Kataluniako Mossoen bortizkeria salatzen duen bideo hau saretik kentzeko agindu du epaile batek, iraingarria dela eta poliziak arriskuan jartzen dituela argudiatuz.
Sergi Garcia uztailaren 13an PPk Bartzelonan duen egoitzaren aurrean bildu zen beste ehunka pertsonarekin batera, Andrea Fabra popularrak langabetuei eskainitako izorra daitezela famatuari erantzuteko kontzentrazio batean. Kataluniako M15 mugimenduak antolatutako elkarretaratzea amaitu aurretik fatxadaren kontra bi arrautza botata, Garcia lagunekin bildu eta etxerako bidean jarri zen. Gaueko 23:30ean, kalez jantzitako hiru Mossok lurrera bota eta bertan, Catalunya plazako metroko sarreran eta jendez inguratuta, gorputz osoan jipoia eman zioten. Bi egun polizia-etxeko ziegetan pasa ostean libre irten zen eta "bere bizitzako egunik txarrenak" jaso zituen bideoan, aske atera bezain pronto.
Sarean zabalpen handia izan duen bideoa Mossoek ez dute begi onez hartu eta orain aste batzuk bideoa ikusgai zuten zenbait webguneren aurkako salaketa jarri zuten. Saretik kentzeko saiakera honek gaur jaso du epaileen erantzuna: bideoa saretik kentzeko agindu dute. Jatorrizko bideoa segituan ezabatua izan bada ere, kopia andana azaldu da Youtuben eta bestelako bideo plataforma batzuetan, bideoaren zabalpena areagotuz.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.