PAC diru partekatze itsusiaren sustengu ixilak

  • Aski harrigarriak ziren azken aste hauk PAC [Europako Nekazaritza Politika Bateratua, frantsesezko eta gaztelerazko sigletan] dozierra hurbildik segitu ahal izan dugunentzat. Eta beste behin frogatzen ari dugu laborantza ministroa FNSEAko [Frantziako laborarien sindikatu nagusia] buruzagien esku dela.


2013ko urriaren 04an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
"Zoritxarrez, ilusitu gaituzte mendiko laguntzen baitezpadako emendatzearekin".

Uda hastapenean eman zauzkigun ministroak bere xedeak PAC berriaren dirulaguntzak partekatzeko.

Europak behartzen du hektara guziei ematen den laguntza balio bakar batetik hurbiltzea ondoko urteetan, gutienez %60az. Frantziak lau proposamen agertu ditu, beharrezko neurri hortarik, hektara guziak ber moldean laguntzeraino. Xedea zen hemen [abere] hazkuntzari laguntza ekartzea, bederen eremu zabalak dauzkan lurraldetan.

Aldi berean, laborantzako ministroak proposatu du etxalde bakotxeko lehen 52 hektareen doblezka laguntzea, eta GAECentzat [GAEC, Groupement Agricole d'Exploitation en Commun, zenbait laborari txikiz osatutako etxaldeak], laguntza hori emendatzea GAECak zaukan kide bezainbat aldiz, eremuak izanez geroz. Xedea zen aldiz hemen laborantzako enpleguaren laguntzea. Eta badakigu ofizialki Frantziako laborantzak eremuak handiago eta enplegu gutiago baliatzen duela.

Confédération Paysanne [ELB barne da] sindikatak goretsi du hektara guzien berdin laguntzea, gutieneko xuxentasuna baita. Nahiz badakigun laguntzak hektaraka emanen direno, eremu zabalek irentsiko duten diru zama handiena. Gure sindikatak onartu du lehen 52 ektaren laguntza doblezka ematea. Nahiz aspaldi diogun enplegua egiazki laguntzekotz, laguntzak laborari arau behar litezkeela ordaindu. Eta bitartean jakinerazi dugu ere askoz gehiago lagunt zitezkeela etxalde bakotxeko lehen 25 hektarak, eta geroago eta gutiago handik haratekoak.

Laborantzako ministroak eta Frantziako presidentak dute hautatuko eta agertuko nola partekatuko dituzten PAC laguntzak 2014-2020 artekoak. Urri hastapeneko trenkatuko dute auzia. Eta lerro hauk idaztean ez dakigu arras zertarat deliberatuko diren.

Badakigu azken egun hauetan sekulako indarra egiten ari dutela FNSEAko buruzagiek deusik ez dadin alda PAC diruketaren partekatze legetan : Europak behartzen duen neurrian atxik hektara bakotxaren balioa, beraz ainitz hunkitzen zutenek segi ainitz irabazten. Eta lehen 52 hektaren doblezka aguntzeari uko egin, ekilibra galduko omen bailuke laborantzaren ekonomiak. Eta GAECak laguntzekotan, lagunt baitaere beste moldetako sozietate guziak, hainbeste diru legarretarik eta axurantzetarik ihes egiteko elkarte bide direnak.

Euskaldun, biarnes ala edozoin menditako laborari direnei sinets arazi daukute mendiko lurren laguntzea ICHN  [Indemnités Compensatoires de Handicaps Naturels, Naturak ezarritakok Eragozpenak Berdintzeko Kalte-ordainak] bidez sekulako garaipena zela. Bistan da ICHN eskuratzen duten 85.000 laborariek begi onez hartzen dutela denek eskatzen dugun neurri hunen onespena.

Zoritxarrez, ilusitu gaituzte mendiko laguntzen baitezpadako emendatzearekin. Mendialdetako laborantzaren ordezkariek denek beharko zuketen eskatu behi haragiko eta ardien primen goratzea, eta beharko zuketen ozen jakinerazi hektara guziak balio berean nahi ginituela, lehen hektarak hobeki ordainduak nahi ginituela....xuxen den bezala.

Gure eskualdetako FDSEA ordezkariak guti entzun badira xuxentasunaren alde, amor eman badute FNSEAko buruzagi nagusien larderiari, azken hauek indar guziak egiten ari dituzte ministroak gibel igor ditzan bere xedeak: 6 miliar euro partekatuko dituzte 190 000 etxaldek, eta miliar bat doi doia geldituko da 50 hektaraz azpitik duten 160.000 etxaldentzat.  Zenbakiak berak mintzo dira.

Sekulako diru zamak partikatzen dira eremu zabal eta ongi bizi diren laborantza modu batzuen artean. Ez ditaike zintzoki nehor izan gure eskualdetako laborantzaren defendiatzaile, eta PAC diru partekatze itsusi horren sustengu ixil!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2024-04-11 | Estitxu Eizagirre
Otxantegi Herri Lurraren II. urteurren jaia
"Otxantegiko lur emankorrak ezin dira porlan azpian geratu, arnasgunea izan behar dute"

Apirilaren 13an egitarau indartsua prestatu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektuaren II. urteurrena ospatzeko. Apirilaren 18an, aldiz, bigarren desalojo saiakeraren mehatxua izango dute gainean eta herritarrei dei egin diete proiektua defendatzera joateko. Kideetako... [+]


2024-03-18 | Garazi Zabaleta
Nekazariak eskolan
Eskola ezin bada baserrira igo, baserria jaitsiko da ikastetxera...

Hamar urte baino gehiago daramatza martxan Arabako Nekazariak Eskolan proiektuak, Hazi fundazioak zenbait ekoizlerekin elkarlanean bultzatzen duena. Haur eta gaztetxoak nekazal mundutik geroz eta deskonektatuago bizi diren garaiotan, inoiz baino beharrezkoagoa da elkar... [+]


Nafarroako nekazaritza-ekoizpen ekologikoak lurren %25 kudeatu nahiko lituzke 2030ean

Nafarroako sektore ekologikoa egonkor mantendu da azken urtean eta nekazaritza ekoizpena %5 handitu da. Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak erronka du 2030. urterako: lurren %25 ekologikoa izatea. "Bide horretan ari gara lanean, ahalik eta nekazari eta... [+]


Semilla y Belarra elkartea sortu dute Nafarroako O6 nekazarien mugimendutik

Aste honetan sortu da elkartea eta datorren astelehenean, hilaren 18an, laborarien sindikatuek Jose Mari Aierdi kontseilariarekin izango duten bileran egongo da.


2024-03-14 | Leire Artola Arin
EAEko nekazaritza lurren %5ak soilik dauka ziurtagiri ekologikoa

Gorantz egiten ari da nekazaritza ekologikoko eredua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Ekolurra Kontseiluak baieztatu duenez, baina Europako Itun Berdeak 2030erako helburutzat duen %25etik urrun dago oraindik.


Eguneraketa berriak daude