Kataluniako presidenteak eta Espainiakoak gaur egingo duten bileraren aitzinean, titularrekoak dirudi egiteko geratzen den galdera bakarra. Bileraren aurretik Mas eta Rajoy konbatea berotu nahian dabiltzan boxeolarien gisa aritu dira: Kataluniako ogasunaren “enbrioia” aurkeztu du batak; besteak adierazi du independentismoari aurre egingo diola Konstituzioarekin.
Adierazpen publikoetan botatako desafioak gorabehera, modu pribatuan ere bi gobernuen ordezkariek asko hitz egin dute aste honetan, baina ez dirudi akordiorako tarterik dagoenik. Desadostasunaren eszenifikazioa iragarrita dago: Masek, bileraren balorazioa Moncloa jauregian egin ordez, Generalitateak Madrilen daukan delegazioan egingo du. Keinu bat, baliteke, baina esanguratsua.
CiUren gobernua asebeteko lukeen itun fiskala ez da sartzen Espainiako Gobernuaren planetan. Hala ere, Rajoyk ez dio atea muturrean itxi nahi Masi eta baliteke Kataluniaren finantzazioa hobetzeko formularen bat eskaintzea, 2013. urtean gauzatuko litzatekeena.
Kontua da, Masek ezin duela horrelako formularik ere onartu, garondoan baitauka irailaren 11ko manifestazio independentistan parte hartu zuten herritarren hatsa. Beraz, geroz eta argiago ikusten da hauteskundeak aurreratuko dituela. Boto-emaile subiranisten parte handi bat bereganatuko luke CiUk hori egingo balu, ERC eta PSCren aldean daukan abantaila posizioa baliatuz.
Ondoren nondik jo, hori beste errota bateko ura da.
Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.