Desagertzear dauden zenbait hizkuntzarekin webgune berezi bat sarean kontsultagarri dago. National Geographic eta Living Tongues Institute for Endagenred Languages-en arteko elkarlanaren emaitza da. Hizkuntza bakoitzari ikerlariek desagertze arrisku maila bat ezarri diote eta bakoitzean sakon daiteke.
Hizkuntza bat galtzen da 14 egunean behin eta 2100. urterako, egun munduan hitz egiten diren 7.000 hizkuntzetatik erdiak geratuko dira proiektuaren webgunean irakur daitekeenez. "Galtzen den hizkuntza bakoitzarekin honen hiztunek historiaz, kulturaz, naturaz eta gizakiaz duten jakinduria garrantzitsua galtzen da".
Webgunean grabatu dituzten zenbait hizkuntza entzuteko atala ere prestatu dute (nahiz eta albistea idazteko orduan, arazo teknikoak medio, ezin entzun daitezkeen), baita bertara egindako espedizioetako argazkiak eta bideoak ikusi ere. Ondorengo hizkuntzak entzun daitezke webgunean: Tuvan Siberiako hizkuntza, Ho Indiakoa, Siletz Dee-Ni AEBak eta Kanadaren arteko mendebaldeko mugakoa, Matukar Panau hizkuntza Papua Ginea Berrikoa, Paraguayko Chamacoco, Indiako Remo, Peruko Amazonian dagoeneko desagertu den Muniche hizkuntza, Indiako Sora, eta jatorri zeltiarra duten hizkuntzak.
Bitxikeria gisa, orain arte zientzialariek ezagutzen ez zuten hizkuntza bat aurkitu eta grabatu zuten espedizioko kideek, Indiako ipar ekialdean. Bideo honetan ikus daiteke.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.