EOSen abonu-zikloa: kritikak

Pianoaren printzesa
Montserrat Auzmendi| 2011-11-10

handitu txikitu
Judith Jauregi.
Judith Jauregi.

Fitxa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Wolfram Christ. Bakarlaria (pianoa): Judith Jauregi. Egitaraua: Mozarten obrak. Lekua: Gasteizko Principal Antzokia. Data: Azaroaren 7a.

Izenburu honekin ez diot inori gogorarazi nahi garai batean hain famatua zen Akordeoiaren printzesa (La princesa del acordeón) kanta gogaikarria. Nire asmoak ez du zerikusirik honekin. Judith Jauregi gaur egungo piano jole onenetakoa dugu. Musikaltasuna eta teknika sobran ditu, baina, horrez gain, benetako printzesa bat da, dotorezia baita bere ezaugarri nagusia. Musikaltasun elegantea, porte aristokratikoa, eta aldi berean apaltasuna eta gertutasuna, bertute hauen guztien ondorioz, musika klasikoaren izar bat bihurtu da azken urte hauetan.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren hirugarren abonu-kontzertuaren protagonista izan zen Jauregi. Saioa hasi zen Mozarten Txirula magikoa KV 620 operaren oberturarekin. Ez zen oso doia atera, egia esan. Baina konpositore beraren Piano eta orkestrarako 20. kontzertua re minorrean KV 466 obrarekin giroa aldatu zen. Naturaltasun osoz interpretatu zuen bakarlariaren rola Judith Jauregik. Teknikoki ez da obra konplikatua, baina espresio aldetik bai. Mozarten kontzertuen arriskua errazkerian erortzea da, notak bata bestearen atzetik jotzea, zentzurik gabe. Pianistak, aldi honetan, jakin zuen partituraren azpian datzan mamia eta sentimendua ateratzen. Bertsio serioa egin zuen. Beethovenen kadentziak jo zituen, mundialak horiek ere. Eta, gainera, propina bat oparitu zuen: Liszten 3. Kontsolazioa, benetan ameslaria.

Saioaren bigarren zatian, berriro Mozart izan genuen. Egile salzburgarraren 39. Sinfonia, mi bemol maiorrean, KV 543 lana txukun atera zen, besterik gabe. Dinamika eskasa eta espresibitate zuhurra izan ziren ezaugarri nabarmenak. Ez zuen gehiegi lagundu Wolfram Christ zuzendariak.

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Dohainik.

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia