Espainiako Gobernuak onartutako murrizketen harira, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek adierazi dute neurri horien aurka daudela, eta krisiari aurre egiteko erakundeen arteko ituna beharrezkoa dela esan dute. Aldiz, Arabako diputazioak azaldu du murrizketak onartuko dituela, "beharrezkoak" direlako. Bestalde, atzo emandako prentsaurrekoan, Patxi Lopez EAEko lehendakariak adierazi zuen Jaurlaritza ere murrizketen aurka dagoela. Nafarroan, Bilduko bozeramaile Maiorga Ramirezek "desagerturik" egotea leporatu dio Yolanda Barcina presidenteari.
Jose Luis Bilbao eta Martin Garitano Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusien hitzetan murrizketak "bidegabeak" dira. "Espainiako Gobernuak etorri beharko du neurriok azaldu eta inposatzera; ahal dugun guztia egingo dugu ezar ez ditzan", esan du Bilbaok. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, aldiz, adierazi du Espainiako Gobernuaren murrizketei "leialtasunez" erantzungo dietela, eta "mirarizko erremediorik" ez dagoela gaineratu du.
Bestalde, Bilduko bozeramaila Maiorga Ramirezek "lotsagarritzat" jo du murrizketen aurrean Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak batzorde edo osoko bilkurarik deitu ez izana. "UPN Madrilgo ultra-eskuinaren estrategiari loturik dago", adierazi du.
Patxi Lopez: "Jaurlaritzak ez du murrizketarik egingo hezkuntzan eta osasunean"
Patxi Lopez EAEko lehendakariak atzo adierazi zuen Jaurlaritzaren eskumenak urratzen dituzten neurri guztiei helegiteak jarriko dizkietela. "Jaurlaritzak hezkuntzan, osasunean eta gehien behar dutenen laguntzetan ez du murrizketarik egingo", gaineratu zuen: "Horiek izango dira Jaurlaritzaren marra gorriak". Aldiz, funtzionarioentzako murrizketak "ezarri beharko" dituztela esan du, baita Espainiak "behartutako neurriak" aplikatuko dituztela ere.
Krisiari aurre egiteko neurriei dagokienez, autogobernua babestea, zerbitzu publikoak bermatzea, ekonomia berpiztea eta itun fiskala lortzea proposatu ditu Lopezek, baita aberastasun handien gaineko zerga sortzea ere.
EAEko lehendakariaren hitzetan, Espainiako Gobernuak onartutako neurriak "infernurako bidaia" dira, eta "gogoeta" egiteko eskatu dio Mariano Rajoy presidenteari: "Ezin dira murrizketak jarri, autonomia erkidegoen eskumenak urratuta".
Albistea ETBn:

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.