Oliver Stone (New York, AEB, 1946) zine zuzendariak Donostiako Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du, bere karrera osoagatik. Horrez gain, egin duen azken filma eskainiko dute Zinemaldian: Savages. Irailaren 23an estreinatuko da eta zuzendariarekin batera, John Travolta eta Benicio del Toro aktoreak ere izango dira. Ewan McGregor (Perth, Eskozia, 1971) aktore ezagunak ere jasoko du Donostia Saria, 60. edizio honetan. Juan Antonio Bayona zuzendariaren aginduetara aritu da bere azken filmean, eta hau ere Zinemaldian izango da ikusgai, irailaren 27an: The Impossible.
Don Winslow idazlearen izen bereko best-sellerrean oinarritutako thrillerra da Savages. Inoiz lortu den marihuana onena lortu eta saltzea helburu duen negozioa jarriko dute martxan bi protagonistek. Bizitza idilikoa eramango dute, Kalifornia Behereko kartel mexikarra iritsi eta negozioa beraiekin partekatzeko eskatzen dieten arte. Agenteak tarteko, gero eta basatiago bilakatuko dira azpijokoak, eta korapilo horretan guztian, asko dute galtzeko alderdi guztiek. Aktore ezagunek hartu dute parte pelikulan: besteak beste, John Travolta, Benicio del Toro, Taylor Kitsch, Blake Lively, Salma Hayek, Emile Hirsh, Aaron Taylor Johnson eta Demian Bichir aktoreek.
Donostiako Victoria Eugenia antzokian izango da Savages pelikularen estreinaldia. Hona hemen filmaren trailerra:
Oliver Stone zinegile ezaguna gidoilari hasi zen zinema munduan. Zuzendari gisa egin zuen lehenengo lana The Hand (1981) izan zen, eta Platoon (1986) filmean Vietnamgo gerrari buruz lortutako erretratu latzak ekarri zion ospea. Zuzendari onenaren eta film onenaren Oscar sariak eman zizkioten.
Arrakastatsu jarraitu zuen, Wall Street (1987) lanarekin. Oraingoan, negozio handi eta ilunen munduari heldu zion, ikuspegi garratza eskainiz.
Horiez gain, ugari dira Oliver Stonek orain arte egindako lan on eta ezagunak. Hala nola, Born on the Fourth of July (Uztailaren 4an jaioa, 1989), JFK (1991), Nixon (1995), Natural Born Killers (Hiltzaile jaioak, 1994), Any Given Sunday (Edozein igandetan, 1999), edo Looking for Fidel (2004). Azken dokumental hori, Fidel Castro presidente kubatarrarekin izandako 30 orduko hitz aspertutik sortua, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen.
Ewan McGregor ere Donostian
Ewan McGregor aktore eskoziarraren karrera omendu nahi du baita ere aurtengo Zinemaldiak. Irvine Welsh zuzendariaren Trainspotting (1996) film britainiarrarekin iritsi zitzaion ospea aktoreari, Mark Renton heroinazalearen rolean.
Ordutik, makina bat filmetan hartu du parte. Besteak beste, Star Wars sagako lan batzuetan eta Moulin Rouge (2001), The Ghost Writer (2010), Deception (2008), Cassandra's Dream (2007), Big Fish (2003), Black Hawk Down (2001) eta Velvet Goldmine (1998) lanetan.
Zinemaldian emango duten pelikulan, The Impossible, Naomi Watts aktorearekin partekatuko du protagonismoa. 2004ko tsunamian bizitako esperientzia izugarria kontatzen du filmak, eta ondorengo egunetan hondamendiaren erdian bizirauteko borroka.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.