Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak adierazi du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak atzera botako duela seguruenik Espainiako Gobernuak "Parot doktrina" delakoa mantentzeko jarri duen helegitea. Estrasburgoko Auzitegiak joan den ekainean adierazi zuen presoen zigorrak luzatzeko balio duen doktrina horrek Europako Giza Eskubideen Hitzarmena urratzen duela.
Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan eman du iritzi hori Ibarrak. Bere esantean, "estatistikak" erakusten du Rajoyren exekutiboak jarritakoa bezalako helegiteak atzera botatzen dituela Estrasburgok.
Iosu Uribetxebarria presoaren kasuaz ere hitz egin du Ibarrak. Preso guztiei "gizatasun printzipioa" dagokiela esan du. "Pertsona batek gaixotasun sendaezina daukanean eskubidea du heriotza duina edukitzeko, bere ekintzak zeinahi izan direla ere. Baina adi, pertsona hori ez da aske egongo, baldintzapeko askatasunean baizik. Hau da, kondenatuta dagoen norbait izaten jarraituko du eta baldintza zorrotzak izango ditu".
Elkarrizketa berean, Ibarrak baieztatu du justizia ez dela "garai berrietara" egokituko, ETAk iazko urrian egindako iragarpenaren ondoren sortu den egoerari erreferentzia eginez. EAEko Auzitegi Nagusiko presidentearen esanetan, euskal presoen aldeko manifestazioen gaineko debekuak ez dira aldatuko, legea aldatu ez denez.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.