Ainhoa Urretagoiena Bierrik Fundazioko arduradunak hala esan zion ARGIAri 2012ko hasieran: "2012 inoiz baino egoera larriagoan hasi dugu". Nafarroako euskarazko beste hedabide gehienek bezala, Sakanako Bierrik Fundazioak bazekien gorriak ikusiko zituela 2012an, eta horrela izan da. Guaixe astekaria, Beleixe irratia eta webgunea dituzte. Hemendik aurrera, ez dakite noiz arte, Beleixe irratia isilik egongo da.
FM 107.3an musika eta iragarkiren bat entzun ahal izango da, baina zuzeneko emisioak bertan behera utzi dituzte egoera ekonomikoak murrizketak egitera behartu dituztelako.
2011n, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Sakanako mankomunitatearen diru-laguntzak Bierrik Fundazioaren aurrekontuaren %40 ziren. Urte horretan Eusko Jaurlaritzarengandik espero baino 15.000 euro gutxiago jaso zituzten eta 2012an %10 inguruko jaitsiera izan dute. Nafarroako Gobernuak berriz, Nafarroako euskarazko beste hedabide guztiei bezala, 0 euro eman dizkie diru-laguntza moduan. Bierrik Fundazioaren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzaren eta mankomunitatearen laguntzekin aurrekontuaren %25 estaliko zuten aurten.
Zetorkiena antzemanda, Sakana bailarako herrietan kanpaina jarri zuten abian, 2.000 esker izenekoa. Helburua, urte honen amaierarako 2.000 bazkide lortzea da. Apiriletik hona 1.000 bazkide egitea lortu dute. Beste helburua, fundazioa bera eta komunikabideak (astekaria, webgunea eta irratia) berregituratzea da.
Nafarroako euskarazko hedabide gehienak Euskara Elkarteen Federazioan, Topagunean, biltzen dira eta sei aldizkari, sei irrati eta telebista bat ziren iaz. 2012aren hasieran Jauntsaratsen estudioa zuen Esan Erran irratia mutu geratu zen eta urtea bukatzerako Beleixek emisioak eten ditu. Sei irratitik bi isildu dira aurten.
Informazio gehiago:
Nafarroako euskarazko hedabideen egoeraz 2012ko hasieran ARGIAn egindako bideoa.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.