EAEko eta Galiziako hauteskundeen ondoren titular esanguratsua jarri zion Vicent Partalek Vilaweben idatzi zuen editorialari: “PSOE erortzearekin Espainiak ardatza galdu du”. Kazetari kataluniarrak Espainiako Estatuaren egituraketan PSOE elementu zentrala izan dela azaldu zuen; eta azkenaldian Rubalcaba eta konpainia boto asko galtzen aritzeak soken kontra jarri dituela sozialistak, obrero batzuk, baina batez ere espainolak. Espainiaren kontzeptua bera baita arrakalatzen ari dena, Partalen ustez.
Independentista baten interpretazio baikorregia izan zitekeen, hauteskunde gaueko beroaldia, azken asteotako prentsak Ferrazen ekaitza dabilela esango ez balu; Santi Orueren marrazki honek laburbiltzen du hoberen egoera.
Rubalcabak larunbatean adierazi zuen ez duela dimitituko, orain zortzi hilabete aukeratu zutela alderdiko idazkari orokor. Bitartean, 38. Kongresutik gustura atera ez ziren PSOEko kideak desiratzen daude Barne Ministro ohiaren bizkarra puñal batekin apaintzeko.
Kezka ez dago PSOEn bakarrik, Espainia oinarri eztabaidaezin duten politikari asko larritzen ari da. Dolores de Cospedal PPko buruak urriaren 23an adierazi zuen, espero duela PSOEk “norabidea azkar aurkitzea”. Harago joan zen Cospedalen alderdikide Esteban Gonzalez Pons: “Inori ez datorkio ondo PSOE dagoen egoeran egotea”.
Gaurko El Paísen editoriala, ildo berean dago idatzita: “PSOE Espainia demokratikoa egituratzeko elementu zentrala izan da. Inolako garrantzirik ez edukitzera pasako balitz, ez lukete alderdiko buruzagiek eta militanteek bakarrik ordainduko, boto-emaileek eta espainiar guztiek baizik”.
Prisa taldeko egunkariak dio Kataluniako bozen aurretik Rubalcabaren agintea auzitan jartzea ez dela komeni, sozialisten buruari zorriak izurri bihurtzen ari zaizkion bitartean. PSCk erabakitzeko eskubidea aipatzen du hauteskunde programan; Ernest Maragall alderditik atera da, burujabetzaren aldeko jarrera hartuz; EAEn Patxi Lopezek PSOEko buruzagitza auzitan jarri nahi ez duen arren, Araban piztu zaion sutea ez da berehala itzaliko...
Egoeraren erretratu inpresionista besterik ez da, noski, baina Espainiako Estatuaren markoa mehar, ilun eta laburra dela pentsatzen dutenentzat garai interesgarriak etor litezkeela erakusten du.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.