Peio Irikin: "Gerezia freskoan saltzeko izpiritua berriz piztu da"

  • Peio Irikin hirugarren urtez ari da Itsasuko etxaldean. Aitarekin antolatua duen baserriaren produkzioa gehiago dibertsifikatzeko modua egin dute Peio hasi denean Olasur etxaldean: euskal txerriak, sasi ardiak eta Itsasuko gereziak.


2014ko ekainaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Peio Irikin, Itsasuko nekazari gaztea, etxaldeko gereziondoetako baten alboan.

Etxaldea aurkezten ahal daukuzu?

2012an plantatu niz aitarekin Gaec-an. Berrogoi bat hektara baditugu, erabilgarriak dira, motofaucheusearekin garbitzen dugu parte bat. Aldiz, patarrarengatik, ez dugu artorik edo kulturarik egiten ahal, zerealak erosten ditugu. Produkzio nagusia ardiak ditugu, Manex buru gorriak. Ni plantatzean, euskal xerriak ezarri ditugu, hiru parke baditugu, 120 bat xerriren gizentarazteko eta Oteizari saltzeko. Hamar bat behi gorri baditugu eta ehun bat sasi ardi sartuak ditugu orain, Itsasuko mendietan kabale guti baita. Hasia niz ere gerezien baliatzen, saltzeko.

Sasi ardien hautua zergatik egin duzue?

Mendiaren baliatzeko. Aitak maite du ere mendirat joaitea, zakurrekin. Ezarri ditugu sustut kabalak berriz ekartzeko gure Itsasuko mendietan. Sasi ardiek axuriak egiten dituzte, zikitatzen ditugu eta hiru urtetan saldu nahi ditugu, zikirotako edo. Beste ardiekin ez gira mendian ibiltzen, kontrolan gira aspaldi.

Gereziari indar gehiago eman nahi dakozu...

Etxaldean, betidanik badira gereziondoak. Hogoi edo hogoita hamar urtez ez da landatu. Zahartuak ditugu gehienak. Pentze itzulietan ditugu. Hasiak gira berriz landatzen duela 4-5 urte, zerrakuetan. Emeki heldu da gerezia, berriki arbola bakotx. 10-15 urte behar da gereziak untsa eman dezan. Arbole zaharrekin, erreximenta egiteko produkzioa badugu.

Zendako nahi izan duzu gerezia bultzatu ?

Itsasuarra izanki lehenik. Xapata elkartea berriz partitzen baita ere. Gerezi biltzea maite dut. Eta biltzen dena, garbi da. Aurten gerezia bada, bilduko dugu. Bainan ez gira tratatzen ari. Fresik ez dugu egiten. Trakasarik gabe, heldu dena biltzen dugu.

Nola erabiltzen duzu gerezia?

Transformatzen dugu gehiena. Peloa, lehen mota da, hori dena erreximentan ezartzen dugu. Aste huntan egin dugu. Bigarren mota da xapata, gorrixago da. Hau ez da aise saltzen erreximentan, ez baitu kolore beltxa eta jendeek ez dute hainbeste nahi izaiten. Bide bazterrean saldu nahi nuke hau freskoan. Jaztik Bacardi npresak, alkola egilea Frantzia kaskoan, hartzen du hemengo gerezia. Jaz eta aurten ere merkatu horren barne gira eta 80 bat kilo badugu emaiteko horiendako (bakotxak kota bat badu).

Bide bazterrean saltzen ariko zira beraz?

Entseatu nahi nuke. Ikusiko ze aro egiten duen ere. Lehenik Bacardiren kota bete behar dugu, gero 100 bat kilo erreximentan egin nahi nituzke xapatarekin ere, gama osoa dugula erakusteko. Eta ondarra bide bazterrean saldu nahi nuke. Jaz merkatu zonbait egin nituen bainan ez dut maite hainbeste denbora egoitea saltzen.

Bide bazterreko saltzea elkartearen aurtengo inizitiba da...

Bai. Gerezi iduriko ttattola bazen elkartean, alfer zena. Aurten erabaki da bide bazterreko saltzea abiatzea. Bretainiako grossiste baten galdea ukan dugu, gereziak hartzeko bildu ondoan segidan, bere saltegietan ezartzeko biharamunean berean. Hortan berriz piztu da freskoan saltzeko izpiritua eta hari ez bazen dena saltzen, standa muntatua ginuen soberakinaren saltzeko.

Bainan saltokia ez da baitezpada idekia...

Ez. Bizpahiru gira horrendako eta aroaren, uztaren eta etxeko lanen arabera han gira. Ez da finkoa. Bada pasaia. Itsasuko gerezia agerian ezarri nahi dugu.

Xapata elkarteko kide zira. Zer egiten duzue elkartean?

Gisa hortako iniziatibak abiatzen ditugu. Arbolen landatzeko, 200-300 arbola manatzen ditu elkarteak eta kideen artean banatzen. Elkartetik kanpo den jendeari ere saltzen dira landareak. Bacardik ere elkartea zuen kontaktatu eta horren bidez da abiatu. Inportanta da elgarrekin lan egitea. EHLGko langile bat bada laguntzen gaituena.

Bada gerezi aurten?

Bai bada. Lehen mota untsa pasatu dugu, ederra eta berdin, ustelik gabe. Ikusiko bigarren motarendako. Orai arte ez da ondu. Animaleko beroa egiten badu, berehala pasatuko da aldiz. Fragila da bainan lekuko motak ez direnak baino azkarrago da. Aurtengo sasoin erdian gira.

Laborari gazte gisa, zer dituzu arrangura eta esperantxak?

Eskas atxemaiten dutana gure etxean da lur puxka bat. Ez da atxemaiten ahal. Zerealak egin nahi nituzke etxeko, autonomia landu, produkzio nagusia ardiak izanez zaldare ainitz jaten baitugu neguan. Bainan ez da ukaiten ahal, jabeek ez dituzte utzi nahi... Neguko bazka gisa uzten dituzte bainan iraultzea ez dute uzten... Plantatu nizalarik, gasna egiteari pentsatu dugu pixka bat, bainan beste ofizio bat da; lana da egiteko, erreusitzeko, gero saldu behar da... Orainokoan esnea salduz ez da gaizki joan.

Gauza baikorrak ere badira?

Bai. Plantatu nizalarik, deizteko maxina kanbiatu ginuen eta identifikazio  sistima ezarri. Gauza ona da, ardi bakotxak bere razionea badu, xahutzerik ez izaiteko. Etxetik bazka gehiago egitea nahi nuke. Emeki emeki, gereziekin arizan, xerri pare bat transformatu, bildots zonbait ere… hola hasi nahi nuke. Arrangura dut halare, lana baita. Egiten dutenek badute mereximendu. Saltzea ez da deneri emana. Nik nahiago ditut 20 edo 30 xerri gehiago hazi, ezen ez eta saltzera joan. Ez dut gustuko ofizioa. Gero egia, saltzeko leku onean girela, jendea ibilki da hemen, kostatik hurbil... Hortarat bihurtu beharko dugu.

Lurra aipatu baituzu, laborantxa mehatxatua dela hemen iduritzen zauzu?

Laborantxa guti da halare. Hiru gazte gira Itsasun, kasik adinekoak, 30 urtez petik. Ez da segidarik, neke da. Lurrik ez da atxemaiten. Itsasun hasteko ez da ikusten nun libratuko den. Presionea bada, ikusten delarik Itsasuko plazan 5 hektara hola joaiten eraikuntzarat... Emeki emeki dena mugatuko da. Hor 600 jenderen etxebizitzak izanen direla erraiten da. Jendeak hor izanen direlarik, oraino kanbiatuko da, ez baitute laborantxa soportatuko.

Auzo huntan, laborantxa bizi dela iduri du halare...

Auzo huntan bai, dena patarra baita eta ez da deus lurrik eraikitzeko. Bainan dena harri da eta ez da sekula kulturarik izanen. Ez da hedatzerik izaiten ahalko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


2024-03-11 | ARGIA
“Talka-neurriak” adostu ditu Eusko Jaurlaritzak nekazaritza sindikatuekin

Eusko Jaurlaritzak, sindikatuekin egindako bileran, hamar konpromiso hartu ditu. Bilera ontzat eman badute ere, hauteskundeak egitear direnez, denborarik eza azpimarratu dute sindikatuek. ENBAk adierazi du denbora gutxi dutela neurriak gauzatzeko, eta UAGAk nabarmendu du... [+]


Eguneraketa berriak daude