Sortu: "Neoliberalismoaren aurrean ezkerretik eta behetik gora alternatiba berriak eraikitzeko garaia da"

  • "Guk guztiok Sortu askapen prozesua bururaino eramateko tresna bihurtu behar dugu", esan zuen alderdiko presidente Hasier Arraizek larunbatean Iruñean, Sorturen eratze kongresuan. "Sozialdemokraziak porrot egin du", gaineratu zuen egoera sozio-ekonomikoa hizpide. "Ez dago kapitalismo basati hau humanizatzeko modurik. Neoliberalismoaren aurrean ezkerretik eta behetik gora alternatiba berriak eraikitzeko garaia da. Eraso eta murrizketei erantzutea ez baita nahikoa".


2013ko otsailaren 25an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Hasier Arraiz, atzean Sorturen Kontseilu Nazionaleko zenbait kide dituela.

"Iragana behin betiko atzean uzteko gatazka politikoari irtenbide integrala ematea ezinbestekoa da", jarraitu zuen Arraizek. Blokeo egoera oro gaindituz, gatazkaren muin politikoa askatzea eta gatazkaren ondorio guztiei irtenbidea ematea lehentasun izango ditugu".

"Sortu prest dago Euskal Herriaren lema eskifaia politiko eta sindikal guztiarekin partekatzeko, noski, nora goazen adosteko gai baldin bagara. Eta igeri-leku batean zein bestean, Iruñean eta Gasteizen, itsaso zabalera etortzeko prest dauden guztiekin igeri eginez nabigazioan trebatzeko prest gaude".

"Hori da herri gisa gure aurrean dugun erronka nagusietako bat. Bestea, ordea, mundu osoko ingurumena suntsitzen eta milioika pertsona gosez hiltzera eta miseria gorrira kondenatzen ari den sistema kapitalista borrokatzea. Sozialistak gara eta horregatik ezin ditzakegu gaur egun ugaritzen ari diren injustiziak eta bidegabekeriak onartu".

"Iraultza Demokratiko Nazionala egiteko garaia da. Gizon-emakume ororentzako justizia soziala eta haien arteko parekidetasuna, ama-lurrarekiko errespetua eta euskal lurralde guztien arteko kohesioa dira, besteak beste, lan eremuak. Euskal Estatu Sozialistaren bidean, ekonomia demokratizatu behar dugu, politikaren bitartez, ekonomia herritarren beharren eta eskubideen mesedetan jarri arte".

"Herri mugimenduaren eta instituzioen arteko dialektikatik zapalkuntza gaindituko duen herri boterea eratu behar dugu eta Sortuko kideok batean zein besteetan izango gara, borroka ideologikoari eta konfrontazio demokratikoari hauspoa emanez".

Sorturen kontseilu nazionala

Sortuk alderdiaren Kontseilu Nazionala osatuko duten kideen izenak ezagutarazi zituen larunbatean. Gaur bilduko dira lehendabizikoz alderdiaren Iruñeko egoitzan.

Presidentea: Hasier Arraiz

Idazkari orokorra: Arnaldo Otegi (kargua hutsik geratu da oraingoz)

Barne antolaketa: Idoia Aiastui

Komunikazioa: Juan Joxe Petrikorena

Finantzak: Marisa Alejandro

Nazioarteko lan taldearen ordezkaria: Maite Ubiria

Bozeramaile nazionalak: Pernando Barrena, Amaia Izko eta Xabi Larralde

Herrialdeko koordinatzaileak: Jean François Lefort (Ipar Euskal Herria), Joxean Agirre (Gipuzkoa), J. Cruz Aldasoro (Nafarroa), Txus Martinez (Araba) eta Maribi Ugarteburu (Bizkaia)

Masa borroka: Marije Fullaondo

Borroka ideologikoa: Iosu Lizarralde

Borroka instituzionala: Joseba Permach

Gatazkaren konponbiderako lan taldearen arduradun: Rufi Etxeberria

Nazio mailako irizpideekin hautatutako bost kideak: Unai Berrostegieta (Bergara), Iker Elizalde (Hendaia), Oihane Zabala (Mungia), Miriam Campos (Bilbo) eta Bixente Goikoetxea (Altsasu).


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sortu
2024-02-05 | Leire Artola Arin
Donostiako bi etxebizitza turistikotan sartu dira Sortuko kideak, “etxebizitza larrialdia” salatzeko

Azora funts putrearena da bata, eta luxuzko etxebizitza turistikoa bestea; asteburuko erreserba amaitu eta bertan geratu dira, instituzioei eskatzeko etxebizitza eskubidea bermatzea. Exijitu diete, besteak beste, alokairuaren prezioa eta etxebizitza turistikoak mugatzeko, eta... [+]


Sortuk "koherentzia" eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta nazioen erabakitzeko eskubidea aitortzeko

Ehunka kide bildu dira Sorturen VI. Nazio Konferentzian, larunbatean. Iragan ikasturtea "emankorra" izan dela azpimarratu dute, eta datozen urteetarako erronkak berretsi dituzte.


Herrigintzaz gogoetatuko du Sortuk larunbatean Plaza Hutsa egitasmoaren barruan

Ezker Abertzaleko militantzia batzeko asmoa dute, herrigintzaren inguruan gogoeta egin eta aurrez ezarritako sei eremu estrategikoen helburuak finkatzeko.


Eguneraketa berriak daude