Oporretako ikasgaia
Aitor Zabaleta, kazetaria| 2010-07-31

handitu txikitu
Aitor Zabaleta
Aitor Zabaleta

Noiz esnatu beharrak ez zion lasai lo egiten utzi. Iratzargailuak jo baino ordubete lehenago jaiki zen, di-da batean prestatu, motxilari azken ukituak eman eta ostatutik atera zen. Bost egun egin zituen Costa Ricako herri txiki hartan, eta lekuz aldatzeko gogoa zuen.

Autobus bakarra zegoen aukeratutako norabidean, goizeko zazpietan. Denboraz joateko gomendatu zioten, badaezpada ere. Egurrezko banku luzeska bat besterik ez zen geltokia, erdi apurtutako aterpe txiki batean, herriko azken etxeetatik berrehun bat metrora. Goizeko sei t’erdietarako hantxe zegoen bidaiaria, errepide bazterrean eserita, eguzkia mendi artetik nola ateratzen zen ikusten, itzaletan ezkutatutako fantasma baten moduan.

Trafiko gutxi zebilen, auto edo furgonetaren bat tarteka, bizikleta bat orain, moto zaratatsuren bat gero. Autobusik ez, ordea. Goiza modu horretan galtzeak amorrazio handia eman zion. Egonezina gutxi ez, eta eguerditik aurrera eguzkia tonaka erortzen zela iruditu zitzaion.

Izan zuen lagunik geltokian: hiriburura zihoan irakaslea, kamioi baten zain egon zen nekazaria, saltzaile bat merkatura bidean... Leku gutxitan Costa Ricakoa bezain jende abegitsua. Ez zuen desatsegina izan nahi albokoekin, baina kosta egin zitzaion disimulatzea, ahalik eta azkarren alde egin nahi zuen bide bazter madarikatu hartatik, eta kito.

Arratsaldeko bostetan herrira bueltatzea erabaki zuen. Motxila bizkarrean hartu eta burumakur egin zuen ostaturako bidea.

Gerora, errepide ertzean sosegatu ezinik eta umore txarrez pasatako eguna gailentzen da bidaiariaren oroitzapenetan. Huraxe da Costa Ricako gogorapenik indartsuena, hartaz pentsatzean sentitzen du bidaiari izatearen zirrara sakona. Egun hartan ez zuen sumendi edo hondartza zoragarririk ikusi, baina orduan sumatu zuen jendea hurbilen, orduko aurpegiak eta elkarrizketak gogoratzen ditu gehien. Eta horrela, egonean, ustez alferrikakoak izan ziren ordu luzeetan ezagutu zuen ondoen Costa Rica, hilabetean hara eta hona gelditu gabe ibiltzen baino gehiago, seguruenik. Orduan ikasi zuen mundua ikusteko modurik onena horixe dela askotan: jarri eta ikusi, besterik gabe.

John Lennonek zioen bezala, beste gauza batez pentsatzen gaudela gertatzen dena da bizitza. Momentuan ohartu ez bazen ere, errepide bazter triste hartan ikasgai aberasgarria hartu zuen bidaiariak. Eta konturatu zen horrelakoak egunero gertatzen direla.

Twitter  Delicious  Digg

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Zure izena*
Zure e-posta*
Lagunaren izena*
Lagunaren e-posta*
   

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
Izena*
E-posta*
Beste norbaitek idazten badu abisua ematea nahi duzu?
Idatzi segurtasun kodea:
 

Publizitatea

Jarraitu ARGIA
       
FacebookFacebook TwitterTwitter
   
RSSRSS-a BuletinaBuletina
   
Argia.com

© 2008 ARGIA.com - Komunikazio Biziagoa
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak

Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Foru Aldundia