Moskuko eliza ortodoxo batean kantatzeagatik bi urteko kartzela zigorrera kondenatu zituzten Pussy Riot taldeko hiru kide abuztuaren 17an, baina atxilotu ez zituzten taldeko bi kidek Errusiatik alde egitea lortu dute. Beste 12 kidek ere Errusian jarraitzen dutela jakinarazi du taldeak.
"Kremlineko sasikumeak nahigabetuko ditugu: bi emakumek herrialdea utzi dute arriskuengatik, baina Pussy Rioteko hamabi kide gutxienez oraindik Errusian daude" irakur daiteke taldearen Twitter kontuan atzo argitaratutako mezuan. Medio beraren bidez jakinarazi dute erbesteratu diren bi taldekideek atzerriko feministekin bildu nahi dutela aurrerantzeko ekintzak gauzatu ahal izateko. Ez dute argitu alde egin duten taldekideak nor diren, ezta zein herrialdetara joan diren ere.
2011n sortu zen taldea, musika eta ekintza politikoa batera egiteko asmoz. Taldekide guztiak aurpegia estalita agertzea izan da Pussy Rioten berezitasun agerikoena. Emakumeen eskubideen alde eta Putinen kontra kantatzen dute; hainbat aldiz agertu ziren jendaurrean, Moskuko Kristo Berreroslearen elizako ekintzarengatik hiru kide atxilotu zituzten arte.
Abuztuan egin den epaiketa dela eta mundu osoan ezagun egin dira eta beste herrialdeetan ere sortu dira antzeko protestak egiten dituzten taldeak. Alemanian, besteak beste, jarraitzaile asko ditu taldeak. Epaiketa hasi aurretik Berlinen 400 lagun inguru bildu ziren haien aldeko manifestazioan.
Abuztuaren 24an berriz, Koloniako eliza batean hainbat lagunek Pussy Rioteko kideak bezala jantzita protesta egin zuten. Atxilotutakoek kartzelara joateko arriskua dute, Alemaniako legeak horrelako ekintza batengatik hiru urterainoko zigorrak ezartzea aurreikusten baitu.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.