baldintzak ere izugarri txarrak dira. Greenpeace erakundeak iaz kaleratutako Recycling of electronic waste in China and India(Hondakin elektronikoen birziklapena Txinan eta Indian) txostenaren arabera, aparailu elektronikoak birziklatzen dituzten tailerretako langileek, herrialde garatuek bidalitako substantziak (beruna, kadmioa, merkurioa, kromoa...) inolako babes neurririk gabe erabiltzen dituzte esku artean. Tailer horietako batzuk Txinako kostaldeko Guiyu hirian daude. Hango langileek hodi katodikoak eta bestelako material toxiko ugari manipulatzen dituzte, eguneko euro baten truke. Horietako asko umeak eta barnealdeko etorkinak dira. Natalie Behring argazkilari estatubatuarra bertan izan zen eta ateratako irudiak bere web gunean jarri ditu ikusgai, E-Waste Plagues China izenburupean. Txina, India eta Pakistanera ordenadore eta inprimagailu zahar gehien bidaltzen dituen herrialdea AEB da. Aparailu zaharren %80a iristen da Asiara, han birziklatua izateko. Nazioarteko hitzarmenek balio gutxi dute Teknozaborraren ondorio kaltegarriak gutxitze aldera herrialde garatuetako agintariek hainbat akordio sinatu dituzte. Sarri, ordea, ezer gutxirako balio dute. AEBek, adibidez, Asiako herrialdeetara hondakin gehien bidaltzen duen herrialdea izanik ere, ez dute Kiotoko Protokoloan hitzartutakoarekin bat egin eta Basileako Batzarrean adostutakoa Europako herrialde askok urratzen dute. Batzarrak, Europako Batasuneko herrialdeei garapen bidean dauden lekuetara hondakin arriskutsuak bidaltzea debekatu die baina egunero ehunka tona iristen dira, herrialde garatuentzat bere mugen barnean birziklatzea baina merkeagoa delako eta, bestetik, hartzaile diren herrientzako diru iturri delako. Zer egin behar dugu teknozaborrarekin? Zaharkitua geratu zaigun ordenadorearekin hainbat gauza egin dezakegu: lagun bati edo Gobernuz Kanpoko Erakunde bati eman, banatzaileari itzuli edo birziklatze gune batera eraman. Horretarako, Udalarekin edo Mankomunitatearekin harremanetan jarri eta beraiek esango digute ordenadorea non eta noiz utzi. Ondoren, haiek arduratuko dira aparailuak hurbilen dagoen birziklatze gunera eramateaz. Informazio gehiago: - Hondakin elektrikoak eta elektronikoak (Eusko Jaurlaritza) - Hondakinen kudeaketa (Nafarroako Gobernua) Bestalde, El País egunkariak aparailu elektronikoen erabilera okerra saihesteko hainbat neurri eta aholku bildu ditu, Ekologia informatikoa izeneko zerrendan. Zerrenda Teknozaborraren aurka, birziklapenaartikuluaren barnean agertu zen, baina ez dago Interneten. - Pantaila lauak eta eskuko ordenadoreak energia gutxiago kontsumitu eta erradiazio gutxiago jaurtitzen dute. - Erabiltzen ez direnean, ordenadorea eta pantaila kontsumo gutxiko modura pasatzeko konfiguratu. Denbora luzez erabiliko ez direnean, itzali. - Segurtasun kopiak CD berrerabilgarrietan egin, ez erabilera bakarreko CDetan. - Inon aurkeztu behar ez diren dokumentuak inprimatzeko alde batetik "zikinduta" dauden orriak erabili. - Programak ez konpultsiboki eguneratu. Segurtasun akatsik ez badu zaharrak balio du. - Ordenadoreak ez konpultsiboki erosi. Memoria handitzea edo osagaiak aldatzea nahikoa izan daiteke, batez ere ordenadorea testuak prozesatzeko eta nabigatzeko erabiltzen bada. - Ordenadore zaharra bigarren eskuko merkatuan saldu edo eman (oparitu). Erabilera batzuetarako, bigarren eskuko ordenadorea erostea planteatu. - Ordenadorea ez zakarretara bota. Txatartegi espezializatura, Udalaren birziklatze puntura edo fabrikatzaileari eraman.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude