Kontuz! elkarteak Nafarroako Aurrezki Kutxan izandako iruzur kasu baten berri eman du. Jesús Pejenaute kontseilariak gutxienez astebetean 180.000 euro zuritu zituen 2007an, CANeko zuzendariorde zenean; 500 euroko billeteak aldatzeko baimena eman zuen Pejenautek Kontuz!-en esanetan. Foru Parlamentuan izan den eztabaida nagusiaren plenoan gaia bolo-bolo ibili da; Jesús Pejenaute ez da hemizikloan azaldu eta Diario de Navarra egunkariak zabaldu duenez Kontuz!-en kontra salaketa jarri du epaitegian.
Eztabaida nagusiaren plenoa atzo hasi zen Yolanda Barcinaren hitzaldi luzearekin, eta oposizioaren kritika gogorra jaso zuen UPNren Gobernuak. “Bi ordu eta erdiz hitz egiten egon da ezer ere ez esateko. Hau inbestidura hitzaldia izan balitz, Yolanda Barcina ez litzateke presidente aukeratua izango”. Halako hitz zorrotzak erabili zituen I-E alderdiko Jose Miguel Nuinek hitzaldia baloratzerakoan. Ez zen bakarra izan. Oposizio guztia oldartu zitzaion presidenteari: Roberto Jimenezek (PSN) “errealitatetik kanpo” aritzea egotzi zion, Patxi Zabaletak (NaBai) “kalitaterik gabeko hitzaldia” izatea, Maiorga Ramirezek “irainak erabiltzea” eta Enrique Martinek (PP) “autokonplazentzian” erortzea.
Yolanda Barcinak diskurtsoan adierazi zuen 2013ak ez duela “poz askotxo” ekarriko eta erabaki gogorrak hartzen segituko dutela krisiaren ondorioz. UPNko mandatariak BPGak 2013an %1,5eko jaitsiera izango duela ohartarazi du eta erreforma fiskala proposatu du diru gehiago biltzeko, baina “zergarik igo gabe”. 2013ko aurrekontuak “bereziak” izango direla aurreikusi du Barcinak eta esan du administrazioaren egitura murriztu beharko dutela.
2011n izendatu zuten Barcina Nafarroako presidente eta atzokoa izan da Nafarroako Erkidegoaren egoeraz bere lehen eztabaida Foru Parlamentuan. PSNk duela hilabete batzuk hautsi zuen UPNrekin zuen gobernu akordioa eta ondorioz Barcinaren exekutiboa gutxiengoan da. Atzoko eztabaidan PSNren eta UPNren arteko erlazio gorabeheratsua ere islatu zen. Aitzitik, Barcinak erabat baztertu zuen hauteskundeak aurreratzea. Oposizioko parlamentarien hitzetan “ilusio falta” nabari zaio apenas urtebete duen Gobernuari.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.