Sareko gure euskarria, aldizkariko edukiak baino askoz gehiago da egun, eta Interneten komunikabide multimedia erreferentziala da. Beste gauza askoren artean, hau topatuko duzu: komunikabide berezituetatik ekarritako artikuluak, informazio eguneratua, hazten doan blog komunitatea, Beranduegi web TB berritzailea, dokumental berri bat astero, film laburrak, hitzaldiak, kanal espezializatuak, sare sozialak, diaporamak, Euskal Herriko lehen turismo webgune interaktiboa eta beste hamaika zerbitzu.
Interneten egiten ari garen apustuan sinesten dugu, eta gure taldeko hamaika kazetarietatik lau ia erabat ari dira ARGIA.com-en lanean. Papera eta Internetaren arteko lotura dugu helburu, eta horregatik lantalde osoak idazten du astekarirako zein ARGIA.comerako. Gauzak horrela, azarorako webgune berria estreinatuko dugu eta gure eduki guztiak Creative Commons lizentzian jartzea erabaki dugu, euskarazko edukiok eta Euskal Herriari buruz landu dugun informazio andana, edonork nahieran eta doan erabil dezan.
Komunikazioaren munduak bizi dituen garai latzetarako pozik gaude, oso pozik. 1997an heldu genion sareko erronkari eta etengabe egokitzen jarraitzen dugu. CIESen datuen arabera, 57.000 lagunek irakurtzen dute ARGIA aldizkaria paperean Hego Euskal Herrian eta 5.000ek ARGIA.com egunero.
Baina gu ere gogor kolpatu gaitu krisiak, eta estu gabiltza. Interneteko apustua ez da doan ateratzen. Bai, gero eta publizitate gehiago sartzen zaigu Internetera, baina oraindik ez bere gastuak errentagarri egiteko adina.
Egia esatera, aldizkariko harpidedunek ahalbideratzen dute zuk lerro hauek doan irakurri ahal izatea, edo Beranduegi telebistako saioak ikustea. Euskaldunok Interneten egotea giltzarri da gure hizkuntzaren etorkizunerako eta guk ere gure alea jartzen jarraitu nahi dugu.
Gogoa eta aukera duzun neurrian, sarean egiten dugun lana diruz laguntzeko aukera eman nahi dizugu lerro hauen bidez. Informazioa klabea da jantzia izan nahi duen pertsonarentzat, libre bizi nahi duenarentzat. Euskalduna, kalitatezkoa eta independentea, horrelakoa da gure komunikazio proiektua, eta estimatuko genuke bultzako bazenu. Milesker.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.