Shell petroleo konpainiak ehunka milioi dolarreko zigorra ordain lezake Nigeriako Ogoniland eremua suntsitu duten bi petroleo isurien ardura bere gain hartu baitzuen atzo lehen aldiz. Britainia Handiko epaitegi bat eramaten ari da kasua. Bodo komunitateak kalte ordaina jasoko duela adierazi zuen epaiketan Herbehereetako konpainiako ordezkariak. Datorren hilabeteetan erabakiko da zer kopuru ordaindu beharko duen.
Lehen aldia da ardura berea dela adierazi duela petroleo konpainiak. Orain hilabete batzuk arte, Shell konpainiak adierazi izan du isurien errudunak petroleoa lapurtzen saiatzen ziren bertako herritarrak zirela, eta eurena zela inguruok erreparatzeko ardura. Adierazpenok iskanbila sortu zuten herrialdean eta azkenean, konpainiak 2008 eta 2009an gertatutako isuriengatik ordainduko duela adierazi du.
Zenbait hilabete luza daiteke prozesu judiziala, eta gaiari buruz ez duela adierazpen gehiago egingo esan du enpresak.
Bi isuriok Bodo komunitatearen arrantza eremua erabat deuseztu zuten herritarren hitzetan. Ogoniland Niger Deltan dago, eta bertan birfindegi erraldoiak dauzka jarrita konpainiak.
“Hau munduan gertatu den petroleo isuririk larrienetakoa da, eta orain arte ia ustekabean pasatzea lortu dute”, adierazpenak bildu ditu Al Jazeerak bertako herritarren ahotik. “Eskerrak Shellek gure herrialdean egin duen kalteagatik epaitegietara jo dugun”.
Isuriek hamarkadetako kaltea eragin dutela salatu dute bertako zenbait taldek.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.