Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea eleberriaren antzerkirako egokitzapena estreinatuko dute urriaren 18an, Bilboko Arriaga antzokian. Patxo Telleria arduratu da nobelaren argumentua antzerkirako egokitzeaz eta Fernando Bernues aritu da zuzendari lanetan. Arriaga, Donostiako Victoria Eugenia eta Gasteizko Printzipal antzokiek ekoitzi dute antzerki obra, Ttanttaka Teatroa konpainiarekin batera.
Parte hartuko duten aktoreen artean Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Patxo Telleria, Mikel Losada, Asier Hernandez, Mireia Gabilondo eta beste hainbat daude. Urriaren 18tik 21era, euskarazko emanaldi bat eta erdarazko lau egingo dituzte.
Arriaga antzokiko 2012-2013 denboraldiko programazioa iragartzerakoan eman dute horren berri. Gainera, Kukai eta Ttanttaka konpainien Komunikazioa-Inkomunikazioa obra aurkeztu dute. 2013ko martxoaren 1ean estreinatuko da eta Mikel Laboaren lanean oinarritutako obra da. Jon Maiak sortutako koreografia izango du eta zuzendaria berriz, Mireia Gabilondo izan da.
Beste hainbat ekitaldi ere eskainiko dituzte Arriagan. Besteak beste, Tricicle, Sara Baras, Goenkale antzerki lana, Ainhoa Arteta, Zenet, Argia dantza taldea, Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Leipzigeko Operako Balleta, Ismael Serrano, Herbeheretako Ballet Nazionala eta Espoainiako Ballet Nazionala.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.