Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuak Madrilen duen delegatuak adierazi du, manifestatzeko eta biltzeko eskubidearen inguruko legea "zabala" dela, "zaharkituta" dagoela eta baimen gehiegi ematen dituela. Gainera, manifestazioen bidez talde batzuk, hauteskundeetan lortzen ez dituzten botoak lortzen saiatzen direla esan du. Cifuentesek dio, ez duela eskubideen murrizketa proposatzen, manifestazioen erabilera "arrazoizkoagoa" izatea baizik.
Madrilen kasua jarri du adibidetzat RNEn eginiko elkarrizketa batean: aurtengo urtea hasi zenetik ia 2.200 manifestazio inguru egin dira Espainiako hiriburuan. Cifuentesen ustez, ez da posible egun batean eta toki berean hamar manifestazio egitea eta azkenaldian Madrilen hori gertatzen da. Cifuentesek dio bere helburua ez dela gizarteari manifestatzeko eskubidea kentzea, herritarrei kaletik lasai ibiltzeko eskubidea bermatzea baizik.
Espainiako gobernuaren Madrilgo ordezkariak jakinarazi du, "ordena publikoa aztoratu" lezaketen manifestazioak ordutegiz aldatzen edota tokiz aldatzen saiatu izan direla, baina Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota dituela horrelako ekimenak.
Gaineratu du, trafikoaren mozketak zigortu egin beharko liratekeela. Horrelako ekintzak egiten dituztenen izenak hartu eta zigor administratiboak ezartzea beharrezkotzat jo du Cifuentesek.
Azkenik adierazi du, azken manifestaldiak nahiko lasaiak izan direla eta Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren lana “ezinobea” izan dela. Irailak 25ean Madrilgo Kongresuaren aurrean izandako istiluei erreferentzia egin die Cifuentesek. Hainbat lagun zauritu zituen poliziak istiluetan, besteak beste gomazko pilotak tirokatuz.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.